Nemesio Etxanizen 98. urteurrenean
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1997-12-19
Atzeneko sanferminetan, dolu zuri batek eraginda, gauzatu ez zen txistu kontzertua pasa den azaroaren 30ean burutu zen, ozen eta oparo, agian arrakastatsu ere bai, eta huraxe, Sorozabal jaio zeneko mendeurrena dela eta ospaturiko guztiei akabantza zaiela badirudi. Iruñeko Karlos III. antzokian aditu ziren doinuak, aurretik ere, Tafallako festetako txistu emanaldian entzun ahal izan ziren arkakusoen plazan, etxetiarragoa inagatik ez okerrago ordea. Bietan, eta Sorozabalenarekin batera, Etxanizena ere agertarazi ziguten, donostiarraren lagun eta lankide, Jai alai filmerako ondu «Maitetxu» ospetsuari euskal ordaina gehitu ziona eta Gernika hileta doinuari euskarazko hitza zizeldu ziona hots. Gaurkoan, azkoitiarra jaio zeneko 98 urte betetzen dira, eta Gernika doinuak bukaera daraman «askatasuna eta pakea» batera ezina dirudien lelo huraxe geure baitatik aldendu ezinean gabiltza oraino. Tamalez, bai Tafallan eta bai Iruñean, Etxanizen aipamena erabat oharkabean igaro zelakoan gaude nafarreria dateke, gu jota, txistua joaz jotatik haruntzago jotzeko lausotzen gaituena, deus-jaz asezko jakineza jabaldurik.
Nemesio Agapito Etxaniz Aranbarri Azkoitian sortu zen. Hango lasailletarrenean lehenbiziko ikasketak burututa, buruñurdunen Lekarozko etxera joan zitzaigun. Hura izan zen Nafarroarekin izan zuen hartu eman eskasetakoa: «Etzitzaizkion beiñere aztuko gogo-jardun aietako egun gorri aiek. Itzaldi bildurgarri aiez burua berotu ta gero, tartetan jolas lekuan denak illeratan ixilik zebiltzala pasa zituan otz aiek. Eskuak igurtzi ta igurtzi ta geroago ta ospel geiago. Etzan, ala ere, dena kezka eta otza. Ostegunetan mendi aldera egiten zituzten ateraldiak eta egun osorako Otxondo aldera edo Legateko gurutzera joaten ziranean, etzan aiek baiño zoriontsuagorik. Frai Felix zuten orrelakoetan askari banatzaille. Eta belarretan exeri ta patataz gizendutako arrautzopil ebaki aiek banatzen zizkienean, nor aiek aiñean?». Baztanen bi urte eman ostean, Comillasera joan zen teologia ikastera. Orduan ezagutu zuen Orixe eta beste. 1924.ean apeztu zenean, Azkoitira egin zuen eta geroago ere Zumaia eta Debara, apez laguntzaile. Azkenik Donostiako moja batzuen kapelaua izan zen. Euskaltzaindiak urgazle egin zuen 1955.ean, eta 1979.ean berriz, ohorezko. Donostian hil zen 1982.ean.
