Yomingo Soubelet kalonjeaz mintzo
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1997-1-24
Yomingo Soubelet agian Zubeleta deitura jatorragoa hobetsi beharko?, Hazparnen sortua dugu 1897.eko abuztuaren 10ean. Ikasketak Hazparne eta Beloken burutu ostean, apezgorakoak Baionako apezgaitegi nagusian egin zituen, 1924.eko uztailaren 13an apez sartzeko. Erroman bi urtez ikasten eman ostean Donibane Lohitzunen ihardun zuen bikari 1926-1928 urte bitartean. 1928.ean eliz nagusiko itzalpean sartu zen, eta bertako bikario bi urtez izan ostean, apezpikuaren idazkari izendatua izan zen 1937.era arte, bien bitartean, 1933.ean ohorezko kalonje izendatu zutelarik. 1937.etik eta hamar urtez, Azkarateko erretora izan zen, eta 1947.etik aitzina Hazparnen herri misionista. 1951.ean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Azkenekoz 1967.ean apez-zahartegian sartu zen Baionan, eta bertan itzali zitzaigun 1970.eko uztailaren 28an. Ospe handiko predikaria, Eskualduna aldizkariaren buruzagi eta moldatzailea izan zen 1930-1937 bitartean, baita Gure almanaka argitalpenarena ere. Gernika eta Eusko Jakintza aldizkarietan izkiriatu zuen batik bat. Frantsesez zer edo zer ondu bazuen ere, Le bienheureux François Dardan esaterako, gehien batean euskaraz egin zuen, Lafitteren aburuz doi doia panpinaturik zerabilkan Hazparneko eskuaraz.
Euskaltzaleen Biltzarraren 1934.eko bilkurako ondu sermoia, «Donibaneko predikua», Gure Herria izparringian ageri zuen hiru zatitan banaturik: euskara, etxea, erlijioa. Hartan argi aski utzi zuen euskarari zion atxikimendua: «Urtheak ditu, chaharrek hain berea zaukaten chamarra, bazterrerat utzia dela. Alta jauntzi pollita zen chamarra. Sorbalda gaztek ez nahi chamarrik. Gisa berean behar othe zauku itzaldu eskuara, ezpain gaztek ez dutelakoan ibili nahi?». Euskal Herriko arazoak konpontzeko ere aisa begiztatzen zuen jarrai beharreko bidea: «Auzo herrialde batetako lehen buruzagiak, Mussolinik, erran du goraki, Frantziarenak egin duela ez bada Frantses etchea haurrez gehiago bethetzen. Ez gira hortaratuak Eskual Herrian. Haurrik gabe, edo haur eskasarekin laster errekalat loake eskualdun etchea. Nola aldachakak mahats ondoaren lagun eta sustingu, hala haur gazteak etche eskualdunaren jasaile, begiratzaile, arthatzaile». Honelakoxea genuen orobat idazlari lapurtarra, ohi denez, atzerakoia, eskuindarra, txuria, gauzak oro dotrinaren iragazkiak galbahetu behar dituelako uste ertsi duen horietakoa. Horregatik bere liburu guzietan ia gai profanoa garatzen duen bakarra Filipe Petaini buruzkoa genuke, nahiz funtsean, gainontzeko beste liburu guzien asmo erligiosoen oihartzun ozena bereziki honetan ere nabaria izan: Petain marechala frantziarren aintzindaria: familia, lana, Frantzia, Okzitaniako Tolosan 1941.ean. Asmoak argi eta garbi azaldu zituen berariazko aintzin solasean: «Petain Marechal handiaren bizia eskaintzen dautzuet, eskuaraz egina da eta eskuara errechean». Ezta Petain zenaren bibliografia busti soil bat, bai apologesiazko lana ordea, Petainzale sutsu eta itsu baitagerkigu Hazparnekoa: «Gerlari ohiek, bi gerletako gizonek bat egin behar dute Petainen inguruan eta haren aldean. Batzuek eta bertzek ahantz ditzatela lehengo kalapita bideak, orhoituz bakarrik, batasunak chutik duela atchikiko Frantzia. Jarraik ditela Petaini; hari eta haren gobiernoari». Azpiko asmo guzien onartuagatik ere, ezin uka liburu honen balio historikoa are jatorriz euskara garbian tajuturik dagoela. Bertan jaso hainbat eta hainbat berrik gainera euskal historiari lotura zuzena badio ezpairik gabe: «Ez dugu gogotik galdua gure eskualdea Espainako gerla phiztuz geroztik, beldur handia ginuela, auzo erresuman phiztu sua hedatuko zela gure lurretara. Egia erran, orduan kargutan ginuen gobernio gorri front populaire-tiarrak, ahalak oro egin zituen gerlaren phizteko. Hendaiako eskualdetik ez zen deus igaiten Espainialat, athe hori etsia zen hertchiki, bainan best'aldeko athea idekia zagon zabal zabala. Nork erranen du zombat eta zombat tresna hortik sartu den Espainian gorrien laguntzeko?». Jakina