literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Laborarien liburuez

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1995-3-31, 1995-4-7, eta 1995-4-14

 

 

        1. Ezaguna dugu honezkero ainhoarra zen Jean Pierre Duvoisin kapitainak berrogeitalau kapituloetan barna ondu Laborantzako liburua edo bi aita semeren solasak laborantzaren gainean idazkia. Hagitzez gehiago Kriselu argitaletxearen moldetegietatik eta Klasikoak bilduma berdexkaren hirugarren zenbakiarekin zegoenekoz 1986. urterako agertu Patxi Altuna euskaltzainak prestatutako berargitalpena gozatzeko aukera izan dugunetik.

        Interes haundiko lanabesa Duvoisinek nekazariei eskeini ziena. Aipatu behar hauxe dela mugazainak sorturiko lan soila, izan ere izkiriatu zituen beste euskal idazki guziak itzulpenak baitziren, bai aduanaren etxolan zegoela lanaldiek uzten zizkioten txolarte bakanetan eginiko Fenelonen Aventures de Télemaque, bai Bonaparte Printzea berak ere eskatu Biblia osoaren translationea, euskaraz egindako lehendabizikoa. Azpimarratzekoa ere bada liburu hau burutu ahal izateko erabili tenore eskaxa, bi urte baino gutxiago alegia, hau bezelako igali mamitsua jalgiarazteko. Halarik ere, ez dut luzamendu gehiagorekin irakurlea hemen galdu nahi, alabaina eite honetako beste idazkirik ere are ezezagunagoak egon baitago, oraikoan ikusgai dituzkegunak.

        Berriki , eta Eduardo Gil Bera idazlearen eskutik espreski, aukera berria izan dugu On Jose Maria Lakoizketa Santestebanen lana irakurri ahal izateko. Ezta gutxi gero, benetan poztekoa baita eskuetan berreukitzea berrargitalpen galdu ahantzi hau. Dena den Elgorriar Murtxantekoak ez omen du horren aisa segizio honen egitea. Oztopoak ugari, nonnahi ez hain zuzen, suposagarria den hortan bai baizik. Betiereko kontuak. Eztira guti gero.

        Saiogile oparo trinkoak sarrera ederra ere ondua du Narbarteko erretorearen liburukiarendako, non haren bizitza eta mirakuluak azaltzen baititu. Jose Maria Lakoizketa, Narbarteko erretoreak Diccionario de los nombres de las plantas en correspondencia con los vulgares castellanos y franceses y científicos latinos izenburuko liburua argitara eman zuen 1888. urtean Iruñeko Imprenta Provincial izeneko moldiztegian. Hauxe ezta euskaraz izkiriatu lana, baina bertan ematen diren berriak benetan jori malatsak direla. Horrelako bilduma luzexka bat landaren euskal ordain guziekin benetan lan mardul erraldoia suerta. Euskal literaturan aditua den Koldo Villasante frantxikotarraren hitzetan, Larramendiren 1745.eko Diccionario trilingüe lan famatuari gehixegi beha egotea leporagarria zaio. Hala eta guziz ere, benetan berri iturri freskoa dugu liburu honek isurtzen diguna.

        Lakoizketarekin batera Iruñean zeuden beste ikaskide batzuk ere botanikazko liburuak agertu zituzten 1880. urte aldean, esaterako Natalio Cayuela Asimansek —Plantas cogidas en las inmediaciones de Pamplona— zein Kaparrosoko botikaria zen Ruiz Casaviellak —Catálogo metódico de las plantas observadas como espontaneas en Navarra—.

        Sarreran Gil Berak eskeintzen digun gisaz, bitxia dugu Lakoizketaren eredua, Pío Barojak berak beren bi lanetan gutienez ageri zuelarik —El caballero de Erlaiz eta El cura de Monleón—. Herrian denen trufagarri gertatzen zeno, Pariseko Societé Française de Botanique elkarteko kidea dugu, hala nola Madrileko Sociedad Linneana deiturikoarena ere.

        Lanaren eskuizkribuan bada argitaratu etzen kapitulu bat beranduxeago Pablo Fermin Irigarai ateratzen duena Boletín de la sociedad aragonesa de ciencias naturales —v, Zaragoza, 1906— aldizkarian. Honetan nekazaritzaz mintzo dugu bertizaranarra. Gariaren nahiz lihoaren landatzeari uztearen abaintailez aritu zen, zelai belarren aldeko apostua eginez abeltzaintzari gogorkiroago eustekoz. Jules Verne baten antzera, gauza haboro oraino aurreikusten du, esate baterako trenbidearen agerpena Bidasoa-Baztan aldean, 1916. urtean Irun-Elizondo bidea sortuz.

