literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Euskal operaren lehen hatsarriak: Etienne Decrept Etxemaite

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-4-24 eta 1998-5-1

 

        Euskal operaren barruan lehenbiziko urratsak eman zituztenen artean, zalantzarik gabe, Etienne Decrept geneukake, nahiz, bati baino gehiagori, operagile baino, idazle soila iduri. Alabaina, operan ezin liteke musika testuaren gainetik nabarmendu, edota alderantziz ere, opera antzerki kantatua baita, hitza eta musikaren batuketa, eta uztartze hartan zetzake lan ongi eginaren funtsa. Beraz, eta hau guztiarengatik, Decrepten lana ezin hartu literariotzat soilenean, eta bere uztarkide musikalarekin batera, hau da, Charles Colinekin batera, Esteban Arteagak zeritzon arte gorenaren adierazgarri hauta zitzaigun Decrept lapurtarra geure murriztuan.

        Etienne Decrept Etxemaite Baionan sortu zen 1868.eko azaroaren lehenengo egunean. Parisko dekorazio-arteetako ikastetxean ihardun ostean, aitarekin lan egin zuen margolari Ipar Euskal Herriko eliz aunitzetan dekoratzaile lanetan, baita Bearnekoetan ere. 1912.eko irailaren 28an Donapaleun egin zen Euskaltzaleen Biltzarreko batzarrean lehendakari aukeratu zuten, eta zeregin hartan iraun zuen zortzi bat urte, harik eta 1920.eko irailaren 30ean Ustaritzen eginiko bileran arta horrezaz askatu zuten arte. Bizi Bidarten bizi zen, eta hango auzapezarekin lankidetzan, hainbat poesia-lan largatu zizkigun, esate baterako Bidarteko lamiña, 10 ahapaldiko olerkia, Baionako Foltzer baitan 1911.ean orrialde bakan batean agertua: «Gau batez hazillan / lehor bidez nindabillan...». Bidarten ere hil zitzaigun 1938.eko maiatzaren 8an, eta horren kariaz, Lafittek nekrologikoa agertarazi zuen Gure Herria-n, horrelakoetan jazo ohi denez, okerturiko guztien arteztagarri: «Était d'une rare indépendance de pensée et ses paradoxes n'étaient pas du goût de tout le monde, qu'il s'agît de politique, de littérature, ou de linguistique. De là dans certains milieux une sorte d'opposition qui en lui pardonnait pas grand'chose».

        Decrepten alor literarioak, oraino ere ezezagunak diren arren, bai olerkian, bai narratiban eta bai antzerkian kokatu beharrekoak dira. Olerkigintzan aipatua geratu da jada Bidarteko alkatearekin eginiko lana; narratiban, aldiz, 1913.eko Euskal Esnalea-n lagin ezin interesgarriagoa dugu irakurgai diogunaren bermagarri, J.B. Daranatzi eskeini «Pello» kontaera, hots: «Zaharren eredura, etzen egundaño eskualde huntan agertu Pelloren hiñeko alfer, sabelkoi eta zirzill osorik. Berrogei eta hamar urtetarat heldua zen ja, eta inhork etzion oraño eskuetan ikhusi funtsezko lanabesik. Bañan pertola, sare hertsiegidun, letoñezko herbi arte, molde guzietako segada, hitz batez, zillegi etziren tresna guziak zaizkion maita eta artagarri». Alabaina, antzerkigintzan tajutu zuen lanik gehien, edo zehazkiago esanda, Charles Colinen musikarekin mihiztaturik apailatu zituen operak ditugu Decrepten ekoizpenaren adierazgarririk nagusiena, nahiz, tamalez, eta segituan dakusakegunez, gutxiz gehienetan taularatu gabe geratu ziren.

        Ez zuen Decreptek hala edo nola izkiriatu, eta plangintza zehaztu baten barruan sortu zuen bere lana. Bere asmoa: operaren mirailan euskaldunen izaera desberdinak isladatzea horretarako berariaz ondu hirulanean, hau da, baserria, karrika eta itsasaldea, Maitena, Amatxia, eta Lehorrian operen bidez hurrenez hurren.

