literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Ezezagun baten gogorarazten: Ligiko Martin Maister

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-6-26

 

        «Içanen da duda gabe çoumbait erraile, uscararen iracourteco usantcha gabiac gaitç, phenous, eta goço gabe gherta eraciren diala eguin bide horren complitcia, hori hala içanic ere haxarrian, gueroualat bethi hertuç jouanen dira, ihour costumatcen den beçala, eta emeki emeki beste lengouagen iracourtia ikhasten den beçala hounena ere ikhassiren da».

        Esan ezin bada ere Martin Maister oharkabean igaro den egile horietako bat izan denik, euskal literatura jasotzen duten esku-liburu guzti-guztietan aipatzen baita, aipuaren urri lakarrak sumintzekoa zaigu erabat, areago Maisterren dohaiak izkiriagintzan goraipatzekoa ohi diren neurrian, izan ere, gorespen hitzekin berekin finitzen baitira komunzki Maisterren gaineko berri zeken eskastuak, eta hasiera batean bezala, geure buruari berriz ere galdetu behar diogu, zalantzakor, eia nor demontre ote zen Martin Maister zoritxarreko hura. Villasanterenean, geure gaiari buruzko esku-liburuetan guztietan horailen dena dudik gabe, ez zaigu ezer berezirik aipatzen, ezpada Intxauspek egile hau idoro zuenetik behin eta berriz errepikatu izan dena baizik.

        Eliz idazgintzan bederen, nahiz egun nahikoa atzendurik daukagun, arras sonatua izan den Kempisen liburua zubererara bihurtu zuen lehenbiziko itzultzailea genuke Martin Maister. Eta ez beza inork ere pentsa, eliz gizon batentzako honakoa ohore txikerra zatekeela, bada, Kristoren imitazionea, edo Contemptus mundi bezala ere ezagutzen den honakoa, munduan eta historia osoan zehar ia seguru gehien itzuli nahiz editatu izan den liburuetakoa baitugu. XV. mendean agertzen hasia, ezagutzen den alerik zaharrena 1441.ekoa da. Liburuaren egiletasunari buruz bereziki nagusitu izan diren teoriak bi izan diren arren, Kempisko Tomas Hemerkenen aitatasuna defenditzen duena da orohar gailendu dena, idazkia Joan Gersoni zor ziona abantxu bazterturik geratu delarik. Euskaraz itzuli zuen lehenbizikoa Pouvreau izan zen, alabaina, eta ezagun denez, argitara eman zuen lehenengoa Ziburuko apeza zen Aranbillaga aheztarra izan genuen 1684.ean. Geroantzean ere Donibane Lohitzuneko apez Mixel Xurio azkaindarrak agertarazi zuen 1720.ean.

        Maizterrenak pairatu dituen edizioei dagokienez, bi dira aipatu behar direnak. Estrainekoa, Jesu-Kristen imitacionia Ãuberouaco uscarala herri beraurtaco apheç bateç, bere jaun apheçcupiaren baimentouareki utçulia, Pabeko G. Dugue eta J. Desbaratz beithan muldezko leteretan ezarria, 1757.ean ageri zen. Bigarrena, berriz, Oloroen atera zen, P.A. Viventenean 1838.ean, jatorrizkoaren kopia peto-petoa izan zelarik. Haatik, 1883.ean Intxauspek berak argitara eman zuen bere Kempisaren aldaerak Maisterrenean zuen oinarri eta funtsa. Geroantzean erabat ixilean joan da, eta desiragarria zitekeen edizio kritikoak egiteke darrai, antza, hagitz gutxiren aztoramendurako dena. Eskuragarriagoa, eta ez gehixegi ere, bietan agertu izan den puxka bera genuke, Lafitteren Eskualdunen loretegia-n zein Gure Herria aldizkarian ateratako irakurleari sarrera, hots. Lafittek egile ezin interesgarriagoa zeritzon Maisterri: «Ziberotar gaztek on lukete hari jarraikitzea. Tartas baino aiphagarriago zaiku, bai gochoz, bai jakitatez, bai hizkuntzaz. Vinsonek haren latin gurbila goretsi baitu, guk haren eskuara maiteago». Eta halaxe da, bada, Vinson zorrotzak ez zuen Maisterren trebezia onartzeko eragozpenik izan: «Le latin de sa dÚdicace est superieur au latin ordinaire des hommes d'Église».

        Itzulpenaz denez bezanbatean, gutxi da Maisterrek bere uztatik eskeini ziguna, ez baziren Oloroeko apezpikua zen Frantzisko Revoli eginiko eskeintza elebiduna —euskaraz eta latinez esan bezala—, eta irakurtzailearentzat atondu atarikoa: «Haur duçula, ene iracourçale maitia, çouregatic çoure lengouagiala utçuli içan den librubat, çougn mundu ororen erranalia, escriptura sainta berheçten delaric, beita, bere salbamentia eguin nahi dianaren, içaten ahal den libruric hobena, eta baliousena; hartacoç ere eçtuçu heltu-bada batere haboro lengouagetara utçuli içan denic, arraçou horrec berac saldouatan desira eraci deyo lan hounen eguiliari, bere herritar gachouer sortzepenenesco lengouagia baicic eçtakianer sokhorri berauren emaitia, ousteç Jincouaren bide hersian ebiltia, bere buriaren aphal etchekitia, mundiari guerla thai gabeçco-baten eguitia, eta zelialaco imbeya saintubaren ukheitia, libru hounen medioç eçagut eraciric, bere salbamentiaren eguitera erakharriren çutian: bena bere flakheciaç loxaturic egon içan da thempora luçaç benturatu gabe bere desircuntiaren complitcera».

        Aipatu bi zati hauen artean, bereizle, 1756.eko baranthailaren lauan datatu jaun bicari generalaren aprobacionia, Mauleko erretorea zen Jauregizaharren onarpena alegia: «Libru hori atencionereki iracourturen dianac ikhassiren diçu bere buriaren ounxa eçagutcen, mundu falsu eta erhouaren mesperetchatcen eta bihotça celialat altchatcen dialaric çoung diren moyan segurac hara heltceco».

 

Bilaketa