Etxanizen langintza zabala dugu oso. Gazterik hainbat aldizkaritan kolaboratzailea izan zen: Euskal Esnalea, Argia eta Zeruko Argia, Euzkadi, Príncipe de Viana-ren euskarazko gehigarria, El Día, Karmel, Olerti, Agur, Egan, Euzko Gogoa,..., hauek eta beste zenbait haboro dira Amilaitzek, Erratzuk edota Artiz'tar Xabierrek hitz lauz zein bertsoz zipriztindu ongikiro zipriztindu egin zituenak. Idazlan zerrendaren luzeak aztoragarri dakiguke: Arraldea Donostia, Iñaki Deunaren irarkolan, 1923, eta aldez aurretik Argia aldizkarian, Olentzero Donostia, 1926, eta aitzinetik Euskal Esnalea-n, Azkoitik Elgoibarrera: Katuin zuloa Donostia, 1927, eta Euskal Esnalea-n, Itziarko Andre Mariaren kondaira laburra ta bederatziurrena Zarautz, Itxaropena, 1949, Nola idatzi euskaraz? Zarautz, Itxaropena, 1950, Kanta kantari Bilbo, Ordorika, 1952, Urrategiko Andre Mariari bederatziurrena, Egintza katolikoetzaz Itxaropenean, Kristau ikasbidea bertsotan Bilbo, Ordorika, 1952, Arantzazuko Amari poz-jarioak Zarautz, 1954; honen inguruan Ibiñagabeitia: «Amilaitzek badu antze, badu idurimen, badu jario. Baiñan poz jario oietan elkorregi deritzait. Ala ere euskara txukun eta argia darabil eta gure erriaren atsegiñak egingo ditute poz jario auek», Maite kantak Euzko Gogoa, 1951, Izeko aberatsa eta Irulearen negarra hiru ekitaldidun antzezlan bi Gasteiz, 1952, Gabriela Mistralen itzulpenak Egan-en 1957, Itun zarreko kondaira Paris, Fleurus, 1955, Euskal antzerkiak: Gabak zekarren eguna, Maite ere neurriz, Zotzean bizia, eta Gabon zauria Zarautz, Kuliska Sorta, 1958, CCC akademiaren euskara kurtsoa Donostia, 1966, Meriméeren Mateo Falcone euskaraz Egan aldizkarian 1955.ean baita Zarautz, 1958, Lur berri billa Donostia, 1967; honetan zenbait lan saritu eta beste badakarzkigu: Ameriketan galduak elaberria, ipuiak, irratsaio, olerkiak, abestiak..., eta beste.
Izotz-Kandelak elaberria hil ostean agertu da Iñaki Segurolak apailatua, Gipuzkoako gobernadorearekin elkar trukaturiko hainbat gutunekin Donostia, Elkar, 1992. Lan hau nekez argitara zitekeen behar bezala idatzi zen garaian. Etxanizek berak gogorregitzat bazeukan: «Nik buruan dudan eleberria ez litzake argitalgarri izango gure egurats puritano ontan. Aspaldi dabilkit eleberri orren idazburua durundioan. Izena auxe luke: besteak ezetz zion. Eleberriko bestea, apaizari sortu zaion alter ego ori duzu, nastu ori. Eleberriak apaizaren barne giro edestiz gain, beste maitasunari bat izan dezake gazte artekoa». Halaz ere, Etxanizek ez zuen bere burua elaberrigintzarako aproposa ikusten, eta bai Ameriketan galduak Lur berri billa bildumakoa eta bai honakoa heldugabe zeritzen. Andima Ibiñagabeitia lagunak ez zuen modu berean pentsatzen baina: «Sarri esan dizut lenago ere olerkari aundi ziatudala. Ekingo al diozu nobelari ere oraingotasunez beteriko gai ernegarri autatuaz. Ortarako, ene gardiz, doai bereziak dituzu, eta zuk bezin ondo egingo lukenik ez dago gaurkoz bat ere gure artean. Beaz saia zaite len bait len, iosulagun eta beste oien antzeko Aristarko ergelen kritika estuen sareak urratuz eta nardatuz. Euskarak ere arnas zabala bear du, egurats betea bizi al izateko» 1953.eko ekainaren 30eko eskutitz batetik.
Erratzuk 1966.ean ondu zuen bere elaberria: «Irurogei urteak gainduak ditugunok eta euskaltzaleen mundu txiki ontan burrukan ari geranok, ikasi degun euskara apurra ondorengoei uzteko kezka geron izate barruan daramaga. Azken urtetan, gizaldi gazteari gure euskal jakintza libururen batean uzteko contra reloj lan egin bearra degu». Zaluegi zihoakigun Azpeitikoa. Egun, inork gutxik badu bere izkutuko elaberri autobiografikoaren berri zehatzik ezagutzen. Ur apaletegik oker ez banago, arestian egunkari honetan esanari men eginez, zilegi bekigu ezkor pentsatzea, euskal letretan alderrai noraezean gabiltzanok gezur handi batean murgildurik ote gauden. Hatzen artetik area bezala joaten zaigun aurrekoenari hel ezinik, astirik gabe ekiten diogu paper hutsa zirriborratzeari, hezur-txuri erditu hitz finkotua nekez mamitzen uzten ez dugula. Horixe dateke, apika, tai gabean zornetzen ari zaigun euskal literaturaren aje iluminia.