literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.149 idazlan
7.837 esteka / 6.366 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Paulo Zamarripa, Txorierriko irri eragilea

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-9-5

 

        Nafarkaria irakurtzen dugun ekialdeko euskaldunondako, Bizkaiko kontuak orohar ongiegi ezagutzen ez ditugunondako hots, desagun, zentzurik zabal-zabalenean, Txorierri Bilbotik iparrera diren Deustuk, Erandiok, Leioak, Loiuk, Laukinizek, Gatikak, Deriok, Zamudiok Larrabetzuk, Lezamak, eta Sondikak osatzen dutela, eta hainbatek, Mungia bera ere sargarria litekeela baieztatzen dute duda izpirik gabe. 1877.ean Santandere aldeko Laredon sortu bazen arren, Paulo Zamarripa Uragak txorierritarra ukan zuen kabia, Sondikan pausatu baizioten goraki kiribilkatzeko parda, gurasoen bien sorterrian alegia. Hantxe eta Durangon bete zituen lehenbiziko ikasketak, apezgai gei zela joan, Gasteizaratu aitzinetik. Apezbidean Salamancan izan zen desgostuz: «Erdal-errian bizi naz orain / Erderearen lurrean / Ementxe nago Salamankako / Uri erdelzale zarrean». Haatik, 1906.etik aitzina, eta apez berria zelarik, bizkai errieta soilik ibilarazi zuten erretore: Bermeo aldeko Almika auzoan, Enkarterriko Otxaran barridean, Gatikan, Bermeon berean, eta bere Sondika kuttunean. Bertan zendu zitzaigun 1950.eko abuztuaren 17an. Abondo lanen egilea, iñork ez dio ukatu euskararen maisu gorena izan zenik, alabaina, bai ostera, bat baino gehiago bada ausartu Zamarriparen balio literarioa zalantzan ezartzera: «Usa lenguaje claro y relativamente puro, en el tono justo que hoy creemos conviene al pueblo lector. Los asuntos no son muy literarios, predominan los jocosos inspirados en juegos de palabras, etimologías chuscas, perogrulladas, más bien que en situaciones cómicas». Orixe zen 1927.eko RIEV aldizkarian horren xorroxki mintzo zena, baina literatur kritiko gehientsuenen juzkua laburbiltzen zuelakoan bagaude. Guziarekin ere, etzen makala Zamarripak bizkaieraren zuen menderakuntza, eta Azkueren beraren laguntzaile gisa ihardun zuen Lekeitiokoak tajutu 1905.eko hiztegirako, bereziki Txorierriko euskarari zegokionean. Ezin da ahantzi ere egin, Euskaltzaina izan genuela, ordezkoa bazen ere, Altubek gerraoste bitartean largaturiko kaderan 1941. urtetik zendu arteraino.

        Euskera bera izkiriagai, bizkaieran trebatzeko eskuliburu aparta eskeini zigun: El bascuenze facilitado: gramática bizkaina o método teórico-práctico para aprender en poco tiempo el baskuenze bizkaino, Bilboko Astuirenean, 1909.ean. 1950. urte bitartean zazpi argitalpen jasan zuen lan honi Conjugaciones guipuzcoanas izenburuko osagarria eskegi zion 1929.ean. Lexikografia mailan Vocabulario vasco-castellano y castellano-vasco ondu zuen, 1913.etik 1957.era lau edizio pairatu zuena. Guziarekin eta geure aburuz, hagitzez interesgarriagoa bada honakoa: Manual del vascófilo: libro de modismos, onomatopeyas, elipsis, uso distinto de la s y de la z, y otras cosas que conviene saber para hablar y escribir bien en vascuence vizcaíno —Bilbo, José A. Lersundi, 1913, baita berrikiago, Bilbo, Wilse argitaletxea, 1987—. Eliz gaiak ere landu zituen Zamarripak. 1903.ean, apeztu aurretik beraz, La iglesia y el euskera argitaratu zuen Gasteizko Iturberenean. Asteterena ere ordutik gutxira euskaratuko zuen, eta haurrentzako dotrin bat ere bazuen prestatu, Anaiak gara, Bermeon zegoela.

