Idazle zarotar baten inguruan
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1997-8-22
Zaroin etxea Unanun dagoen arren, ez da Ergoiengoa 1841.ean munduratu zen Jean Pierre Arbelbide, garaztarra baizik. 1867.ean apeztu ostean ez zen eliz-parropia undats batean ekuratu, eta uste baino lehen Hazparneko misiolarien etxeko nagusia izatera iritsi zen. Urte haietan gogor ihardun zuen Belokeko beneditarren lekaidetxe berria sortzeko, eta langintza horretan gelditzeke labaindurik, antzeko asmoak agertu zituen Hazparneko misiolari-etxea apezpikuaren menetik ateratzeko, orden berri baten antzera sortuz edo. Alabaina Baionako gotzaiari ez zitzaion gehixegi laketu ideia eta zarotarraren amets sortzaileak bertan behera gerarazi zituen. Hau gertatu aurretik, eta hasiera bateko asmoetara plegaturik, Hego Ameriketara nahiz Erromara bidaiatu zuen. Nonbaiten ere 1888. urte aldera Iruñeko eliznagusiko kalonje izan zela agertzen da, Baionako gotzaiarekin zezakeen aharrari sahiesbidea ote. Azkenean, benefiziadutza baten sortu zuen Baionako eliznagusian, zeinaren eratzailea eta mozkin jasolea zen aldi berean, eta ber elizan kalonje iraun zuen bizi bitartean, hau da, 1905. edo 1908. urtera arte.
Bat baino gehiago dira Arbelbidek ondu liburuak, oro har erlijioa gai nagusi dutenak. Moldizkiratu lehenbizikoa 1887.eko Bokazionea edo Jainkoaren deia dugu, Lillen agertu zena, San Agustinen elkhartasuneko Jaun Desclée de Brouwer eta hekien lagunen moldetegian, Zunharretako Intxausperen baimenarekin. Argira eman bigarrena Erlisionea: Eskual Herriari dohazkon egiarik beharrenak, Heren Ordenako chehetasunekin eta meza-bezperen othoitzekin dugu, hiri flandriarreko irarkola beretik 1890.ean elki zena bigarren edizioa 1892.ekoa da. Arras liburu potolo hau Lapeireren Kredo edo sinhesten dut esplikatua liburu famatuarekin antza ikaragarria dauka: erlijioaren gizakiak lezakeen beharraz, elizaren ondareez, Jasukristoren potereaz, Aita Santuen trunpatze ezinaz, fedeaz nahiz sinismen ezaz, edota Leon XIII. aita santuak proposatu hirugarren ordenaz. Ez da harritzekoa baina, alta Bidarteko apez askaindar adinkidea ekanduzko lankidea baitzuen, geroxeago ikusi ahal izanen dugunez. Lan honetan hiru dira irakur daitezkeen baimenak: Jaun Intxauspe bikario jeneralarena: «Gutiziatzeko da beraz liburu hau eskual-herriko familia guzietan khausi dadien eta artharekin irakur», Jaun Beltzagi Donibane Garaziko apez handiarena, eta erderaz dagoen Dihartzerena. Heren ordreko anai arreberi bi hitz, 1890.ean eta ohizko lekuan ere agertu zuen karrikara. Halaz guziz, eta gai berbera kiribilkagai, Hazparneko Etxepareren Tierceren escu liburua Baiona, Lasserre, 1862 eta 1870, eta mendean Luka Babaki Arranbide zen Blas Mendiondokoaren 1914.eko Heren ordenako erreglaren xehetasunak liburu parea dukegu.