        Bere lehenbiziko opera izan zen Maitena 1909.eko maiatzaren bostean jokatu zen estrainekoz Bilboko Campos Eliseos zeritzan antzokian, hango Elkarte Koralaren eskutik, eta Jose Powerren nahiz Aureliano Valleren zuzendaritzapean. Uztaturiko arrakasta arras ozena izan zen, eta zetozen egunetan zazpi aldi gehiagotan bederen taularatu zen Decrepten lana, baita aldizka lantzean behin hurrengo urteetan. Geroxeago ere, Gasteiz, Donostia eta Iruñean ikuskatu ahal izan zen. Iparraldean, ordea, 1913.eko irailaren 22an estreinatu zen, Hendaian hain zuzen ere, eta turismoari begira burutu asmo zen «antzerkia kalean» kanpainari hasiera emateko; hartan, gora handiko kantariek hartu zuten parte, Louis Gallinik zuzenduriko orkestrarekin, baita Donostiako orfeoiarekin ere. 1928.ean Madrilen egin zen Melillan zauritutakoen alde, eta 1930.ean Hossegor-en eta Donibane Lohitzunen. Alabaina, jokaldi guzti hauetan, ez zitzaion Decreptek idatziari zehatz-mehatz jarraiki. Bilbon, euskerak pairatzen zuen egoeraren islada, libretoa gazteleratu zen, Alfredo Etxabek egin zuen lana, eta argitara eman zen lehenbiziko testua izan zena bestalde, Bilboko Elexpuru anaien etxean 1909. berean. Lan honen erreseña bibliografikoa egin zuen Lacombek geurzko RIEV aldizkarian: «Cet opuscule est une version libre en prose trés abrégée, faite p. M. Alfredo Echave, de cette pastorale lyrique qui a été représentée dernièrement avec un grand succés. Nous nous bornons á annoncer son apparition, car on a publié dans le méme numéro de la revue, le texte labourdin complete, qui est en grande partie inédit, de cette oeuvre littéraire», eta halaxe izan zen, bada, aldizkariaren ber zenbakian Decrepten euskal testu osoa eman baitzuten argitara, Decreptek Urkixori igorri gutun batekin, Lettre sur le théâtre basque, orobat 1911.eko Euskalerriaren Alde paperean gazteleratua ere ageri zena. Hendaian eginiko jokaldirako ere, frantses aldaera erabili zen, aurretik ere, Baionako Lamaignérerenean 1910.ean eginiko edizio elebidunean, euskaraz eta frantsesez, agertu zena. Colinen partiturek ez zuten horrenbesteko loratze editoriala, baina atera ere egin ziren, 1910.ean, Bilboko Dotesioren etxean, kanturako eta pianorako laburtuak.

        Ez zen honakoa, ordea, euskaraz eginiko lehenbiziko opera; Arana Martijaren esanetan, ohore hura Altzaga-Zapirain bikoteari zegokion Txanton Piperri lanarengatik, Donostian 1899.ean lehenengo aldiz antzeztu zena. Alabaina, euskal operari hasmenta eman zioten lehenengo lanen artean bazegoen Decreptena; Arana Martijaren aburuz, benetako euskal opera abertzaletasun berriak bultzaturik sortu zen, euskal gaiei buruz egina, euskaraz eta euskal ondare musikalaren gainean eratutako partiturekin, eta honelakoxea zatekeen Decrepten Maitena.

        Opera honen funts argumentala ez da bereziki sakona: Lapurdiko Landaburu baserrian, Piarresen alaba nagusia den Maitenak eskapi egiten du etxetik Domingo pelotariarekin Ganis aberatsarekin ez ezkontzearren, aitak nahi duen moduan. Halako batean, etxera itzultzen da, txiro eta alargun, aita urguilutsuaren bihotza minberatzea, kostata baina, lortuz, eta oraino maite duen Ganixekin ezkonduz; ekintza guztia Landaburuko baserrian garatzen da, euskaldunen etxe sakratuaren idurikazioa: «Teatriak itxuratzen dauku sorropill bat menditto baten gañian. Erdian harrizko gurutze zahar bat. Eskoñetarik, orga bide baten hastapena zoñek daramana, gurutziaren azpitik, ithurri baten alderat. Ithurria, urrunxko baita, ezta ageri. Bide hortarik hurbill, laborari etxe handi bat, haitzez inguratua. Etxe hunen gibelian, hirirat duan bidexka bat. Huntarik eta bertze biderat, teatriaren honduan, sasi-geretadun batek zabaltaqsun guzia atxikitzen du. Sasitik haratago etxe multzo bat eta arras urrun, Españiako mendiak. Exkerretarik haitz eta zurxuriak, landa baten aintziñian».

        Ez ziren gutxi, bere momentuan, lan honi buruz mintzo zirenak. Gaskuek Maitena: ensayos de crítica musical idazkia agertu zuen Donostiako Barojarenean 1909. berean, batik bat Colinen musika iruzkingarri; Colinen lehenengo lan publikoa izan zen hau, eta Gaskueren ustez, ez da italiar tankerakoa, izan ere, nahiz melodikoa izan, melodiak betegarri armonikoa garaitzen baitu, ez ditu italiar generoaren ezaugarriak; Colinen musika Lapurdiko zenbait herri kantetan oinarriturik dago, eta orduan, Donostiakoa horren goriki arrenkuratzen zuen zortzikoaren arrastorik ez da atzematen. Mujikak, 1913.eko Euskalerriaren Alde aldizkarian gainbegiratu sakon samar egin zuen Hendaian eginiko errepresentazioaren harian; honetan kexu agertzen zitzaigun Mujika Hegoaldean zein Iparraldean lana erderaz egin baitzen, benetako barne arima galtzen zelarik. Urkixori eginiko gutunean, Decreptek berak bere antzerkigintzaren nondik norakoak eman zizkion: «La fin que je m'y suis proposée étant de faire la preuve que la Théâtre Basque peut être aussi passionnat qu'un autre et que l'eskuara est assez nuancé pour peindre les multiples aspects de l'âme humaine», eta euskaraz zenez bezanbatean, Decrept aratz mintzo zitzaion: «Pour ce qui est du détail, de la facture même de ces ouvrages, la critique aura hélas! trop à y reprendre, car l'eskuara est d'un maniement horriblement difficile. J'ai essay'e d'écrire comme nous parlons, nous autres, Kostatarrak, mais si je reconnais mon infériorité philologique, je peux dire comme notre voisin Montaigne: c'est icy un livre de bonne foy».