        Jadanik hogeigarren mende honetan, Gipuzkoako Diputazioaren Nekazaritza Batzordeak egin Nekazaritza irakurraldiak mendialdeko ikastolaentzat agertzen da Donostian 1933.ean, Diputazioko irarkolan. Nork ez du ikusi? Zabalkunde ikaragarriko liburua dugu hau. Ene kasuan, bitxi samar suerta zait ale hau Tuteran ikusi izana —«Donación de la Sociedad de Estudios Vascos Eusko Ikaskuntzaren Emaitza»—. Benetan aholku bereziak ematen direnak Txikiren marrazki klasiko horien bidez eta Serapio Mugikak euskaratutako testu ederraren bitartez. 104 orrialdea leitzerakoan ezin uka Patziku Perurenak egindakoarena gogora datorkidala apoez honela mintzatzean: «Orobat dira igel ta larrapoak nekazariaren lagunak. Animale oiek iguingarriak dirala ta, akabatu nai genituzke; ordea landareen etsaiekin oiek lan bikaña egiten zomorroak erruz iltzen, lotsadun ta eskerdun gintzaizkieke. Ta ain lan bikaña ezik! Lur gañetik animali gizajo oiek ezkutatuko balira, gizonak jaten dituan landare asko gero ta minte geiagoz ondatuko lirake».

        Gaurkoz ahitzeko, soilik aipatu beste idazle baten lan ederra. Hau da 1874.ean Leaburun sortu zen Inozenzio Munita Arizmendik, Aramako Erretoreak hain zuzen ere, Gure mendi ta oianak: zuaizti berriak antolatu ta lengoak zaintzeko zuzenbide batzuek izenburuko 160 orrialdetako plazaratu zuen idazkia, 1952. urtean Tolosan, Mugerzaren etxean. Honetan zuhaitz mota ezberdinen deskribapena zein landaketa-zainketarako aholkuak eman zituen. 50. orrialdean Leitzako gaztañondo bati buruz aritu zitzaigun, oraiko zaharraren batek oraino agian aditua izandakoa: «Leitzako errian dago. Bere gerria inguruz amabi metro bada. Agiri dan zulotik sartuta, lau gizon egoten dira batera, barruan. Zortzi gizon behar dira, alkarri eskuak emanda, bera inguratzeko. Sinisten ez badezu, Leitzan Soroa baserri ondoan billatuko dezu. Egia, zerbait da ikusi gabe siñistea ere».

 

        2. Jadanik hogeigarren mende honetan, Bizente Aizpuru Agirrezabal izeneko Ordiziako semeak gai hauekin zer ikusirik duen beste liburu bat eskeintzen digu: Nekazaritza euskalerriko nekazarintzat. 40 ikasgaiez hornitu 214 orrialdetako idazki hau Donostian agertu zen 1930. urtean Leizaolaren moldiztegian. Era guztietako aholkuak ematen ditu. Lurra nola landu, landareak, arbolak, basoak nola zaindu, behiak, oiloak, zerriak, erleak etabar nola hazi... Natur zientzietako ezagupen zientifiko ugari dago barreiaturik liburuan zear. Halaere, euskara traketsa du, egileak berak aitortu zuen moduan. Horregatik apika, 1000 aleetako tirada horrek etzuen arrakasta haundirik lortu. Egilearen gora beherak ere ezin interesgarriagoak. 1809. urtean sortu, Suizako Friburgon ingenieritza agrikola ikasketak bete egin. Ordizian baserri lanetan aritu. 1928.ean Iruña ondoko Ibargoitiko Elora joan zen bere osaba baten lurretako ekoizpena antolatzera. Azkenik, 1939.ean bueltatu zen Andoainera. Eloniko egoitzak markatu zuen zeharo. Karlista eta nazionalisten arteko zubia izan nahi zuen, Irujorentzat aunitz boto lortuz lehen itsu itsuan karlista zen Elo bezelako herri batean, eskuineko blokearen atzean geratzen den bigarren partidua izanik 1933. urtean. Errepublikanoa, foruzalea, federalista eta guztiz agnostikoa izateak ezin hobe deskribatzen zuen bere burua. Beraz guziz pertsona interesgarria.

