literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Jose Ignazio Gerriko eta bere saiakera

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-7-3

 

        Ez du honek esan nahi Gerrikoren lanak ez duela interesik sortu, eta arras ona da, orohar, idazle honen gainean nagusitu izan den juzkua. Alabaina, urtetan argitara izan gabe bere lan ia bakarra arrazoi guztiak direla eta, egun ere, arras eskuragaitza zaigu, ezpada liburutegi zenbaitetan, 1858.eko edizioa dagoen bakarra baita, eta kritiko guztiak ados diratekeen arren, oraino ez du klasikoen argitalpen berrietan tokirik egin.

        Gerriko berari buruzko ikerketa saiorik ere berandu etorri zaigu, eta hobegarria delakoan gaude. Alabaina, eskergaiztokoak ginateke lan honek uxatu dituen ezjakintasunak onartuko ez bagenitu. Jose Ignazioren izena daraman sariketa berean irabazle, Pello Joxe Aranbururen taldeak beste sariketa-lan baten ardatza izan du Gerriko, eta horri zor behar zaio segurarraren gaineko argi-ilunak gutxiz gehien garbitzea.

        Jose Ignazio Gerriko Enatarriaga Seguran jaio zen 1740.eko urtarrilaren 4an, nahiz bizitza gehiena amaren herrian eman, Mutiloan alegia. Gazte zela, 13-14 urterekin gutxi-goiti-beheiti, Madrilera joan zen amaren aldetiko osaba batengana, Jose Enatarriagarengana, hots, zeina, mailegu etxeko nagusia izateaz gain, Oñatiko kontearen artxibazaina baitzen. Osabaren bitartez hainbat jauntxo eta handiki ezagututa, azkenez Ataungoa zen Felipe Altolagirre Zufiriak, Donejakueko ordenaren zaldunak eta Indietako kontseilu gorenaren kontatzaileak, bere gain hartu zuen bulegari. Orduan izan zen teologiari ekin zionean, San Isidroko ikastetxean. 1762.ean Mutiloko benefiziadua zen Juan Telleria hil ostean, hartan sartzeko eskaera egin zuen, ber urtean lehenbiziko tonsura Miranda Argaizengandik jasorik, haatik apezteari oraino ez zion heldu, eta 1764.ean eginen zuen, Mutiloko benefiziadutza jasotzearekin batera.

        Asko idatzi bazuen ere, lan bakarreko egilea izan zela esan liteke lasai aski, Cristau doctriña guztiaren esplicacioaren sayaquera euscarazco platica edo doctriñetan partiturik. Ezagun da honakoa ez zela bizi zeno argitara eman —1824.eko otsailaren 23an zendu zen—, eliz zentsurak gainditu zituenean, dirua arazoa izan baitzuen, eta geroago ere, Gaztelako kontseiluak beharreko baimenak emateko lan osoa itzultzea eskatu baitzion, bestalde, gure txoko honetan aspaldian jada ekarria dugun zioa, eta horregatik ere, erepikatuko ez duguna.

        1847-1849 urte bitartean Gipuzkoako apez batzarreak argitarabako zenbait euskal eliz-lan ateratzeko erabakia hartu zuen. Asteasuko Agirreren lanekin batera, baita Gerrikorena eta Felipe Agustin Otaegiren predikuak zeuden. Alabaina, eta Iruñeko apezpikuaren baimena jasorik ere, ezin izan zen Gerrikoren lana, ez eta Otaegirena ere, Agirrerenarekin atera diru faltaz. Itxaron beharko da, beraz, 1858.era arte, noiz emakume batek utzitako diruari esker, Gerrikoren liburua estrainekoz atera baitzen.

        Gerrikoren liburua kristau ikasbidearen azalpen luzea da, jaiegunetako mezetako sermoietan emana, apaizek pulpitotik irakurriz eliztarrei azaltzeko eran. Bi alekiak dira, eta osotara 114 dotriña edo sermoi dira jasotzen direnak, hogei minutu inguruan esatekoak, eta guztietan galdera-erantzuna erabide zaharraren bitartez emanda, eta nahiz erantzunak neurrigabekoak iduri, ez du galtzen honen funtsa zuzendua, bada, Euskal Herrietan nahiz Gaztela zaharrean erabiltzen zen Asteterenean oinarria baitzuen. Lehenbiziko liburukian 53 prediku daude, dogma eta fedeko egiak nahiz otoitza gai nagusiak dituzten bi zatitan, eta hauen aurretik, Gerrikori buruzko sarreratxo laburra eta Gerrikok berak ondu erdal sarrera daude. Bigarren liburukian 61 sermoi daude, eta morala nahiz sakramentuak izkiriagai duten beste bi zatitan ere badaude.

        Ez zen orain arte aipatu Gerriko izen horretako euskal idazle bakarra. XIX. mendean Jose Ignazio Gerriko Urkiola josulaguna izan genuen. Zeraingo aizpea auzoan 1806.ean sorturik, Oñati eta Iruñean irakasle eta Madrilen nahiz Belgikan nobizio maisu ihardun ostean, Filipinetara joan zen misiolari, eta Manilan zendu zitzaigun 1883.ean. Jesu-Cristok gurutzean esan zituen azkeneko zazpi-itzak idatzi zituen Euskal Erria aldizkarian agertu zirenak.

 

Bilaketa