Jon Andoni Irazustaren deskarguan
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1998-3-27
Jon Andoni Irazusta Muñoa Tolosan sortu zen 1884.eko ekainaren 9an, eta bere bigarren elaberriaren azken edizioan klasikoak sailaren 53 zenbakia Amondarain eta Izagirre prestatzaileek aski argi zioten: «Egileak izan den baino ezagunagoa izatea merezi zuen lehen eta orain. Euskaltzaindiak berak ez zion omenaldirik eskeini sortu zeneko mendeurrena bete zenean». Halaz guztiz, zertan harritu ordea?
Zuzenbidea Deustun eta Madrilen egin ostean, sorterrian ezarri zen abokatu. Politikan sarturik Tolosako alkatea izandakoa zen aitak berak isiotu ziokeen zaletasuna bestalde Gipuzkoako ahaldun aukeratua izan zen Madrilgo korteetarako EAJrekin, 1932., 1934. eta 1936. urteetan, Lasarte, Pikabea eta Irujorekin batera. Gerrateaz geroztik, aitzitik, hego Ameriketara jo behar izan zuen, Paristik: Bogotá, Puerto Rico, Buenos Aires eta Córdoba, eta, azkenik, Lima izan zituen helmuga abegitsuak. Honezkero zaharturik, apez pasiotarra sartu zen 1951.ean, Moyobamba aldeko Tarapotora misiolari bidali zutelarik. Gutxi iraun zitzaion baina pasio berria, eta Liman zendu zen 1952.eko martxoaren 9an.
Idazleaz zenez bezanbatean, Euskalerriko zenbait aldizkaritako nahiz egunkaritako kolaboratzailea izan zen, El Día-n batik bat, betiere «Egoaizea» ezizenez, eta 1932.ean Labaien eta López-Mendizabalekin batera Antzerti aldizkaria sortu zuen, baita zuzendu ere, argitalpenak iraun bitartean behinik behin, hau da, 1935.era arte. Honen abaroan Losintxak atera zuen, Helios aldizkariaren sortzailea zen Gregorio Martínez Sierra modernistak gazteleraz egin Madrigal antzezkiaren itzulpena. Liburu gisa argitara eman zituen lehenbiziko lanen artean, aipagarriak lirateke bere ogibidearekin lotuta ondu zituenak: Euzko-aldunen Alkartea Bilbo, 1935 euskal langileei zer-nolako eskubideak zor zitzaizkien aldarrikagai Madrilgo gorteetan ogutzi hitzaldia, edota erderaz ere tajutu Ley de arrendamientos rústicos ber tokian eta urtean agertutakoa, funtsean ere hitzaldi baten testua.
Jada ameriketaraturik zegoela, Joanixio elaberria eman zuen argitara Buenos Airesko Ekinekoen etxean, 1946.ean, Villasantek goraki aintzatu zuena losentxari: «Joanixio es uno de los libros más amenos, naturales y auténticos que se han escrito en vascuence; se lee con suma facilidad, interés y agrado». Honen azken edizioaren sarreran Klasikoak bildumaren 46 zenbakia Gotzon Garatek euskaraz eginiko lehenbiziko elaberri errealistatzat jo izan du Irazustarena, aurretik eginikoen artean bat ere ez bailegoke Joanixio-ren ezaugarriak bete-betean bere egiten dituenik: «Irazustak badaki Euskalerri-Ameriketan gauzak ikusten eta ikusitakoa paperean jartzen», areago: «Joañixiorekin hasten da elaberri errealista Euskalerrian eta 1957.arteko elaberrietan onenetakoa da, hoberena ez bada, geroko idazle askok ere ez zuten inolaz ere tolosar honek ezarritako marka ondu». Irazustak sortu pertsonaiari «1946-ra arte agertu ziren elaberrietan pertsonaiarik osoena, egiazkoena eta borobilena» deritzo Garatek. Irazustari berari ere, ez zitzaion atzendu Garatek geroxeago esanen zuena, eta elaberriaren hasmenta orriotan apal baina aratz baieztatzen zigun: «Gizagaietan geiena irakurtzen dana, izkuntza ezagunenetan, esango nuke edestizun edo novela dala. Euzkotarren artean ez da ala gertatzen, euskaraz idatzitako edestizunak oso gutxi ditugulako (...) Uts ortan gaude. Uts ortatik ateratzeko norbaitek asiera eman bear, bestela beti utsean egongo giñake. Ta alaxe asi nai nuke nere au ditugun pixkeri bat geiago erantsitzeko».
Bigarren elaberria lau urte beranduxeago atera zuen aurrekoaren toki bertsuan. Bizitza garratza da, ordea, ez zaio Garateri lehenbizikoa bezain ona iduritzen: «eskaxagoa da, bi protagonista dituelako, euskara lardatsago erabili eta melodrama gehiago sartzen duelako». Eta, berriz ere, Garatek baieztatutakoa, aurretik ere Irazustak berak onartu zuen: «Neronek dakit ongiena idazle kaxkarra naizela. Joañixio idatzi nunean, nere ustez naiko egin nun: lezatekenai, ni baño askoz obeak diranai, jarraitzeko bidea iriki. Ez nun beste bat egiteko asmorik». Alabaina, bada gauza bat Irazusta zirikatu eta mindu ere egin zuena. Joanixio argitaratu ta gutxira, berak erabilitako euskararekin nahiko ados ez zegoen irakurle batek igorri gutun bat jaso zuen, elaberrian topatu hainbat huts eta akats zuzentze bide eskeiniz. Ez zuen gogo onez hartu Irazustak, eta bigarren elaberria horri ihardespena baino ez litzateke. Irazustari kezkagarriago zitzaion irakurleen kopurua erabilitako euskararen eitea bera baino, eta euskara jaso eta zaindu baten sustagarri irakurleak eta irakurtzeko ohiturak omen zitzaizkion garrantzitsuen: «lenengo, beia bear da, euskara zabaltzea, eta orduan izango da apaintzeko garaia, ordun zintzarria ipintzekoa». Euskararen inguruan zituen burutapenak Euzko Gogoa-n azaleratu zituen 1950.eko bi artikuluetan, «Oñarrik», eta «Beti bat». Aldizkari berean Andima Ibiñagabeitiak ez zuen Irazustaren euskara goresteko arazorik izan: «Izkera argiaren eta ugariaren yabe zan idazlea. Ori dala ta aren idaztiak neke gabe irakurri ditezke, naizta erri euskara utsa besterik yakin ez».