        Honekin batera, eta pertsona honen oroimena hona ekarri ezkero, ezin esan gabe utzi idazle berak eginiko haren bigarren lana, hau da, Gazteak garbik izan, garbitasun bidez zeoz nagusituko zerate pake ta zoriontasun bilatz. Hauxe bera Elo herrian argitara eman zuen 1930. urtean nahiz Beasaingo Zunzunegi moldiztegian inprimatu 1000 aleetako edizio bakarra. Lana bi hizkuntzatan dator, eta bi zatien artean 200 orrialde inguru lortzen ditu. Esan erderazkoa hasieran dakarrela, eta honen gainean horrela mintzo zaigu autorea: «Orain bada euskara atala: bidez lenbizi joan bear zuna, zergatik nere oldozkaiak ere jakiña, euskeraz bururatuak diralako ta ate sarrera baten bi jaun eztabaitzen diran erara, ele euskera apalak adei besteri aurretasuna utzi diyo. Uarrarazi bear dizuet gañera, ez direla bi atal erder-euskara abek, ziaro berdiñak; esan nai det orrekin ez direla itzak biurtuak, ez baizik gogaiak bakar t'aska lasai».

        Liburuaren helburua euskal gaztediak ezkondu bitartean erabateko sexu garbitasuna nola gorde azaltzea da. Liburuaren kapitulu guziek honetaz dihardute, batek kenduta, bosgarrenak alegia, determinismoari eta fatalismoari buruz ideia bitxiak plazaratzen dituena. Aizpuru orduko apez ertsiak baino gehiagok ezberdintzen du horiengandik, esate baterako, darabilen arrazoitzeko estiloak, darakusten sexu arazoez tapakirik gabe aritzeko ausardiak, eta, finean, arazo psikofisiologikoa nahiz sexologikoei eskeini arretak.

        Beraz, ez da harritzekoa, horrelako lan estua zein ertsia izan arren, liburua kondenatua izatea. Gasteizko gotzaina zen Mateo Mujikak lazki galerazi zuen eta Aizpururen lana, determinismoa, eboluzionismoa, aitorpena ukatzea edo Jesukristoren eite jinkotiarra bera ere zalantzan jartzeagatik: «prohibimos gravemente y bajo pecado mortal a nuestros diocesanos leer, comprar, retener, vender, traducir o editar (...) mandamos a los que posean algún ejemplar del mismo que inmediatamente lo destruyan».

        Bukatzeko, hona hemen pasarte interesgarri bat, Aizpururen puritanismo bitxia erakusgarri: «Umea motilla, geien geienean itxu itxun eduki nai izaten da umezketako edo abenda ugaritze gai onetan eta bere umerkeriñ galderan bat egitea ausartzen bada bere gurasoeri, onek arrituta ipui edo sorgiñ itxurako erantzunakin utziko du, baña azten dijoala, kalen azaltzen danakin edo lagun azixegok esaten erakusten diyobenakin, laxter kontu ematen da, eskutuko gauz arrigarrien bat dagoala gai orretan eta nola geienetan motil zital azixego oen erakusketa da oker ta lizunkorra, ara norrela gaztetxo orren gogai izakera okertzen dan; ta beretzako, gai ontako gauz guzi abek ta eskontze bera ere, izango direla bekatu txarkerik bezala ta aurreera ondo gordeko da ezer ere galdetsez, ez aita, ama t'etxeko iñoeri ere gai onen gaiñ; bakarrik bere lengo lagun azixego zital oek izango ditu irakasle edo maixuk ta au izaten da geienetan motiko orren galtze bidea tximukeri (euskaraz garbik ez du itzik alako zikinkerientzat) gexalkor orreta emanik».

        Honezkero, ez ote litzateke komenigarriago izanen puritano bezala deskribatzea baino, neo-estoikotzat jotzea gure Ordiziako idazlea? Baliteke gero. Baliteke.

