Alejandro Tapia Perurena olerkari iruindarraz
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1997-8-8
Ez da lehendabiziko aldia Caja de Ahorros de Navarra delakoaren gerizapean argitara emaniko Nafarroako Entziklopedia Itzela bilduma aipagai dugula, eta egia esatearren, komunzki ez da euskaldunondako dituen berri apartak gailentzeko izan, ez eta hurrik eman ere. Euskararekin lotura duten sarrerak nabasiegi baheturik datozkigula hatzemateko ez da hagitz azkarra izan behar, eta hori ere orrialdeak tresondatzeraino iritsi direnekin, izan ere, aunitz eta aunitz agertu ere ez baitagertza adibide bakarra aipatzearren, hortxe dauzkagu ahantz bide malkar gorrian Otsagiko Garraldatarrak, aita eta semea. Arazoa, ordea, ez da gure herriko bene benetako eta lehendabiziko kultura gezurtatu, izkutatu eta isilarazi digutenena bakarrik, eta hala izanen balitz bederen, gauzak bestelakoak lirateke. Arazoa, eta larriena dena, guk geuk geure aldetik aintzinarazten ditugun berri iturrietan datza engoitik, geroago eta sakonago, geroago eta zuzentzen nekezago, izan ere, Otsagiko idazle albaitariek erdal hiztegietan sartzea haizu ez badute, oixtian etxe honek banatu entziklopedia zortzidunean ere, bere 3.333 orrialdetan, ez zen idazle umil hauez errukitu, ez eta beste zenbaitez ere, eta naski, honek min digu, bada, haien erru bakarra, agidanez, nafarrak izatea dateke soilik.
Nahiz abizenen aldetik aisa iger litezkeen ekialdeko ibaxetako zein Leitzaldeko askaziak, Alejandro Tapia Perurenaren errua iruinxemea izatea genuen. Horregatik bada sarrera exkaxa erdietsi ahal izan zuen nafar banketxearen aipatu segida editorialean X. alekia, 436 orrialdean, eta, horregatik ere, agian, ezin izan zuen Harluxet fundazioaren saio orohartzailean tailis mendrenik ere ireki. Horixe da gure mixeria!
Tapiatarrek mende akaberako Iruñe ertsi hartan hain ugariak ziren denda horietako batean zuten bizibidea, ezko eta txokolate saltzaile, egun Ebano boutique esotikoak bere jantzi koloretsuak pausatzeko duen egoitza berean. Alejandro 1899.eko abuztuaren 11an jaio zen, eta seguroenik, premu ez izatearen kariaz, bost haurridetan hirugarrena baitzen, dendan aritu behar izan ez zuelako edo, ikasteari ekin zion luzaro eta guritsu, hiriburu nafarretik Europarantz, Parisen hiru urte eta Alemanian beste bost higatuz. Etxera itzuli zenean, lehengusua zuen Ilundain irina merkatariaren kontuak eraman zituen irakaskuntzan erabatez sartu aurretik. Zekizkien hizkuntzei eskerrak ez omen zituen arazo haundiegiak lana egiteko, eta denbora gehiena Aldapa karrikako bere etxean eman arren, Lekarozko ikastetxean ere euskara irakasle gisa ihardun zuen bulta batez. Tenore honezaz ari bide da «Baztangto mendiak» olerkian zihardunean: «Nik maite zaituztet Baztango mendiak / Udalen yorian iratzez yantziak / Igaro bainitun zuen nagalean / Urterik onenak gaztetasunean / Baztango mendiak nere gaztaroko / Poz eta atsekaben mintzoge-lekuko!».
Alejandro Tapiaren idazkigintza Euskal Esnalea izparringiren orriotan argitara zen estrainekoz 1925.ean. «Zoruna» eta «Itundasuna», Parisetik igorriak diren maitasunezko olerki parea dugu, Shelley poemagile erromantiko ingelesaren bertsoak goiburu dituztelarik: «Maitea / Zein itun / Nagon zugandik urrun! / Atsalde illun batean / Negarka aldendu giñan». Geurtz ere Parisetik bidalduriko «Agur» eta «Gallurrarontz» poemak azaldu ziren Donostiako aldizkari berean: «Urra dituzte arantz zorrotzak / Gogorki nere aragiak / Eta pistiak utzi dituzte / Nere gorputzan ortzen atzak». 1927.ean berriz «Miren Josune» olerki luzanga agertarazi zuen beste bidaltoki berri batetik baina, izan ere, urte hartako Bilbon baikenuen idazle iruindarra: «Eguzki illetsiaren / Azkeneko erlantzak / Laztentzen du neskaren / Gorputza liraiña / Motots oralla dauka / Uztail garia legez / Itxas baretsu bezin / Begi naro oztiñak / Kolko bat aberatsa / Arro ta ziltzagille / Esnearen margoko / Lepo zut lerdena / Izteak erdiraño / Gonak destalzkiote / Ta espe oskietan / Dagoz oin txikiak / Erriko neskatilik / Ederrena da baiki / Beraz so dagiote / Irritsaz mutillak».
