literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.157 idazlan
7.838 esteka / 6.378 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Etxepareren 60. urteurren ixilekoan

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-31

 

        «Eskual literaturari nahi badugu bizi berri bat eman, eta horren medioz eskuara, gure mintzaira, xutik atxiki, ez dugu lokartu behar edo gibelerat so egon. Ez du horrek erran nahi gure aintzinekoak bazterrerat utziko ditugula. Ez. Ez ditugu zahar gazten arteko lokarriak hautsi nahi ezdeus batentzat. Elgarren laguntzaren beharra badugu. Baina eskuararen batasuna ez badugu egiten, xahu gure eskuara maitea. Batasuna! Batasuna!».

        Jean Etxepare Landerretxe dugu horrenbesteko segurtasunez euskaldunok oro batu beharko gaituen ezinbesteko euskara batuaz mintzo zitzaiguna. Ez zegoen oker bada, haatik, sen finduaz hausnartua, ezin egiaztaturik geratu zitzaigun, herioa tartean, lagun goiztiarra izan baitzuen. Arbide etxaldekoa Garazi aldeko Jatsun sortu zen 1937.eko urriaren 31an, orain dela 60 urte beraz, eta geure aburuz, arrazoiak badira ere, bagaude egon, honetan ere oihartzun haundirik gabe igaroko dela eguna. Agian, Jeanek berak ere halaxe nahiago zukeen, baina ziurtasun horretan kontsolatzen gareno, ahanzbide doilorrean labantzen ari zaigun ospakizun eguna, euskarari opa ohi diogun beste arlauza astuna hilarri eskeiniz. Guketz, eta halaxe agi ez dadin, bihoaz Etxepareren gaineko zertzelada bakan batzu, ausaz Jatsukoaren oroipenaren pizgarri.

        Ez da Etxeparerena euskal literaturaren historian ezezagun gerta litekeen deitura. Bernardez gainera, Jean mirikua eta Pierre apeza Etxepare Bidagorri anaiak, edota Bigotzariko Areso aita frantxikotarrak baimendu Tierceren esku liburua —Baiona, Lasserre, 1862— izenburukoaren egilea zen Etxepare fraidea. Ez da makala gero Etxepare guzti hauen arteko elkar-lehia, euskarazko unibertsoaren aberasgarri segurki.

        Gure Jeanen eitea, bizitza osoan zehar larriki oldartu zuen osasun exkasak moldakatu zuen hein batez. Eskoletan zegoela, gaixotu eta goatzean luzaz iraun zuen, sekula sendatu ez zela zeharo. Laguna zuen Piarres Charrittonek ixil, goxo, geldi, bakarzale eta langile margotu zigun. Goi mailako ikasketak Baionan burutu zituen, eta hartan ere izkiriatu zizkigun lehenbiziko lanak. Ikasbidea amaiturik, Donapaleuko Lurberri izeneko entrepresan sartu zen idazkari, baina handik gutxira Hazparnen zabaldu zuten ikastegi teknikora aldatu zuen pausalekua, irakasle laguntzaile gisa aritzeko. Betierenean jada arrailatu gorputza kitzikatu zion gaixotasunak gazte pitzatu zuen betiko, eta 1961.eko abenduaren 10an hil zitzaigun.

        Gure Jeanen ibilbide literarioa antzerkigintzan du hatsarri lehen, nahiz, ezagun litekenez, ipuingintzan izan duen segida eta goren gradua. Baionan zegoela honako antzerki-lan hauek ondu zituen: Arno xuria —Charrittonen arabera, galdurik dagoena, nahiz horren gaineko argumentua ezaguna izan—, Gaxuxa —Pagnolen Fanny idazlanean oinarria duena—, Etxea salgai —Tchekoven La Cerisai lanean oinarriturik—, eta Gazteluko alaba —Ion Etxaideren Markes baten alaba antzertilana abiapuntu duena—.

        Mendekoste gereziak eta beste hil ostean ageri zen, 1963.ean, Mitxel Labegueriek Baionan zuzentzen zuen Goiztiri argitaletxean. Liburu honen apailaketa lana Piarres Charrittonek hartu zuen bere gain, Jeanne Davant-Idiart andreak lagundurik. Geroantzean, estraineko edizio horri falta zitzaizkion hainbatekin ere, bigarrena apailatu du Inazio Mujika Iraolak, egun, eskuragarriena gerta dakigukeena, Ereinen, 1991.ean. Ipuin hauexek 1957.etik 1961.era bitartean Herria, Gazte, Gure Herria, eta Panpin aldizkako paperetan plazaraturiko kontakizunak dira, bai Etxepareren izenean, bai noiz-edo-noiz Jatsukoak erabili Ihizgorri edota John de Cize ezizenen azpian. Guzien izendatzeko hautaturikoa Euskal Kulturaren Alde erakundeak 1959.ean saritutako lan baten izenburua dugu, Marijane Minaberri eta Julene Azpeitia gailenkideen lanen aitzinetik, haur ipuin lehiaketan lehenbiziko sariduna suertatu zen «Mendekoste gereziak» alegia, nazioarteko usadiozko ipuindegian arras ezaguna den «Txokolatezko etxetxoa» horren aldaera xarmangarria hots: «Primadera etorri zen. Bazterrak oro kanbiatu ziren. Dena hosto eta belar perde, dena lili... Bainan mendi zoko hartan betiko primadera zen. Eta haurrek ere aspaldian ezagutzen zuten nola zen primadera. Urte guziez arbola berak hostatzen eta lilitzen ziren, pentze berak perdatzen, zeru bera izarrez betetzen, xori berak kantuz hartzen. Hango primaderak ez zuen deus ederrik. Haurren begiak aseak ziren, enoatuak, akituak, beti bereri beha. Mendekoste gereziak bazirela hautemana zuten, mendiaren bestaldean. Mendekoste gereziak, gorri-gorri, hosto perden artean. Bainan etxe horren jabea agertzen bada? Makil bat eskuan heldu bada bi haurrak gereziondoaren kaskoan direlarik? Ai! Ei! Ai! Ei!».

 

Bilaketa