        Hogei urtetan hasi zen bere irri idazkiak argitaratzen, Azkuek lematu Euskalzale izparringian, eta orduko zenbait argitalpenetan bere umore lakarra isuri bazuen ere, La Gaceta del Norte egunkariko euskal orrialdea izan zuen agertoki hauta. Urtetan agertu idazkiak ordea, ez zituen, beharrik gero, hemeroteketan hilobiratu, eta hiru bilduma karrikaratu zizkigun sondikarrak. Kili-Kili: barre ipuiñak —Bermeo, Gaubeka, 1930— hiruetan ezagunena dateke Klasikoak sailean arragertu zitzaigunetik. Aurretik ere Zaparradak eta euskaltzaleen atseginerako eman zuen argitara Bilboko Emeterio Verdesen irarkolan 1926.ean. Honetan, besteetan bezala, euskara kezka iturri sakon zuela erakutsi zigun, nahiz eta, bere arrangura papereratzeko, drolekeriatan labantzen zela beti iduri: «Calleu zaiteze, mutis bascofilo danok, cerrau, ia, al momento, labio ta ezpanok! Gloria buenhablistari perpetuamentean! Descubridu cabezok bera encontrantzean, merced señor orreri, hallatu dugu aqui, baskuentze moderno bat, pulcroa, pues daki ignoratzen ebena Mogel famosoak eta otros que se llaman linguista honrosoak. Bai, si, buenhablistaren baskuentze nuevoa vosotrosena baño da mucho obagoa ta que facilla concho! Entero facilla baskuentze au sabitzeko cualquiera da habilla». Firi-firi: ipuin ta naste —Bermeo, Gaubeka, 1935— hirugarren irri lana dugu: «Lana egin daigun txiri-txiri, ta agertu daigun firi-firi». Honetan nabarmenagoa dugu garaiko giro politiko nahasiaz eginiko iruzkin satirikioak, gure egungo Nafarroan aise egunera daitezkeenak, aiseegi apika: «Toledoko probintziko erri batek Torrijos dauko izena ta sosialista bat alkate. Ta alkate sosialisteak, guzurra dala esan lei baña, bere neskamea dauko. Ta bere neskame orreri, bera zeozetarako dala erriko alkate erakusteko, erriaren lepotik erregalu polit bat egin gura izan deutso. Ezta milegro. Tira! Egon be eztago ezetariko milegrorik sosialistentzako. Sosialista alkate onentzako, beste sosialista askontzako lez, naikoa da gauzea non dagoen ikusi ta gero, gauzeari eskua jaurtitzeko modua eukitea, bai norberaganduteko, bai norberak gura daunari emoteko. Ta alkate sosialista onek, ikusirik, olango baten, bere erriko neskato eskola bat maistra barik dagoala, arin konturatu da an daukola entxufe yazeko bat bere neskamentzako ta... jakiña, ba, Joakiña!... bere neskameari emon deutso entxufe ori, bera bertako maistra egiten daula. Tamalez, bere maistretzearen alogera kobratzeko, onetarako egiñiko papertxuan bere firmea botateko esan bear izan deutso au esan leyon bat edo batek, eta orduan yakin da maistra barri orrek eztakiala firmetan. Ostean, orra or neskatoa beingo baten maistra eginda. Beingoan egiten dabe sosialistak euron karrerea».

        Olerkigilea ere bazen izan gure Zamarripa, eta hainbat lore jokoetan aurkezturiko nahiz etxeko kajoietan gorderik zituen olerkiez apailatu zuen Gora begira: olerki goi usañekoak bertsotegia, orori txori-kantari, seriosa eta alai, sakonki eta hergelto: «Ardaoz beterik ator / l moskortute ao / Zagi danak batera / Baño be moskorrao / Buru zoro ori baño / Askozaz astunao / Dekok gorputz ustela / Satsa baña ustelao / Nigana ator moskorti / Ardaodun txarrie / Baltzeoan lagundu / Dayan neuk? Ordie / Alde ortik! Etxoak gue / antojagarrie!».

 

Bilaketa