literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Euskal idazle bidaiariak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-2-13

 

        1. Martin Ducq hazpandarraren Erroma eta Jerusalem liburuaren berri eman genuenean —Baiona, Lasserre, 1891—, euskaraz tajutu literaturan bidai liburuek izan duten oihartzun urriaz baginen ihardoki, Ibon Sarasolak klasikoen bildumarako apailatu zuen Jon Izurrategiren Jerusalem-go Osteran amari idazkijak 1923.eko liburuaren edizio berrian, bestalde, jada aipatzen zuen gauza. Hark, bi baizik ez zituen aipatu adibide gisa, Etxepareren Berebilez arras ezagun dena eta Anabitarteren Aprikako basamortuan hain ezaguna ez datekeena, baina soberan ez legoke, alta, gutxi esaten denean, deus ere ez dela esaten gogoraraztea.

        Aipatu Jon Izurrategi Berrostegieta bilbotarra, Gorlizko eta geroxeago Elorrioko erretorea izan zena, omen handiko predikaria genuen, idazlearena ere garaikidei larregi atzendurik geratu ez zitzaiela. 1937.ean, abertzalea zelako aitzakiz, faxistek gartzelaratu zuten eta Dueñasko espetxean hil zen urtera. Orduko hainbat paperetan idatzi zuen, berbarako, Euskaltzale, La gaceta del Norte, Jaungoiko-zale, edota Euzkadi..., eta liburu gisa ere, zenbait lan atera zuen: Umechue jauna artuterako berbaldi laburrak —1912—, Urteko igande guztietako goizpar edo ebanjelioak —Bergara, 1934—, edo guri dagokigun Jerusalen-go osteran amari idazkijak —Zornotza, Jaungoiko zale, 1923—, 1905.ean Palestinara eginiko bidaian amari bidali 46 gutunen bilduma.

        Izurrategik bere eskutitzak ondu baino urte batzuk lehentxeago, Txomin Agirrek Juan etorri bat Erromara: biajari baten ziabeztxoak izenburukoa argitara eman zuen Euskal Erria aldizkarian, 1892. urtean hain zuzen, 1899.eko Euskaltzale-n berragertu zena: «Gomutagarria da Erroma, goitandiak bere eleizak, ikusgarriak bere musagak; alaia da Napoles, biziak bere jentiak eta urdiña ta zabala bere baia; ikusgarria da Besubioa, gogoangarriak Pompeiako kale bakarrak; ederrak dira Italiako lur, soro, masti ta zelai guztiak, mendiyak, arkaitzak eta zerua; baña biotzaren erdian utsune andi bat daukat, desio ta esperantza bat biztuten jat: Italia ezta Euskal-erria».

        Beskoitzen 1890.eko ekainaren 20an sortu Pierre Duhour euskaltzain urgazleak liburu bakarra utzi zigun —nahiz 1914.etik aitzina Iparraldeko hainbat aldizkari eta egunerokoetan bere artikuluak agertu—, eta horixe, Agirrerena zein Ducq-ena bezala, bidai zehatz baten inguruan: Erromako itzulia, Baionako La Presse moldiztegian 1931.ean ageri zena —aurretik Gure Herria-ko orrietan aldika eman bazuen ere—. Lanbidez arrantzalea izanikoa, Hazparneko gizarte-segurantzan bukatu zuen bere bidaia 1968.eko urtarrilaren 18an.

        Jada aipatu Agustin Anabitarte Irazu Donostiarrak (1891-1981) bidaia lanbide bihurtu zuen, merkataria izanki. Euskaltzain urgazlea ere, Hegoaldeko aldizkarietan ihardun zuen batik bat: Euzkadi, Euskal Esnalea, Gipuzkoarra, Euskera, Eusko Ikaskuntzaren Deia, Gure Herria, Argia, RIEV. Nobelagile aparta omen, Mitxelenak laudoriozkoak eskeini zizkion Egan-en: «Euskal-eleberrigileetan gehiena dugun Anabitarte jauna». Ondu zituenen artean, eta Usauri, Donostia eta Poli hiru elaberriak beste baterako utzirik, gerrateak eragindako isilgunearen osteko Aprikako basamortuan aipatu beharra dago —Zarautz, Itxaropena, 1961, Kuliska sortaren 49 zenbakia—. Honetan Anabitartek bidailari aitortzen du bere burua, debozioz eta beharrez: «Nik lurralde guztietarako gogoa izan det beti, gauza berri asko ikusteko egarria». Horregatik, ez da harritzekoa Italia, Grezia, Turkia, Israel, Libano, Rodas, Egipto, eta oro har, Mediterraneo osoan barrena ibili izana. Abenturarik zailenak Saharan pasatutakoak zitzaizkion, eta horiexek dira bere liburuan biltzen dituenak: «Gerra asi baño lenagoko kontuarekin ari gera, errialde ura, Aljeria, pake santuan bizi zan garaiekoa» —zoritxarrez, eta egunero ahanztarazten digutenez, oraino ere, itzuli ez dena—. Ibilbide luzanga da trenez, autoz, gameluz eta oinez Anabik, Aljerian zehar, Marsellan hasitakoa burutu zuena: Aljer, Busaada, Biskra, Tugurt, Uargla, Gardaia, Beni Isgen, El Golea, Timimun eta Adrar, eta ezin pollitagoak hangoek sortarazi zizkiotenak: «Baginjoazen bada Kaxban gora, gero ta kale bildurgarriagoetan. Kasta guztitako ta jantzi guztitako gizona bazan. Baziran moruak eta beltzak, eta bien artekorik asko, ez oso abegi onekoak. Jendea erruz kaleetan. Baziran buru gañetik lurrerañoko jantziak txano ta guzti, eta baziran jantziaren bearrez zarpallez josiak, galtza putzak; baziran buru-jirako zapi zuriekin, buruko gorriak zituztenak eta gabe zebiltzanak, eta asko moduzko burukoekin zijoazenak. Emakumeak begiak ezik estaliak. Baño geiena arritu ninduana, neskari txilabaren azpian zapatak takoi luzeakin ikusteak. Emakumea beti emakume!».

 

Bilaketa