Balendiñe Albizu olerkaria
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1997-1-17
«Sarritan nere baitan / Auxe det esaten / Zuregatik ez balitz / Zer egingo nuken / Nere biotza askotan / Egoten da egarri / Zure iturrian det / ur gozo ugari / Olerkia zu zera / Nere lagun ona / Zugan nik arkitu det / ainbat zoriona». Aitzina doaz euskaraz izkiriatu duten emakumeen berri emateko ondu ditugunak. Haatik oraino liteke andrazko euskal idazlerik ez dagoela lerrakeen inor kamutsik. Bere kalterako ordea. Eta gaurkoan giputza, Zumaiakoa hain zuzen, Balendiñe Albizu Aizpurua olerkari findu eta minberakorra hots, goiko hasmenta bertsoen egile mardoa. Itsaertzeko esan herriko San Telmo karrikan zazpi haurridetan alaba bakoitza 1914.eko irailaren 18an sorturik, anka egin beharra izan zuen gerratearekin batera. Lehendabizi itsasontziz Ondarruraino, eta hartan, anaiengandik ere aldendurik, itzal luzeko Ixaka Lopez-Mendizabal inprimagile tolosarrak eroan zuen Bilbao aldera. Bertan senarra izanen zuen Juan Manuel Bilbao mundakarra ezagutu zuen, eta bere herrian lan egiteko luzatu eskeintza erdeinatu barik, gizarte lanetan ihardun zuen Bilbo erori zeno. Orduan Santanderera joan ziren, eta une samin horietan, Sardinero gainean Euzko Jaurlaritzak zuen etxean berean ezkondu ziren. Rivadesellatik Iparraldera jo zuten gero, Bidartera hain zuzen, hartan Euzko Jaurlaritzak zuen Larroserai deitu eritetxera. Hor zuketen lehenbiziko semea Josu 1939.eko abenduaren hamabian. Gerratea amaiturik, Marsellatik jalgi ziren Egoameriketei buruz, eta Venezuelan jadanik, Zumaia izeneko hotela irekiko zuten. Hantxe zeudela idazteari ekin zion, berauk aitortu legez: «Ciudad Bolivar'en nengoela olerkiari eman nion. 1944. urtean Caracas'ko Eusko Etxe'an euskal idazleen sariketa zala ta, Nere urtearen lau aldiak biali nuen sariketa ortara. Beste askoren artean Jon Andoni Irazusta ere sartu zan sariketa artan eta oneri eman zioten lenengo saria, eta neri bigarrena. Euzkadi aldizkarira nere olerkiak bialtzen jarraitu nuen». Caracasko Euskal Etxeak 1942. urteaz geroztik argitara ematen zuen aldizkarian aldiro zuen olerkiren bat azaltzen. Gutxi ziren euskaraz inprimaturiko orriak, baina gutxi horietan etziren gutxi idazleak: Aldegi, Burruntxalieta, Gabiria edota Killikupe, gure Albizurekin batera baiki. Bestelako argitalpenetan ere esku sartu zuen, berbarako zenbait urte berantago ber hiriko abertzale talde batek, Matxari eibartarra buru zutelarik, sortu Sabindarra aldizkarian, Irrintzi zeritzanean, edota Euzko Gaztedi izenekoan. Albizuren ildo poetikoa ezagutzea ezta guziz zaila, hein batean bederen, alta bere olerkiez osotu bilduma badugu, 1984.ean eta Bilboko Igarri irarkolan atera zen Olerkiak izenburu laburra daramana alegia. Santi Onaindiak apailatu honetan bere hiru liburu batzen dira, bada ikus ditzagun banan banan.
1972.ean bere lehendabiziko olerki bilduma argiratu zuen Zarautzen, Itxaropenakoen eskutik, Nere olerki txorta izenburupean. Sabin Irizarrek ondu itzaurrearen ostean lau zatitan xuritzen digu barne hatsa zumaiarrak: «Nere oroitea», «Ipar eta egoaldetik», «Nere biotzeriak», eta «Gogoketak». 78 olerki ditugu osotara 114 orrialdetan barreiaturik. Euskalerria barne barneko gogotik ezin aienatu gutizia asezina du. Ama lehorrekoa izan arren, Endañeta baserrikoa, aita itsasgizona zuen, eta ur gaziaren kresala dastagarri dugu oro ahapaldiak irentsi ahala. Eta itsas urrinetan gogokoen etxe urrunekoa, idorrekooi itsas oro berdinak iduri arren: «Itxaso eder, arren nik dizut / Aundia da ta nere ardura / Artu nazazu zure besoetan / Ta biurtu nazazu beti betiko / Nere Kantauriko itxas ertzera / Ni jaio nintzan erri maitera / Neretzat seaska abesti gozoa / Izan zalako Kantauriko / Olatuaren / Zurruburru ta marmarra». Irakurlegoaren harrera beroa jaso zuen honakoak, Venezuelan bezala: «Da liraña, goxoa, eztitsua, emakume olerkariak egiña bezela. Liburu danen, goxotasunaren artean eukitzeko bezalakotxea», ala Txekian ere, Norbert Tauer euskaltzaleak Donostiako Zeruko Argia izparringian adierazi zuenez: «Euskara galant eta errazean egindako Balendiñe anderearen olerkiak irakurtzea benetan atsegingarria da. Segur nago haren beste euskerazko lan bat ikusiko dugula. Balendiñe andre, har itzazu nere zorionak. Pragatik, 1972ko urriaren 22an».
Bigarren liburuak Nere bideetan du izenburu, eta 1974.ean inprimarazteko prest bazegoen. Andoni Arozena lasartearrak egin zion aitapontekoarena, eta lautan hogei poesilan ziren guztira. Hau ere hiru zati desberdinetan partiturik dago: «Gure gazteak», «Esker ona» eta «Ixilpekoak». Liburuaren izenburua lehendabiziko olerkitik hartua dugu bide denez: «Exeriko naiz / Noiz baitetan / T'atseden artu / Sasi arteko l orak batu / Beatzak odoldu / T'aoaz xurkatu / Oñak neketan / Arintzeko busti / Goizeko intzetan / Eta jarrai olaxen / Nere bideetan». Hirugarrena Nere biotz dardarak dugu, Onaindiak berak aukeratu larogeitabost olerki, aurrekoan antzera hiru sailetan banandurik: «Biotz taupadak», «Guda aldiko kezkak», eta «Goratzarreak eta...». Esan bezala, hirugarren bertsotegi hau 1984.ean ageri zen Onaindiaren eskutik, bere miresleen artean irmoenetakoa: «Izadia kantatzen du Balendiñek, eder ta alai, bere barne muiñeko zelaiak, jori ta oparo, kantatzen ditu aspertu gabe».