Literaturan barrenako ibilaldia eliz-egileen bidez
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1998-3-13 eta 1998-3-20
Antso ELTSO XVI. mendeko lehenbiziko euskal eliz-egilea dugu, nahiz bere Doctrina cristiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos estados en castellano y vascuence idazkia ezezaguna gertatu. Alde batetik, lan honen berri eman zigun Isasti historiagileak Iruñeko Adriano Anvers baitan 1561.ean atera zela zioskun, baina inprimagile flandiar hura Lizarran zegoen orduan, Iruñera 1568.era arte joan ez baitzen.
BETOLAZAko Juan Perezek Ripaldaren 1591.eko princeps-etik itzuli Doctrina cristiana en romance y basquence, Mitxelenak berreskuratu arte ezezaguna zitzaigun, baina Bilbon atera zen 1596.ean, Pedro Kole Ibarrakoarenean, Kalagorriko eta Galtzadako Pedro Manso Zuñiga apezpikuak aginduta.
Martin KAPANAGA-ERDIKOA OTSOA-SAOLA LABARRONDO lizentziatu mañariarra eta Mañariako benefiziatuak (1602-1661) Exposición breve de la doctrina christiana tajutu zuen Bilbon, Juan Azpirozenean, 1656.ean. Hau ere, Geronimo Ripalda josulagunaren erdal dotrinaren itzulpena. Bigarren edizioa Dogsonek egin zuen 1893.ean. Itzulpena ez den zati bakarra Juan Joaniz Etxalaz nafarra ote? apezpiku euskaldunari eginiko eskaintza da: «içanik urietan, esagunceetan guichi iracurten eztaquienac, liburu onegaz eduguico dau bacochac bere ecsean maestrua iracasico deusana».
Bortuz bestaldera igaroz, Bernardo GAZTELUZAR josulagunaren Eguia catholicac salvamendu eternalaren eguiteco necessario direnac, escaldunen favoretan façoiñ huntan moldatuac ezin utzi aipatzeke Paben, Erregeren inprimatzailea zen Ioannes Desparatz baitan, 1686.ean. Lan honetan aztertzaile euskaldun biren baimenak datoz, Ortzaizeko Basilio minoritak eta lagundiko Jakes Oihenardek eginikoak. Bukaera aldean inefrnuari buruzko elkarrizketa goxoa dugu: «Helas! erretcen hari-nauc khar hunen barnean. Creatura damnatua, Iancoac ahantcia, cer da hire infernua? Erraguc, erraguc, cer sofritcen duc? Cer aiphatuco darotçut? Erratez naiz penatcen, berriz erraten baditut, berriz naiz tromentatcen. Hela, hela! Segui ezgaitçatçula!».
Joxe Lezamik Mexicoko Maria Benavidesen etxean 1699.ean argitara eman Vida del apostol Santiago el mayor con algunas antiguedades y excelencias de España especialmente de Vizcaya izenburukoan aipaturik: «por refrescar la memoria de nuestra antiquísima lengua bascongada, la primera y propia de españa, quise rematar este mi libro poniendo el padre nuestro y la ave maria y la explicación de los artículos en bascuence; esta explicación es la misma que compuso el doctor D. Nicolas de Zubia», Nikolas ZUBIA, Doctrina christiana, Donostia, Pedro Huarte, 1691. Kitto.
Bizargile baten semea, Alcalan ikasia, Madrilen eta Logroñon bizia, Tabirako eta Otxandioko eskribau, eta, azkenik, Durangoko apeza izan zen Martin ARTZADUN UBIDEAk (1675-1741) Doctrina Christianeen explicacinoa eusquera çein ofrecietan deusten euscaldun gustiai ondu zuen Gasteiz, Bartholome Riesgo Montero, 1731. Larramendik bere Corografia-n aipatua ere, behin baino gehiagotan berrargitaratua izan da.
Frantzisko Martinez ELIZALDE Gesalazko Muzkikoa zen. Josulaguna, Neoburgoko Mariana erreginaren aitorlea izan zen, geroxeago, bere Coreografia-n aipatuko zuen Larramendi bezala. 1733.ean zendu zen Madrilen, Jaengo ikastetxe bateko zuzendaria izan ostean. Apecendaco doctrina cristiana uscaraz apecec eta leitcen daquitenec eracusteco, eta explicatceco uscaldun puro leitcen estaquitenei aiec airus eta memorias icasteco ondu zuen, Iruñean, Alfonso Burgeteren alarguntsarenean, 1735.ean. Berriki berrargitaraturik 1994.eko FLV aldizkarian.
