literaturaren zubitegia

975 idazle / 4.659 idazlan
7.228 esteka / 5.602 kritika / 1.828 aipamen / 5.230 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Silvain Pouvreau

 

Euskarara irauliriko philoteen berri

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-9-19

 

        I. Gure mendebaldeko kultura goseti eta zapaltzaile honetan gehien argitaratu izan den liburutako bat Philotea dugu batereko dudamudarik gabe. San Franzisko Saleskoa 1567.eko abuztuaren 21an sortu zen izena eman zion Savoiako herrian. Pariseko josulagundiaren ikastetxean ikasi ostean, Paduako unibertsitatean zuzebideaniko doktoregoa eskuratu zuen 1592.ean, jarraian apaiz bizitzari erabat atxekitzeko. 1593.ean apaiztu ondoren, Saboiako kalbindarren artean saiatu zen horiek Eliza Katolikora erakartzen. Ez zuen denbora luze iragan behar Genevako apezpikutegitza berari eskeini ziezaioten, eta zeregin hartan 22 urte eman ostean, Lyonen zendu zen 1622.eko abenduaren 28an. 1661.ean beatifikatu eta 1665.ean kanonizatu egin zuen Alejandro VII. aita santuak, eta 1877.ean Elizaren Dotore izendatu egin zuen Pio IX.ak. Philotearena dugu bere lanik ezagunena doike, hamaika hizkuntzetara itzulia izan dena. Lehendabiziko edizioa, Introduction a la vie devote par François de Sales, Lyongo Pierre Rigaudenean ageri zen 1609.ean. Euskal Herrian 55 urte soilik iguriki behar izan zen euskarazko lehendabiziko edizioa karrikaraturik ikusi ahal izateko, Silvain Pouvreauk egin zuena alegia: Philotea edo San Frances de Sales Genevaco ipizpicuaren Philotea eta Chapeletaren Andre Dana Mariaren ohoretan devocionerequin erraiteco antcea, Silvain Pouvreau apeçac emana, Parisen, chez Claude Audinet, 1664. Bertan Saleskoarena 1661.ean beatifikatu Alejandro VII. aita santuari eskeintza eder bat jasotzen da, latin ezin hobez ondua, hortxe, Pouvreauk Euskal Herriaz zuen juzku on ona agerian utzi zigularik. Bestalde, lan honen baimen emaileak Baionako apezpikuaren idazkaria zen Sainte-Marie aita eta Frai Domingo Bidegarai genituen, azken hau frantxikotar baxenafartarra eta euskal lanen egilea, Nafarroako parlamentuak argitaratzeko dirulaguntza ez emateagatik agertu gabe geratu ziren lanen egilea alegia.

 

        II. Philotea-ren bigarren euskaratzailea Joannes Haraneder lapurtarra dugu 1669. urte inguruan Donibane Lohitzunen sortua eta hantxe ere apez egondakoa.        Philotea edo devocioneraco bide erakusçaillea San Frances Salescoac Genevaco aphespicu eta princeac visitacioneco ordenaren fundatçailleac eguina, Okzitaniako Tolosan agertu zen, Joannes-Franses Roberten etxean, 1749.ean. Geroantzean ere bigarren edizio bat azalduko zen Baionako Lamaignère baitan 1853.ean. Haranederrek bazekien jakin, berak baino lehenago beste norbaitek ber lana egina zuela: «Egia da bada, Diozesa huntako Jaun Apezpiku zen batekin Pariseko partetarik Baionarat etorri izan zen apez batek, eskaldunei zerbitzu errendatu nahiz, eskara ahal zakien bezala ikasirik, liburu hau eta bertze zenbait ere eskararat itzuli zituela eta Parisen inprima arazi». Alabaina ezagun da Haranederrek ez zuela gehixegi maite Pouvreau, ez berauk egin lana, eta bere aldaeraren hitzaurrean zatarki bazioskun: «Lehen itçulia izan da escuarara, ordean escualduna ez cen itçultçaile batec eguin ohi ceçaquen escuara gaits eta arranyu gabeco batera».

 

        III. Saleskoak ondu idazkiaren lehenbiziko euskal aldaera hegoaldean arrunt berantiarra izan zen, alta Jose Kruz Etxeberriak eginiko iraulketa 1821. urtera arte ez zen karrikaratuko. Jose Kruz anai frantxikotarra Oiartzunen sortu zen 1773.ean eta 1801.erako Zarauzko mixiolari apostolikoen etxean bazegoen. Predikalari nekaezina, Nafarroa eta Gipuzkoako hamaika herritan aritu zen hizlari. Esklaustrazio ostean Urnietara jo zuen eta bertan hil zen 1853.ean. Halarik ere, eta gure gaira ertsiki estekatuz, Devociozco vicitzaraco sarrera San Francisco Salesec aterea eta aita Frai Jose Cruz Echeverriac euscaraz ipini duena Tolosako Frantzisko Lamakoarenean agertu zen 1821.ean, ordudanik aunitz edizio berri ber-agertu zirela: Tolosa, 1824-2; Tolosa, 1852-3; Tolosa, A. Gorosabel, 1863-4; Tolosa, 1868-5; Tolosa, F. Mugerza, 1885-6; Tolosa, 1901-8. Etxekide zuen Mateo Zabala bilbotarrak ez zuen Etxeberriaren liburuez iruzkinik egin, nahiz aipatu bai apatu egin zituela bere bibliografian, eta honek, nonbait, deitoratzen zituela esan nahiko luke, edo bederen, juzku txarra ziela: «Como varios autores de las siguientes obras aún viven, me abstengio de dar censura a sus obras, si no la merecen buena». Etxeberriak, ordea, bere deskargua egin zuen Philotea-k hasmenta daraman «Iracurtzailliari advertencia labur bat provechuaz iracurri dezan» izenburuko atarikoan: «Libru onetan curiosoac falta asco topatuco dituzte, ta aguirienac eusqueraren gañian izango dira. Topatuco dute bear bada Provinciaco eusquerarequin batian Nafarroacoa, Vizcayacoa ta Arabacoa, cergatic guztietatic nabillela, ta beti corrica, escribitu det. Baña erreparoric andiena erderaz nastutaco itzacgatic eguingo dute. Baña zuc, cristau maitia, ez deazula onelaco aurqueriaz casoric eguin. Ez dezu libru onetan doctriña gaiztoric topatuco, animarentzat ogui gustosoa ta probechugarria izango dezu, ta aurrentzat eguiten den opilla, polita ta gaintzutua ez egonagatic, ez dezazula iracurri gabe utci. Eusquera garbi garbian gucia ipiñi izan baniun, etcenduan guztia entendituco, ta ala ez nuen deseo nuena logratuco. Utci bada aurqueriari, eta beguiratu sustanciari».

 

Bilaketa