literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.165 idazlan
7.841 esteka / 6.395 kritika / 1.828 aipamen / 5.573 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Jean Ithurri Dolhagarai

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-17

 

        Euskara batua dugu, dudamudarik gabe, gure mintzo aberats guzien giltz bakhoitza —Egiategi filosofo zuberotarrari garraizkiola—, eta orainik orain zein gerora dituzkeen gabeziak oro gabezi, leher edo zaparta, kosta ala kosta, aspaldidanik herri honek heldu beharreko aferari, barrasta-barrasta akaso ere, bilatu konponketa. Geroagoko, baita gaurko ere, euskaldunon eskutan badago gure hizkuntza zaharra modernitatean garatzeko beharrezko duen eraberritze zotukagarria. Eta euskaldun guzientzako, Euskal Herri bakarrean, euskara bat amets badugun arren, gure elekatze ugarien batzeko hasierako saio elkorretan plazaratu ziren proposamenak oro ez ditugu ahantzbidean, eta zinez baztertezina zaizkigu Krutwigek lapurtera klasikoaren aldeko formulatutakoak. Berriz, euskal literatura klasikoak erabili izan duen Lapurdiko euskararen formalizazioa Ithurrik eskeini zigun bere gramatikan, Krutwig-ek Lafitteri omenaldian eta Luhosokoaren gramatikaz ari zela baieztatuaren araberakoan: «Baldin Ithurryren Grammatikêa' orain arte dadukagun gramatikê normaltzaile onena dela erran ba diteke, Lafitteren Grammatikêa euskarari buruz orain-arte iratzi diren gramatikê philologiko onena dela erran diteke. Lafitteren grammatikêak' bere baithan philologiko valio hura edukiaz gainera, Ithurryren Grammatikêaren bidez euskal literatur tradizionean zeintzu forma grammatikal' onenak izan diren ikasi nahi duenearentzat nahi-eta-ez komplement bat da, zeren-eta Ithurryren Grammatikêan syntaxiari buruzko parthe osoa ez bait dago, Ithurry bere Grammatikêa irazten ari zela' hil zelakotz».

        Jean Ithurri Dolhagarai Larresoroko Intza-beherean sortu zen 1845.eko urriaren 19an. Etxetik hurbil zuen apezgaitegi txipian ikasi ostean, Baionan apeztu zen 1871.eko ekainaren 3an eta handik urterdi batetara Kanbon ihardunen zuen apez. 1880.eko uztailaren 17an erretor oso joan zitzaigun Arüera, eta Zuberoak eskeini abaro lasaian bereziki ekin zion euskararen ikerkuntza lanari. 1891.eko irailan, ostera, Landerretxe Sarako erretoraren laguntzeko agindua jaso zuen, eta 1892.eko apirilaren 29tik, Landerretxe zaharra itzali zenez geroztik alegia, Sarako eliza bere gain hartzeko aukera izan bazuen arren, ezin izan zion eginkizun berriari luzaro eutsi, 1896.eko ekainaren 20an hil baitzitzaigun gazte eta moldetegirik oraino orbaindu barik.

        Jean Hiriart-Urruti Althegi izan zen Ithurrik largatu zirriborroen atontzeko nahiz argitaratzeko ardura bere gain hartu zuena. Eskualduna argitalpenean hasi zen azaltzen, aldizka, 1894.eko abuztuaren 3tik, 1907.eko ekainaren 21era bitarte luzean, osotara 26 emanaldi, eta Daranatzek ziotsanez: «Ainsi donc il aura fallu un quart de siécle pour l'impression de cette grammaire». Liburu gisa, Grammaire basque dialecte labourdin Baionako Lamaignère baitan agertu zen, eta azalean 1895.eko data daraman arren, akabantza orrian «achevé d'imprimier le 20 février 1920 sur les presses de la maison Foltzer».

        Hil ostean agerturiko bigarren lan bat ere karrikaratu zuten A. Foltzer etxekoek 1920.ean, hauxe da, Napoleon Bonaparteren pastorala. Gramatikan bezala, honetan ere, Daranatz ezpeletarrak eginiko atarikoa dugu non Zuberoko pastualak zertan diren, azaletik bada ere, zehazten zaigun. Litekeena. Ithurrik Petharrako hirian higatu egonaldi luzangan lan honen borobildu izana. Edozein modutan ere, ideia ez dateke jatorrizkoa, bada, aldez aurretik, hiru lan antzekoak agertu baitziren Zuberotik hurbilekotan, Zuberoan bertan ez zenean ere. 1835.ean Atharratzeko J.P. Saffores batek Napoleon lana ondu zuen. Urte bertsuetan ere Nabarrenkoze aldeko olerkari batek Bonaparte, campagne d'Italia (1796-1797) tajutu zuen, eta Barétous haraneko beste bertsogile batek Bonaparte campagne d'Italie (1800) atera zuen. Ez dakigu seguru Ithurrik lapurteraz ondu pastoral hau taularatu zutenentz, halarik ere, kontrakoa pentsatzeko arrazoirik ez duguno, jokatutzat emanen dugu behinik behin: «Napoleon Bonapart da gure sujeta / Haren parerikan nihoiz izan ez da / Hastean bera duzue entzunen erraiten / Lehen urtheak nola iragan dituen / Gero dutenean errege hautatu / Nola Aita Sanduak duen kontsekratu / Haren armada dute orduan garhaitzen / Eta bera presonier Elberat igortzen / Ikhusiko duzue isla hartan hiltzen / Eta munduari etsenplua emaiten».

 

Bilaketa