Durangon 1704.ean jaiorik, aipatu Martin Arzadunek berak bataiatu zuen. Sendi leinargikoa, hiriko alkatea izana da 1734.ean, udal artxiibozain 1737.ean, eta udal arautegien idazlea 1740.ean. Josepha Ortuzarrekin ezkondu zen lehen aldiz, eta alargundu ostean Angela Ramery Etxauzekin Iruñean. 1791.ean zendua. Diego Lorenzo URKIZU ZUAZUren Liburu Virgina Santissimien Errosario Santuena, nun dagozan bere esplicazinoa da amabost misterioen ofrezimentuac Errosarioa errezetandaneco da verso debotoac cantetandaneco, beste oracino asco da ama virginien letañiagaz Iruñean agertu zen, Josephe Joatxin Martinez baitan 1737.ean. Liburu honek badu egileak berak erderaz eginiko aldaera are ezezagunagoa: Novena a Maria Ssma. que baxo (...) la denominación bascongada de Uribarri venera la villa de Durango, Iruñean ere, Alfonso Burgueteren alargunarenean, 1740.ean.
2. Agustin BASTERRETXEA (1700-1761) Izpazter edo Lekeitikon 1700.ean jaioa, josulaguna, Orduñako eta 1756.etik Lekeitioko josulagunen ikastetxeetako errektorea, misionista ere bazen. Bere lanak argitara eman bazituen arren, egun ez zaizkigu iritsi, eta Kardaberaz-i esker ezagutzen ditugu. Honek, bere 1760.eko Christauaren bizitza-n jaso zituen gipuzkerara bihurtuak: Passioa euscarazco versoetan, geroxeago Anima penitente baten negarrac atera zuen, eta azkenik Jesucristo gure jaunaren Guisonaren acabuco lau gausac, J.A. Oar batek bizkaierara berrargitaratu zituenak 1881.ean.
Bolibarko apeza zen Frantzisko APOITAren berri Iturrizak eman zuen. San Joseperen nobenia egin zuen, 1778.ean. Egile ezezagun batena dugu, ordea, Bilbon 1780.ean ageri Errosariyo edo coroa santuban ofreciduco dirian misterioac saspi dolorosac saspi gozosoac, saspi gloriosoac errepartiduric guero essaten dan moduban, Via Crucis, edo vide sagraduba, Calvariyoco pausuben ofrecimentubac. Acto edo eguite fede, esperanza, eta caridadecoac, Bermeoko San Fraiskuko hirugarren ordenerako. Egun galdurik omen dago. Bermeoko San Fraiskukoentzako ere, Nikolas Manuel de la QUADRA MONTAÑO Y VILLALONen Doctrina cristinaubarena, eusqueraz apainduba, alic claru eta ondoen gaste nai zarren probechuraco. 1784.eko eskuizkribua Azkue liburutegian datza. Erdal izeneko egilea Bilbon jaio zen 1713.ean eta sermoilari ibili zen. Azalean: «no lo desprecie quin lo heredare, pues me ha costado buen trabajo». Erderaz ere 1784.eko Exercicio santo de ayudar a bien morir.
Miraballesko apeza zen Antonio Frantzisko ITURRIAGAk ez nahas Pascual Iturriagarekin, Doctrine dominicalac aterac eusquerara hiru alekitan ondu zuen 1815.ean. Bilboko Azkue liburutegian hau ere. Ber tokian. P.A.Y. akronimoko egile ezezagun baten Eusquerazco Doctrinia Anzuelaco verbamoduan, 1825.ean.
Juan Nikolas ETXEBERRIA ITURRALDE baztandarrak zabalkunde ikaragarriko Cristau doctrina Aita Gaspar Astetec erdaraz escribitua eta orai escuaraz publicatzen duena, cembait gauza aumentaturic Baztango Valleco parroco batec, cristau fielen instruccionearen deseyuz ondu zuen: 1826, 1852, 1859, 1875, 1881, 1887, 1889 hau Zugarramurdiko erretorea zen Anastasio Etxeberrik eskaturik, 1895... Egilea Iruñean sortu zen 1796.eko abenduaren 6an. Gurasoak Baztandik anka eginak konbentzio gerratean, nonbaiten Berroetan jaiotzat eman izan da. Berroetako apeza 1820.ean, eta Elizondokoa 1829.ean. Iruñeko San Zerningo erretoretzaz ezin zuen jabetu, herioak Elizondon 1845.eko maiatzaren 13an eraman baitzuen.
