literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Constantindarren inguruko berri eli ments bat

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-8-29

 

        Ezin dugu esan mende hasmentako Zuberoan zegokeen txülülari famatuenetakoa zen Lexardoat jaunak berekin Londonera zamaltzain eraman zuen Constantin abizeneko atharraztarra geroantzean euskal izkiriagintzan nabarmenduko ziren Constantindarren aitzinekoa zenentz. Edozein modutan ere, izaro britaindarrei buruz heldu jauzigile gehienak denak basaburutarrak izaki, ez genbilzke soberaki erraturik hala bermatzerakoan, izan ere, Englandeko hiriburuko Hyde Park lilitegian zein Windsorreko jauretxean maskaradetako jauziak erret sendikoei eskeini zizkiotenak, aipatu bigez gainera, Altzabeheitiko Epherre kantiniersa, Antolako oihanean ahantzirik pausatzen den Hauzeko gatuzaina, eta Sohütako entsenaria baitziren.

        Ziurrenik ere, ordea, Jean Baptiste Constantin santagraztarra, famatuagoa zatekeen Atharratzeko zamaltzain airos huraxe baino. 1847.eko irailaren 5ean sorturik, Izpuran ihardun zuen irakasle 1873. urteaz geroztik. Eskualtzaleen biltzarkidea, eta Eskualduna izparringiaren noiz behinkako kolaboratzailea, Atharratzen zendu zitzaigun 1922.eko urtarrilaren 26an. Honi zor diogu bereziki Haritxabaleten berri zehatz mehatzik eukitzea, bestaldetik ere, doi barru, antza, Altuna-Lakarra-Urgell-Sarasola zaldun laukoteak lematu euskal klasikoen bilduma berdexkan 79 zenbakiz horniturik agertzekoa dena, Patri Urkizu lezoarren eskutik, eia noiz bada. Bien bitartean, eta interesik duenak jo beza Egan paperaren orrialdetara —1985, 3-4, 13-43 orr.—, bada, aldez aurretik Euskalduna aldizkarian eginiko bi saioek arrakasta haundirik izan ez zutelako: «Lübürüsko huntan Haritchabalet zenaren gainen ekarten dügün aipaldiak behar zükian agertü gure nahiala, diala urte parrasta bat. Hersatü ginen Eskualdunari, hartan zatika zatika ezar arazteko jaun apez haren bizia. Eskualdunak behin behin hun-hartü zian gure galtua, bena bertan dolütürik, ützi güntian erraiten zeikülarik: bego ixilik halako apezaren oritzapena! Eskualdunaren bürü zen jaun apezak, Hiriart-Urruty zenak, etzian arauz seküla Haritchabaleten gainean entzün mihi lüziek erabili dütien eletarik zerbait baizik. Hortan baratü zen gure lan hasia. Geroxiago haatik, Eskualduna esküz kanbiatü zelarik —Grazien Ademaz ari da naski—, berriz ere hari bürüz abiatü ginen, aitzineko xede berian. Lehen aldian bezala, bigerrenian ere Eskualduna hasi zen Haritchabaletez mintzatzen, bena bizpahirur hoillatan jaun hura aipatü onduan, kaseta üskaldünak hetsi zeikün borta. Eskualdunak ogen üken dü lehen aldian eta bigerrenian». Guziarekin, eta Jean Baptiste zendu ostean, apez santagraztarrari buruz tajuturik zituen aipu goxoak, behingoz ere, baziren azaldu Baionako aldizkarian —1926.eko jorrailaren 13ko 1.376. alekian—, beste ziberotar baten eskutik naski, Lhanderen eskutik hots. Dominika Haritxabalet (1760-1834) Santa Graziko eta Santa Grazin jardun apezaz kurritzen diren pasadizo xelebreek, ohi denez, pertsona bera ere gainditu eta estali dute, eta erakusten duten jukutria gatz piperduna, Pernando amezketar bati ere lasai aski egotz lekizkioke: «Haritchabalet etxera heltü zelarik, amak besarkatü zian eta potez abantzu jan. Gero eman zeron edatera. Godaleta etzen txipi, ez handi ere, laborari godalet bat. Hüstü bezain sarri, krakez, Dominikak eror-erazi zian godaleta sotena mahankalat eta esküz lotü zen züntzürrari, üdüri zerbaitek itotzen ziala. Ama hasi zen oihüz: Zer dük? Haritchabaletek egin zian: Deusere, deusere orai, godalet txar hura erori zait ahualat eta gaintitü düt. Ama harritü zen. Egün berian erosi zian Atharratze Martxantenian, barnez gatülu tarro baten heineko godaleta, seme jaunarentako».

        Jean Baptiste, herkide zuen Xaxi Garbirekin esposatu zen —sorterrian berean, ia mendea betetzear zegoela (1854-1948), zendu zen andrea—, eta Izpuraraturik zeudela, Albert semea izan zuten Baxenafarroan. Honek medikuntza ikasketak burututa Atharratzen arizan zen bedezi. Pierre Broussain miriku hazpandarraren laguna, harekin izaniko posta-truke nasaia irakur dezakegu Gure Herria aldizkarian —«Fonds Broussain: les lettres du docteur Albert Constantin: 12-12-1899 — 22-6-1919»—. Albertek utzi zigun «Les basques et l'unification nationale sous la revolution» artikulua, Baionako zientzietako, letretako, arteetako eta bertako ikasketetako Elkartearen aldizkarian azaldu zena. Andre Constantinek ostera, askozaz ere ekarpen zabalagoa eskeini zigun, orduko hainbat aldizkaritan barreiaturik: Baionako museoaren argitalpenean, «La vie du Musée Basque de Bayonne» —1924., 1925., 1926., 1934., eta 1941. urteetan—, «Le Musée basque à Londres» —1927. urtean—, «Les danses spécials au Pays de Soule» —1927. urtean, eta geroantzean La danse izenburuko liburu soilean, Baionan, 1935.ean—, eta «A propos de chocolat de Bayonne» 1933.eko hitzaldi interesgarria: «S'il est une réputation universellement répandue et qui s'est maintenue sans défaillance depuis plusieurs siècles, c'est bien celle du chocolat de Bayonne»; Gure Herria argitalpenean «Au sujet de toki et tegi» —1951.ean—, «Hommage de la Soule à M. Saint-Pierre» —1952.ean—, «Leçon sur le Pays de Soule» —1957.ean—, eta euskaraz ondu «Eskiulako herria nuntik nula egin den» —1954.ean—. Karlos Espilen eta Bittor Aranaren El País Vasco —Donostia, 1955.ean— liburuki gotorrean, eta gibelago ekarri Andreren aitzineko atharraztarrak dantzarekiko zaletasuna iratxeki bailion, «La danse souletine» azalpen sotilak eskeini zizkigun.

 

Bilaketa