Ixileko olerkari arabar bat gurean: Gamiz Sabandokoaz
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1998-6-5
Euskalgintzan apalena dela onartzeak ez darama, zergatik ere, gogo gaiztorik berekin. Ontsa baitakigu Ebrotik hurbilean gabiltzanok. Ukatzea ere, ments litzateke, eta desirak desio, non eta nola gauden jakinik, malabarismo frakasak okupentzako uztea hobetsirik gaude. Eta apaltasunean duin, ezin egokiago deritzogu arabarrek berrikian plazaratu ihardespen editoriala, alde askotarik kritikagarria baden ere. Euskara aiher guztien itu dutenek, abantzu poztekoa dukete liburuaren salneurria, nehor gutxik eros dezala nekez eroan dezakeena, estrategia okerra bestalde, ahalik eta eskuragarrien beharko litzatekenean. Beste maila batean, arriskutsuegi otu zaigu jadanik argitara izan diren testuen berragerpen itsua, batzuk atzo goizekoak ere, nahiz filologari berrientzako bereziki, ezin eskergarriagoa izan Landuccioren hiztegia horren eskuragarri eukitzea, esate baterako. Haatik, horrek ere, erosleen multzoa lar urri dezakeelakoan bagaude. Edozein modutan, arabarrak ez garenontzako esku-liburu baliotsua Knörr-Zuazo bikoteak apailaturiko honakoxea.
Sarrera izan dutenen artean, bigarren mailako egile bat, Gamiz josulaguna, Nafarkaria eskuragarri dugunontzat arras interesekoa bederik ere. 1696.eko apirilaren 8an Sabandon sorturik, Juan Bautista Gamiz Ruiz-Oteo josulaguna sartu zitzaigun Camposko Villagarcían 1716.erako. Gaztelako hainbat tokitatik iragan ostean, 1730. urte inguruan Iruñerarazi zuten, eta hantxe iraun zuen etxeko ekonomilari Karlos III.ak xedatu kanporaketak Boloniara eraman arte, non Casa-Lequion 1773.eko apirilean hil baitzen. Ez zen apeztu Sabandokoa, hortaz, ezinezkoa zuen idazgintzan ihardun, horregatik bada, isilean burutu zuen bere lana, eta isilean labandu zaigu ia bi mendetan. Bulta honetan ere, Jose Ignazio Aranak eskuizkribua topaturik, Calatayud-eko José Butrón Mujika bati egotzi zion lana, eta 1923.era arte bederen, ez zen Gamizena publikoa egin, Joakin Azpiazuk Donezteben burutu bigarren euskalegunetako hitzaldietan Sabandokoaren «Dabilcenchoac» olerkia aurkeztu zuenean.
Guztiarekin, Gamizi buruzko berri gehienak beranduago etorri zitzaizkigun, berriz ere, josulagunen eskutik: Antonio Pérez Goiena, Ignazio Elizalde eta Ion Goikoetxea Maizarengandik batik bat. Lehenbizikoari esker «La biblioteca del antiguo colegio de jesuítas de Pamplona», La Avalancha, 1929.eko otsailaren 8ko zenbakia, jakin badakigu Gamiz irakurle amorratua zela, eta bere gelan 208 liburu gutxienez bazuela, nahiz, zehazkiegi, zeintzuk ziren jakin ez. Matematikazalea bezain literaturzalea, Mintzoakoek behiala argitara eman Pedro Agramonten Nafarroako historia bazuen. Bera izan zen bestalde, Kardaberaz zein Mendibururen lanak argitaratzeko inprimatzaileekin harremanetan arizan zena. Elizaldek, bere Navarra en las literaturas románicas klasikoan, Gamizek ondu Diario para el aposento del procurador para saber la costumbre que hay regularmente en cuanto a extraordinarias y otras cosas konsueta liburua ekarri zigun aipagai. Azturen berritegia, lekaidetxean agitu ohiz kanpoko gertakizunak, hiriko agintariengana zuzentzerako berariazko formulak, Iruñean gertaturiko hainbat pasadizo, zenbait festen deskribapena, eta abarren berri ematekoa zen: «Libro curioso, de valor histórico más que literario, por las noticias que da de diversas personas y pueblos navarros». Ion Goikoetxea izan zen Gamizen lan literarioa argitara eman ziguna ordea: Ofrecimientos varios de poesía aunque de poco numen que en diferentes ocasiones oportunas e escrito aunque algunas de ellas parece que tienen poca alma. Ia olerki gehienak erderaz tajutu zituen: Arabako, Sabandoko, Nafarroako, Iruñeko zein Garesko deskribapenak; Tafallako, Zangotzako, Garesko eta Oteizako ezizenen bildumak; baita hainbat pertsonen eta gertaeren inguruko bertsoak. Alabaina, halako batean, erderazko etorri hau etendu zuen, gertatu zitzaion batek saminki eragindurik. 1748.eko azaroan, Tafallako feriara joatekoa zela, Jesus bordatu bat ekartzeko eskatu zion Iruñeko neska maingu batek. Honek baietz, eta bat ezean bi Jesus ekarri zizkion honako bertso honekin batera: »...Y si ofrecí motolito / embiar un Jesus bonito / quiero salir de congoja / y por q usted escoja / dos Jesuses le remito». Errenak ez zuen ongi hartu hitz hauen azpiko ista, eta Gamizen kontra joaz, Gamizek izkiriatzeari betiko uztea erdietsi zuen, erderaz behintzat: «...enfadado del pesar / arrojo tintero y pluma». Harrez geroz, euskaraz baizik ez zuen idatziko, gure pozerako, nahiz arras gutxi izan largatu ziguna, 238 bertso inguru alegia, ezagun dugunaren arabera behintzat: «Erderaz eztuzu nay / ene viotza / euzqueraz copla eguiten / eztut nic lotza / ycuzco deugu / albadaygu eguin zerbait / nola beardegu. Gaizqui badoaz ere / orra euzqueraz / ifin naiz au eguiten / neure bildurraz / eguizu farre / gaizqui mintzacenbadut / lotzaric bague».