 

                3. Nekazaritzari buruz izkiriatu euskal idazkien berri ematekoa den hirugarren eta azken aipua bada egungo honako hau. Horrela izanik, gaitezen has ekei guziz arront interesgarri batekin. Goierriko Altzagan sortu zen Juan Domingo Goitia Garmendiak nekazaritzarako 112 orrialdetako galdera-erantzun eiteko esku liburu bat argitara eman zuen Tolosan Eusebio Lopezen moldiztegian 1886. urtean izenburu honen azpian: Agricultura eusquerazcoa edo Eusquerazco agricultura necazari euscaldunentzat guztiz egoqui datocen ejercicioac eracusten dituana eta Carlos Irugarrenaren Españar-malla erreguezco aguiriyan zaldun dan Alzaga-co necazari Juan Domingo Goitia Garmendiac escribituba.

        Aurkibide zabala giputzak eskeinia, liburu osoa sei atal nagusietan banatuta utzirik. Lehenengo partean honelaxe aritzen da: «munduan lenengo guizona ceñ izandu zan (...) diluvio edo udalde universal edo mundu guzticoa noiz izandu zan eta lurrac nola elcortu ciran (...) euscaldun errietaco necazarien artu-bideric andiena certatic datorren». Segituan bigarren, hirugarren eta laugarren claseco necazarien gañean dihardu. Hirugarren zatian ganadu janariac ereiteco gañean eracusmenac ditugu, bosgarrena necazari euscaldunac lagoreac ereiteco gañean eracusmenac, eta seigarrengoak arbola aciac ereiteco gañean eracusmenac argikiroazaltzen dizkigu.

        Guzi honezaz gainera, bukaera eder bat dugu laborari letratuak eskeintzen diguna, izan ere hiru zortziko kaxkar xamarren bitartez akitzen baitu bere liburua. Hona hemen azkeneko biak: «Anciña asi nuan / obra onen plana / arguitu deseoan / necazariangana / lagur estudioz / ta naguia pluma / arguitzeco bildurra / iñorengana. Pobreac izan arren / obra onetaco lanac / estimatuco ditu / necazaria danac / divertitzeco dira / euscaldun lagunac / atera bitartean / gueyago daquianac.

        Zegoenekoz aipatu Narbartekoak egin zuena horrelako jorragai ukan idazki soila ez da naski, izan ere, Hanburgoko Karl Bouda eta D. Baumgartl ikerlariek landareen euskal izenei buruzko lantto bat egina laga ziguten nonbait garrantzigarri ere suerta dena. Hauxe Mitxelena haundiak alemanieratik gazteleratu zuen eta Salamancan agertarazi 1955. urtean, Nombres vascos de las plantas izenburupean eta bertako unibertsitatearen bultzadaz. Ikerketak bederatzi puntutako aurkibide laburra eskeintzen digu, non nabaria egiten diren benetako helburu filologikoak —euskara eta Kaukasoko hizkuntzen arteko harremanak frogagarri batik bat— eta ez izadi propioarenak: árboles, plantas, y animales; hombre y paisaje; comparaciones y propiedades; hierbas y flores de origen románico; préstamos y calcos; plantas cultivadas; onomatopeyas; coincidencias vasco caucásicas.

        Onomatopeiei buruzko atalak zenbait izen interesgarri badakarzkigu: txilin, hauxe enredadera edo campanilla dugu; xixtu, avena silvestre; irri, apio de risa; izan ere jan ezkero farre sardonikoa sortarazten baitu; punpun, mitxoleta edo erderazko amapola; dolda, siempreviva; pufa, valeriana; zuzun, burzuntza, burtxintx, busontza, busunta, buzunta edo bufunta, álamo temblón.

        Azkenik, Adrien Gatxitegi eta L. Agerrea jaun kalonjeek Laborantza: laborantzatik hobeki bizitzeko izenburuko idazkia argitara eman zuten 1963. urtean, Editions Ezkila izeneko argitaletxean, Ahurtiko Belokeko abadian bertan, aintzin solasak Dassancek eta Jean Louis Davantek egin zituztelarik. Lurra, Landareak, kabaleak, laborarien arteko antolamenduak eta konduak dira liburukiak erakusgai dituenak. Azkeneko hauen gainean horrela mintzo zaizkigu: «Egungo egunean, laborariak, nahi t'ez, diru anitz erabiltzen du eskuetan. Baditu gastu haundiak (...) Orotarat heltzeko izan dezake hain segur asko buruberotze eta beaztopa bedi (...). Urtheko konduak egiteko, behar da jakin etcheko kabalek zonbat balio duten urthe hastean eta zonbat duten balio urthe ondarrean». Zeharo aisa beraz matematika hau.

 

Bilaketa