Tapia Perurenaren lana ez zatekeen oharkabean pasatuko, eta gerratearen aitzineko urteetan burutu ziren Olerti Egunetan parte hartu zutenen artean zegokeen. Ezagun da ospatu zazpietarik bost ekitaldien lanak bakarrik argitara eman ziren Eusko Olerkiak izenpean, Aitzolek apailaturik eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz, Errenterin, Tolosan, Hernanin, Urretxun eta Zarautzen aurkezturikoak alegia. Argitalpen hauetan ere Tapiaren olerkiak irakurgai ditugu, 1930., 1931., 1932. eta 1933.eko alekietan: «Txori mindua», «Olerkariaren gaua», «Seaska ondoan», «Azkatasun», ...
Alejandro Tapiaren ageriko bidaldi poetikoa Yakintza aldizkarian ahitu zitzaigun, guda aurretiko 1933-1935 hirurteko artegan, eta Olerti Egunetatik ezaguna zukeen Aitzolen eskutik. «Orein zuria», «Lore Igarra», «Biotzean min dut», «Urretxindorrak», «Lore bikaña», «Baztango mendiak», «Izanen aiz nerea», «Itundasun», «Erregeak digaroz», «Neskato utzia», «Maitasun atsegiña», «Sagardi loretsuak» eta «Lore aiñako zera» dira hartan agertarazi zituen olerkiak. Tapiak erabili zituen inspirazio iturrien artean, Lizardi legoke, geure ustetan, eta zenbait bertso lerroetan eragina sobera argia litzateke. Lizardi zendu zenean, «Biotzean min dut» ondu zuen bere omenez, Zarauzkoari zion berigunea zein maisugoa leialki aitortuz: «Biotzean min dut, min garratz aundia / Negarra darie nere begi oki / Enarak datozen garayez il zaigu / Ain maite genuan olerkari aundi». «Sagardi loretsuak» Tübingenen 1933.eko lorailan zegoela sinatu zuen, eta Tübingengoa zen Ludwig Uhland olerkariaren idazkiak zituen gustokoak, baita itzulgai ere, Aingeru Irigaraik jaso zuen gisaz. Idazle germaniarren artean ere Heinrich Heine erromantikoa, Friedrich von Schiller edota Goethe handia zituen atsegingarri. Jon Kortazarrek XX. mendeko euskal literaturaz tajutu ikerketa jada klasikoan, gerra aurreko urteetan euskal poesigintzaren barruan gure Tapia kokatzerakoan zera zioen: «Una corriente más objetivista y costumbrista guió la producción de Tapia-Perurena». Honakoa zalantzetan jartzeke, Tapiaren olerkietan nabariegi agitzen den hel ezineko maitasun hitsa litzateke bere ezaugarririk aipagarrienetakoa: «Lore aiñako zera / Lirain eder garbi / So ta ituna gogoan / Sartzen zait emeki / Nerea iñoiz izanen / ez zeran neska apain / Zai bezaitza Urtzik orren / Garbi eder lirain».
36.eko gudaldiak gure gizona hil zuen kulturalki. Gerrate aurretik harremanetan izan zen Iruñaldeko euskaltzaleekin, Euskararen Adiskideak taldekidea zatekeen, eta Euskara aldizkarian behiala Jose Maria Satrustegik Tapia beraren alargunarengandik jaso bezala, Korpus Lakidain orriotarrarengandik hots, Jose Agerre Santesteban eta Leitzako idazkaria izandako Jose Perurena lehengusua lagun minak bazituen. Nahiz Vida Vasca aldizkarian bi ekarpen bakanak eskeini zizkigun, 1956. eta 1958. urteetan, argi aski esan daiteke gure gizonaren ibilbide literarioa 36.eko basakeri erdalzaleak eten zuela betiko. Harrez geroztik isiltasunik ozenenean iraun zuen 1957.eko maiatzaren 21ean zendu arteraino. Hil ostean, Satrustegik idoro eta ezagutarazi Kattalin umezurtza antzertilana irakurri ahal izan genuen Euskaltzaindiaren paperean, eta ziur gaude ezezagun zaizkigun lanak ugari direla oraindik ere.