        Aipatu hirulanaren bigarren emanaldia Amatxi izenburukoa izan zen: pastorala kantatua hitz neurthuz eta larriz egiña bi zathitan, Parisko H. Championen moldiztegian 1914.ean argitaratu zena, baita 1914-1917.eko RIEV aldizkarian. 1913.erako, bai Decreptek eta bai Colinek erabat bukaturik bazeukaten arren, eta Donostiako Orfeoiak lehenbizi, eta Bilboko Abesbatzak geroago, antzezpenen jokaldiak hagitz gertuak bazuten ere, 1936.eko gerrateak eten omen zituen asmo guzti hauek, betiko antzadenez. Gertakaria garaikidea zen, besta-berriko zortziurrenean Lapurdiko ostatu batean: «Exkerretarik, agertokiaren hastetik eta gibelerat, ostatu handi baten aintziñ-aldia; hunen luzetasun guzian kapena bat arrosaz eta mahats aihenez estalia. Etxe zolako bi salak argituak dire bi leiho zabaletarik: lehena da sukaldia, bertzia sal-erosteko, edateko, tabako eta supixtekuen tokia. Bien artean eskaatza. Hunen argamasari bizkarrez, leihotik ageri da baxerategi dirdirant bat. Lehenbiziko estajan, etxiaren luzetasun guzian bada zurezko balkoin bat zoñetarat idekitzen baitire geletako athiak. Bigarren estajan eta hegastegitik beherechago sellaruko leihua, eta hunen bi sahetsetan usotegiko zillo, hirur xokodunak. Leiho horren azpian etxiaren erakutskia: Ongi ethorri, jaterat eta edaterat izanen duzue».

        Hirulanaren azken operarekin agitutakoa gaitzagoa izan zen alta, Lehorrian, «une étude des gens de mer», aurrera jo gabe geratu baitzen, Decrepten paperen artean, eta Colinek musikarik jarri gabe.

        Hirulanaz lekot, Decreptek beste opera bat ondu zuen, azken buruan, eta Maitena-rekin batera, antzeztu bakarra. Hauxe da Semetxia, 1921.ean Donibane Lohitzunen antzeztu zena. Bi alditan argitaratu zen opera honen testua: Baionako Bulletin de la Société des Sciences, Lettres, Arts et d'Etudes Régionales aldizkariaren XLIV. zenbakian, 1923.ean, eta liburu soil gisa, Baionako Foltzerenean 1924.ean. Lan honen inguruan Laurent Apestegi «Encore Semetxia» artikulua agertu zuen Gure Herria aldizkarian, eta gauza nabaria da Decrept-en lana ez zela bere gustukoa, edo bederen, euskal lantzat ez zuela: «Nous disions que Semetchia, malgré le titre et la langue, n'est pas une pièce basque (...) Une oeuvre littéraire qui n'en tient pas compte et dont l'auteaur est d'avis qu'il n'y a que des êtres uniformes sur la terre, pourra situer son sujet en Pays basque ou en Chine, adopter une langue au choix, cette oeuvre sera philosophiquement vraie peut-être, mais en mettra pas en scène des types de telle race ou de tel pays, sauf pour le costume ou l'habitation. M. Decrept est logique en écrivant une pièce qui n'a rien de spécifiquement basque, il en l'est plus en se plaignant que nous l'ayons contaté». Lan honen ostean Decreptek lantegi batean girotutako bi ekintzetako Lili izenburuko lana eman zion Colini, baina honek, Maitena-ren jokaldi berrietan sarturik, ez zion musikarik jarri, eta ezezagun geratu zaigu Decrepten paperen artean.

        Beste lan batzuk ere geratu ziren Decrepten karpetan, Colinek musikatu gabe: Eginbidia, hiru ekintzetako lana, Urkixori igorri gutunean aipatzen zuena: «une étude de petits bourgeois, commerçants, militaires, prêtres»; hiru ekintzaduna zen Mandozaña; hiru ekintzetakoa ere zen Etxezahar; Alaba, bukatu gabeko drama ekintza batean; edota Etxeko aingerua, bi ekintzadun lana bukatu gabea.

 

Bilaketa