Dena den Arbelbideri osperik nabarmenena erakarri zion lana Igandea edo jaunaren eguna meza bezperen othoitzekin izan zelako bagaude. Beste guziak bezala Lillen 1895.ean azaldu zen, eta izenburuak dioen gisaz, igandean kristauki nolatan zotukatu erakustea luke helburu. Liburu hasmenta, ordea, «Aitzin solasak» goiburua duen atarikoan euskararen eta euskaldunen gaineko hainbat burutapen luzatu zituen, zinez interesekoak eta egungora arront egokigarriak mende pasea jagoitik higatu den arren: «Oroz gainetik eskuara dezagun ikhas, mintza, irakur, osoki ezagut. Eskuaraz gaitezin elhesta ala etcheko jendeen artean, ala herriko adiskide eta lagunekin, bai eta herriz kanpo ere, hitz batez, non nahi, eskualdunekin garen ber. Erderaz noiz nahi mintzatzeko errebeskeriak errekarat garamatza eta makhur horrek diraueno, gue eskuara egunetik egunera galtzerat dabilke. Nola daite bertzela? Erdaratar horiek gure bilkhura guzietan dathozi, erdi frantses eta erdi gaskoin, hastean ez deraute nihork irri beizik egiten, delakotzheyen elhea nahasiabezain bitchi, bainan hek ez dire lotsatzen! Ergelkeriari datcheko thema, eta ihesi joan behar orde, listor burrumba horiek darraizku bethi, erdara dariotela. Nik uste lotarik ere erdaraz amesten diren, eta ahalik balute, gauaz ere lethorzke berdin gure beharrietara. Huna zer den ene beldurra: erdarari sobera trebatuz, eskualdunek premia ttipitan har dezaten herriko mintzaya, eta geroztik ezacholaki bazterrerat utz dezaten. Ez zayote iduri ez askori holakorik gertha daitekela. Horra beraz bi izurrite gure eskuaragaltzen ari dutenak. Hirugarren bat badugu: Eskual Herritik kanpo, hirietarat edo ameriketarat joaiteko ezin egona. Eta zer gerthatzen da hortik? Bazterrak oro eskualdunez husten eta gaskoinez bethetzen! Etchetiar eta ofiziale gehienak arrotzak ditugu, nombaitik ethorriak, osoki erdaqldunak, eta gure mintzay ederraren orde, ez dakit zer hizkuntza ahalkegarri gutartean hedatzen ari dutenak. Halarik ere uste dut nik ez dela gure eskuara sekulan galduko, eta guziz huna zerk atchikiko duen: eskuarazko liburuek, denbora hotan ederki eta nasaiki agertzen diren liburuek. Bretainako eskualdetan gaindi ibilia naiz demboran, eta nola Bretaniak mintzaya bat baitu gurea bezala zaharra eta alde guziz ederra, mintzai hortako gizon jakintsunenak ikhusi nahi izan ditut. Gu uzkur bezain hek erne ete lehiatuak dire. Ala aitorensemek, ala aphezek, bai eta aphezpikuek berek entsegu frango baderabilate herriko mintzaya zahar ederra chutik atchiki beharrez. Ochala hortaratuak bagine gure Eskual Herri maitean! Ai orduan ez ginuke ez egroaz lotsatzerik, gure mendietako harrokek bezembat iraun lezake gure eskuarak».
Hona arte ekarri laukotearekin ertsi ohi da Arbelbideren ekoizpen idatzia, baina gehiago badira Zarokoak largatu zizkigunak. 1889.ean eta Baionako Lasserreren etxean Hazparneco misionesteyan Jesusen Bihotz sakratuaren anayak atera zuen, eta bederatzi urte beranduago Archives des Missionnaires de Hasparren inprimarazi zuen Buenos Airesen. Ezagunagoa dateke ordea 1892.ean Baionan agertu Hazparneko kalbarioa eta kantika eskuarak beren aireekin. 1890.ean Hazparneko Arroltzemendi kaskoan kalbarioa eraiki zutenean, Arbelbidek berak bildu zituen orduko predikalari euskaldun hoberenak bertan mintza zitezen. Arbelbidek bakoitzari zehaztu zion beharreko gaia, nahasmendurik izan ez zedin, eta halaxe, Larresoroko apeza zen Arnaud Abbadiek, Jean Leon Bastresek Agustin aita senperetarra Belokeko komentuko fundatzailea eta abadea Idiazabalen 1904.ean zendu zenak, gorago aipatu Beltzagik, Txoribitek, Lapeirek eta Zanzinenak tajutu sermoiekin gehi Arbelbidek berak jaso kantekin eta hauei zihoazkien partiturekin batera apailatu zen liburu hau. Urte honetantxe ere, zensoregile arizan zen, Sakelako liburuchka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia Mixel Elizanbururen idazkiaren aintzineko orrietan begizta daitekeen gisan.