Bedaioko lehenengo abadea zen Manuel GOIKOETXEAren Amorezco eta dolorezco Jesucristoren pausoac edo Calvario santuac versoan jarriac, Iruñean, Saturio Bandresco moldetan eguiña, 1863.ean argitara eman zen. Perez Goienari jarraikiz, Lizarraga-Ergoienako sakristian dago.
Juan Jose ERASUN MUTUBERRRIAren Doctrina cristauaren catecismoa guciz ongarai eta arguitu D. Antonio Maria Claret Trajanopolisco Arzobispuác escribittua eta consagratua Españiatico Patrona Maria Santisimaren conceptio guciz garviari Navarraco sacerdote batác uscarara viurtua beré eta nai duten gucien servitzuraco eta moldizdatua Iruñean, Obispo jaunaren eta Elcártasun Uscaren onbaimenarequin Iruñeko Bescansaren moldiztegitik 1881.urtean atera zen, Legaz beraren baimenarekin eta sarrerarekin. Erasun Saldisko semea eta erretorea genuen, 1847.ean apezturik, Iruñean ikasi ostean, Doneztebeko erretorea urtetan izan zen, sorterrira joan aurretik. Saldisen bertan 1890. inguruan zendua.
Juan Migel GURUTZEAGA ARBILA larraundarrak Iribasen 1831.ean jaioa Calbario santuac Tolosako Mugerzarenean agertarazi zuen 1886.ean. Madozko erretore honek, 8 orrialdetako Errosario santuaren amabost misterio Iruñako apaiz nagusiaren mendeko zenbait euskal elizetan kantatzen diran moduban eskribituak izenburuko lana ere Iruñean atera zuen 1903.ean Nikolas Marzelinoren etxean, baita Jesusen viozari cantac izenburuko orria, egun galdurik dagokeen arren, Intzako Damasok Perez Goienari ezagutarazi zion garaiz, eta Lizarrakoaren nafar bibliografian aipatua dugu bederen. Madozen 1894.eko martxoaren 26ko data daraman azken honetan, 9 eta 7 ahapalditako bi bertso berri zeuden kantagai zortziko txikiko neurrian; bietarik bigarrena soilik zihoakion izenburuari, lehendabizikoa gamazadaren inguruko gertakizunekin lotuta zegoenez:
«Fuero santua gañin
Lau bat verso berri
Contuazeagatik
Napar erriari
Sagasta ta Gamazo
Dira agintari
Gu tontoak bagina
Aek lizake argi».
Baliteke Fernando Gurutzeagarekin ahaideturik egotea, Errazkingo maisua eta 1886.ean zendu zena. Azken honena genuen El auxiliar para el maestro, Iruñea, Lorda, 1890.
Fraile erredentoristek ere misio apostolikoetarako 32 orrialdetako Aita erredentoristen misio santuaren oroipena atera zuten Iruñeko Nikolas Marzelinoren moldiztegian 1903.ean, eta Iruñeko apezpikutegiak berriz, 70 orrialdetako Eliza kantak euskal erriko elizetarako oso egokiak atera zuen Iruñeko N. Aranbururen baitan 1904.ean; lan honen kanta gehienak Pedro M. Urruzunok ondu zituen, ezpada hasierako San Frantzisko Xabierren kantaita, Fiteroko Pelaireak egina eta Iraizozko Polikarpok euskaratua zena.
Alkozko erretorea eta Anueko artziprestea zen Justo ALBISU IRIARTErena dugu Cristau doctriñe aite Gaspar Astetec erdaraz escribitue eta Ultzamaco apezac balle ontan yarduquitzen den usquerara biurtue beren feligresen amorioz, Iruñen, Erice eta Garcia, 1906. Juan Bautista ALDAZ ezkurrarrak, berriz, Cristau dotriña bat ondu zuen mende hasieran Tolosa, Mugerza, 1912. Azkenik, Blas AIERRA INDAk Euscaldun guratsoen arguiya edo cristau doctrina euscarazcoen esplicazionea euscal erriaren onaren deseyuz Iruñean, Aranbururenean eta 1914.ean, agertarazi zuen.