Mogelen aurrekoei buruz hitz labur bi: Milagroko lokia
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1998-4-17
Hiru izan dira geure euskal literaturaren historian, batzutan llabur murritza eta hutsala, besteetan aitzitik zabal ordoki eta ezagungai, lekukotasun hatzak utzi dizkiguten Mogel izeneko idazleak: Juan Antonio, Juan Jose eta Bizenta osaba-ilobak. Peru Abarka-ren egilea, Juan Antonio Mogel Urkiza (1745-1804), sortzez eibartarra, izatez markinarra baina, eta Xemeingo erretorea zena, bizkaierazko literaturaren zuztarri lehenengotakotzat jo liteke aski lasai, nahiz hasiera batean, berauk gipuzkera hobetsi zuen gutxiz gehien bere ekoizpena haizaratzeko: «Nik ikusi baneu bizkaitarretan euskerearen zaletasun kiputzetan nekusana, enintzan ain esker dongakoa izango, zein da itsiko nituan barurik neure bizkaitarrak». Mogel Elgezabal anai-arreba, Juan Jose (1781-1849) eta Bizenta (1782-1854), Deban eta Azkoitian hurrenez hurren sortu baziren ere, Juan Antonio osabak hezi zituen Markinaldean, eta bizkaieraz osotu zituzten euren eliz lanak eta alegiak. Hau guztia kontutan harturik baina, eta edozeinek aisa pentsa lezakeenari aitzi, Nafarroan du jatorria Mogel abizenak, Erribera aldeko Milagro hirian hain zuzen ere.
Idazleena baino lehen, sendagileen familia izan zen Mogeldarrena. Juan Antoniok berraitona zuen Andres Mogel Cornago milagroarra, Kalagorri aldeko Ruescan zirujau aritu zen, eta aitona zen Domingo Mogel Muñozek, Ruescako semea izan arren Milagroko auzakide izateari zaputz egin ez zionak, Agurainen ihardun zuen. Aitatxi hau izan zen Markinara joan zena, 1724. urterako gutxienez hango errejidorearena agertzen zitzaigula. Juan Antonioren aitak, Markinan jaio Juan Ignazio Mogel Pérez de Almazán zeritzanak, bere aurrekoen urratsei jarraikiz, mediku ikasketak ere egin zituen: Iratxen eta Madrilen. Lehenbiziz Zaragozan arituta, 1750.erako Deban genuen osagile tituludun. Orduan aprobetxatu zuen onduriko lan bat mediku-lehiaketa batera aurkezteko, bigarren saria irabaziz:¿Porqué siendo el regular domicilio de las lombrices el canal intestinal produce picazón en las narizes?
Juan Antonioren anai txikerrak, aitaren izenkidea zenak, hots, medikuarena ere aukeratu zuen, eta sorterrian berean egin ahal izan zuen bere lana, Deban alegia, baita Azkoitian eta Soraluzen ere. Aita eta semea, biak, Adiskideen Batzarreko medikuen artean onartuak izan ziren 1773.ean, eta hantxe aurkeztu zuten zenbait lan, esate baterako, aitaren Observaciones médico prácticas de la verbena con el méthodo de usarla: «En este país de Bizcaya donde escribo le dan el nombre de sugue-bedarra, asegurándome caseros de su virtud muy especial contra las mordeduras de culebra», Reflexiones phísico-médicas sobre la timpanitis, edota Aviso a la R.S.B.A.P. de un moderno descubrimiento en Vizcaya en gran beneficio de la agricultura sin perjuicio de cosechas regulares ni dispendio particular alguno, «artaceia» zeritzan arto motaren berri emateko. Juan Ignazio semeak, berriz, 1773.ean Zaragozako unibertsitatean anatomiazko katedradunaren eta Adiskideen Batzarreko irakasle baten zuzendaritzapean, latinez tajutu doktorego tesia aurkeztu zuen, Conclusiones anathomico-médicas, inokulazioari buruzkoa.
Juan Antoniori atxek gatzaizkion oraingoan. 1774-1778. urteetan, Markin-Etxebarriko arimazain ihardun zuen. Bulta hartan arazoak izan zituen inkisizioarekin, Marina Garate neskarekin zuen gidaritza izpirituala zela eta. Herrian hamaika marrakuku eta ipuinondo zabaldu ziren gure apeza neskazulo linburdikaria zela eta ez zela, eta horrek arazoak erakarri zizkion. Villasantek berak, Mogel honen joera teologikoei, jarrera zaharrenetik hurbilegi zeudekeela zeritzen: «Aitortu behar da Mogelek azalpen honetan erakusten duen kristautasunaren irudia aski hitsa eta hertsia dela». Horrela bada, inkisizioak 1779.eko abuztuaren 30an atera zuen epaian honela ziotsan: «Sea el reo gravemente reprehendido y conminado sobre su iluso modo de proceder en la dirección de dicha Marina, vana y perjudicial credulidad, privado perpetuamente de dirigir espiritualmente hombres y mujeres, de responder a consultas de espíritu de palabra o por escrito; de tratar del mismo modo de semejantes visiones, revelaciones y apariciones». Fiskalak gartzela galdatu bazion ere, zigorra Milagron leundu zuen non 1779.ean denboraldi goxo eta lasaia eman zuen, sendiaren etxean, euskaraz idazteko profitatu zuena. Kontua da halako batean Markinara bueltatu zela baimenik gabe, eta inkisizioak predikatzeko baimena osoro kendu zion. Horregatik, 1783.ean Tolosan Kardaberazen dotrinaren bizkaierazko aldaera agertu zuenean, inkisizioarekin zituen arazoak zirela eta, nahiago izan zuen izenik gabe agertaraztea.