literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Itsasoz bestaldetik bi baxenafartar kantari

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-9-26

 

        Daus berririk ez dugu eskeintzen xoko ments honetatik, bai ordea gure literatur ondar-mondar mokor ahantziak Euskal Herriko ekialdean pausatzen den herenerrian itsuki barreiatzen, mozkinik uztatzeko saiorik egina ez baitugu, zer edo zertarako baliagarria delakoan egonagatik ere, oraino bederen. Ez da gutxi gero, ez ondikotz!

        Piarres Xarriton Zabaltzagarai hazpandarrak eta José María Satrustegi Zubeldia arbazuarrak behiala ekarri ziguten Baxenafarroan sortu eta Ameriketan zendu bi koblakarien berri, Jose Mendiague Larregain aldudetarraz eta Juan Kruz Arrosagarai Txangala luzaidarraz ari gara prezeski. Bihoa beraz bi joale hauei buruzko gaurko ele aspertua.

 

        1. François Mendiague Ziburuko guarda eta Aiherrako Manexenean munduratu Catherine Larregain bikoteak ukan hamar seme alabetarik zazpi Alduden izan bazuen ere, Hazparne izan zuten haz zein heztokia bereziki, eta Hazparne izan zuen gure Josek 1863.ean Ameriketaratzeko abiategia. Gehienetan ere Urugay-ko Montevideon, 1875.ean Argentinako Entre-Ríos aldeko Porto-Ruíz-en eman zuen urtebetea, Uruguay-ko ere San José de Mayo-n hogeitalau urte higatu aurretik. 1900.ean Montevideora itzuli zen, eta bertan biziko zen 1937.eko irailaren 12an lautan hogeitabi urtetan zendu arteraino. Mendiague Lapurditik aldendu baino lehen, kanturako zaletasuna eratxeki ziezaiokeenik ezagutu zuen, Gratien Adéma Zaldubiz eta Mitxel Elizanburu Inocentius anaiaz ari gara hain zuzen ere. Horrezkero Uruguayen eta Argentinan zegoela Iparragirre, Otxalde eta Pedro Mari Otaño Barriola ezagutuko zituen —zizurkildarrak ere, Mendiaguek egin antzera, kantu liburua eman zuen argitara Buenos Airesen 1904.ean, Alkar izenburupean—. Aldudekoa garai hartan kaleratzen ziren euskal argitalpen ugaritako kolaboratzailea izan genuen: Montevideoko Euskal Erria-n, Baionako Eskual Herria paper gorrian, bai eta Eskualdun Ona eta Eskualduna paper txurietan, nahiz politikoki gorria genuen, Xarritonek jaso bezala: «bonapartista, colorado, batllista eta anticlerical furibundo».

        Euskal Herria argitalpena zaharraren ordez Haitza astekaria sortu zen 1899.ean Buenos Airesen J. Sescosse zenaren zuzendaritzapean, eta honen lehendabiziko urteurrena ospatzeko aitzakipean Zazpiak bat: eskualdun kantuak Mendiagueren liburua azaldu zen 81 kantekin: «Ene hoberena liburu hontan eman dut eta nahiz bertze guzien artean ene botza indar gutikoa den, ene egina ez dut neurtu izan dezaken balioan, bainan bai nik eskuarari diotan amodioan». Honetan agertzen den kantarik ezagunena, zalantzarik gabe, honakoa dugu: «Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi / Kantuz igortzen ditut nik penak ihesi / Kantuz izan dudanian zerbait irabazi / Kantuz gostura ditut guziak iretsi / Kantuz ni bezalakoak hiltzia du merezi». Lafittek atondu 1967.eko Kantu, kanta khantore esku liburu errepikaezinean zuzen zetorren kantapean Mendiagueren aipamena, berriz, egun kantua famarazi duen Mikel Laboak Arizkungo Xabier Larraldiri ikasi ziola esan zigun Mendiagueren egiletasuna tamalez ezkutatuz.

 

        2. Luzaideko Bordelia da Arrosagarairen bertsoez on José Maria Satrustegik apailatu liburukiak azalean erakusten digun marrazkia, Juan Kruzen sortetxea alegia. Zabalak akuilatu auspoa liburutegiko 163 zenbaki honetan kantagai dugun bertso segidari jarraikiz luzaidarraren bizibideari aisa hatzeman diezaiokegu: 1905.eko irailaren 14an jaiota, 1913.erako artzaimutil genuen bortuetan, eta 1925.ean joan zitzaigun Californiara. Hantxe harat hunat ibili izan zen ardi saldoekin, baina migrazio paper guziak zuzenegi izan gabe, 1934.ean egotzi zuten, eta horri esker, 36.eko gerratea ezagutu ahal izan zuen hurbil hurbiletik: «Bakersfielden hasia nintzen, gero sanjatu Fresnora / Beste pausuan urrundu nintzen negozioz Estocktonera / Lau mila bildots bai nituen han ekarriak bazkatzera / Inmigrazio txakurrak beti segi ene errestora». Geroantzean harzara Californiaraturik, hantxe eman zuen gutiz gehiengo bizitza. Juan Kruzen bertsoak Renoko Newsletter aldizkarian agertu zituen «Euskaldun fidel» ezizenez, baita Baionako Herria-n eta Iruñeko Príncipe de Viana-n eta Diario de Navarra egunerokoak lantzean behin atera Napar izkuntza orria exkax zoroan.

        Euskara bera zuen luzaidarrak kezka iturri, euskara batuaren beharrak arrenkuratzen baitzuen doilorki, bada, behar beharrezkoa ikusten zuen gauza egiteke eta abantzu gauzaezina somatzen zuelako: «Zer desiratzen dautan barrentik bihotzak / Denek berdin egitia euskaldun solasak / Bai eta iskiriatu gisa bera hitzak / Noiz atzemanen gaitu holako amentsak? (...) Konprenitu behar ginuke zerbait gaizki badela gure mintzairan, bertzela ez laiteke hoin desberdin mintza eta izkiria herri batetik eta bertzera. Orai azkenekotz ene opinionia da gure mintzaira zuzendu beharra zen duela zonbait ehun urte, bertze mintzairak bezala, eta guretako aiseria eta atsegin izanen zen denbora huntan, bainan orai zuzentzen badugu atsegin hori bera izanen dute gure ondokoek. Agian ideia hau zabalduko da eskualdun kazeta, liburu eta erakustegi guzietan. (...) Konpreni daite nonbait badela euskeran falta handia / Herri batetik eta bertzera badugu diferentzia / Ainitz alditan gertatzen baita elgar ez konprenitzia / Abantail luke gure mintzaira orok berdin mintzatzia. (...) Adios beraz, adiskideak nahi ditut despeditu / Batto Buffalon, bertzia Baionan, urrun gatikan gertatu / Diskusionia segi dezazuen, ez dut nahi debekatu / Bainan euskera bat egitera gaiten oro entsegatu».

 

Bilaketa