da Espainako gerrate zibila ahiturik Frantziaren enbaxadorea genuela Donostian, Francorekin adiskideturik: «Lehen lana, Petainen iduriko, Espainatik Frantzialat heldu zen jende troparen Francori berriz hararaztea. Gaztigu zerbeit eman behar balitz, herritarrek eman zezaten». Bestalde Petainek ministrarien artean euskalduna izendatu zuen, Uharteko auzapeza zen Jean Ibarnegarai. Haatik etzuen horregatik bakarrik gailentzen eta miresten: «Errepublika, huna lurrean, odolean, lohian eta desohorean. Eta huna nun agertzen den Petain Marechala, chutchuta, begia argi eta garbi, bihotza sano, eskua fermu, Frantziaren ongia bakarrik chede duena. Hori da gure buruzagia, zuzenezko manatzaile handia. Deputatu-zenaturrek, uztailaren 10an, 1940 urthean, horren eskuetan dituzte ezarri Frantziaren izaitea eta geroa. Legearen arabera dugu beraz Petain Marechala Frantziaren buruzagi. Legeari nahi ukan du jarraiki kargua hartzean; legearen arabera ditu egin bere lehen urhatsak, Frantziako manatzaile gisa». Bertso batzuk ere ezarri zizkion liburua finitzeko: «Laborari semea, soldado azkarra / Bihotza gazte zabal, lerden du gorputza / Gezurrak ez diote makurtu urhatsa / Frantzia serbitzatuz, bentzutu etsaia. Gure arrazak dauku lurra kontserbatu / Jendea azkar adgo Frantzian aipatu / Familia ta lana herria maitatu / Frantzian molde berri denek apailatu».
Esan bezala, bere lan gehienak erlijiosoak ziren, eta hauetan Donamariari eskeiniak ere usuenak. 1942.ean San Josep Jesusen aita ordekoa Mariaren espos laguna izenburukoa agertarazi zuen Baionan. Ber urtean Lurdeko ama birjina. Behiala Jean Barbier garaztarrak Ama Birjina Lurden izenburupean berea egina zuen, Baionako Lasserrerenean eta 1920.ean, Provosten Les Merveilles de Massabieille jatorrizkoan oinarriturik. Edonolaz ere Lafittek goraki hobetsi zuen Soubeletena: «Cette fois-ci, nous avons affaire à un travail pensé en basque, et écrit avec une verve de plus populaires: les mots à l'emporte-pièce n'y manquent pas, ni les ditchoak, ni l'ironie, ni l'abondance, ni l'éloquence. Magnifique tranche de vie religieuse». 1945.ean Fatimako ama birjina, 1946.ean Jesusen bihotz sakratua, eta 1948.ean Bulogneko ama birjina. Azken hau Baiona-Lescar-Oloroeko apezpikua zen Leon-Albert Tenier eta Aire-Akizeko apezpikua eta herkidea zen Clément-Josep Mathieu gotzaien bi gutunez hasten da. 175 orrialdetako idazkia Pas-de-Calais aldeko Bulogneko andredenaren iduri ibiltariaz mintzo da maratz. Ale honetako aipagarriena ordea 1946.eko abenduan iduriak Iparraldean egin zuen ibilbidearen berri ematen dituenak oro, Bardozen hasirik: «Bai Bardoze Eskual-Herrian da. Bada hemen eskualdun frango, charnegu hoitarik ere ba asko», eta Lapurdi: «Doneztiri-Donamartiri-Izturitze: hiru herri elgarren auzo, sinheste bero azkarrak, fermu, atchikiak, familia ederrak, jende sano, gothorra. Hirietako haize gaichto galgarria ez da oraino sarthua. Eta ez agian sartuko. Choko hortako bakea eta zoriona akabo litazke», Baxe-Nafarroa: «Garroze: leku aiphatua, eskualdunek hain maite dutena bere feriaren gatik, lehen, ez othe zen oraino handiago feria? Izan ditake», nahiz Ziberotik jarraikiz: «Hain chuchen, biharamunean bozkatzeak dira. Komuniztek, pobre izana gatik, lurra paperez brokatua dute. Eta badute ausartzia: hek dute obratzen hobekienik girichtino karitatea. Ama Birjinaren karroaren errotek lehertzen dituzte gezur lerro horiek guziak». 1958.ean «Bartreserat itzuli bat» izenburuko idazki llaburra igorri zuen Gure Herriara, betiko gaien alboan iruzkin geografiko etnologikoak egiteko aukera galdu gabe: «Maiatz ondarra. Goiz batez, argi urratzean abiatzen niz Lurdetik Bartreseri buruz. Lurdetik athera orduko, bidea patar da Bartreseri buruz. Bide ona haatik ontsa gudrunastatua. Egiten du oren erdi bat bide, eta errechki: aro gochoa eta goiza, aise doa bidekaria. Uste nuen Bartres herri tarro bat. Ez da hala. Herri ttipia da: 170 arima doi doia. Jendez husten ari da, Lurdek biltzen dio jende guzia, bereziki gazteria». 1966.eko Maria Goretti eta 1969.eko Jesusen bizia tajutu zituen azkenekoak zatezkeen.