literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Otxoluaren euskal lanak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1997-1-3 eta 1997-1-10

 

        Abizen honekin Tafallakoa zitekeen urtea hasteko hauta dugun gaurko honakoa, baina deus ez urrutiagorik Nafarroako esteperri hura baino. Garro Basterretxea'tar Bernata Mirena Mundakan sortua dugu 1891.eko abuztuaren 22an. Bilbon egin zuen merkataritza, eta 1910.ean Argentinara abiatu zen zazpi urtez. Bertan beste euskalkiekin harremanetan sartzeko aukera ez zuen galdu nahi izan, eta 1917. urtean Bizkai herrira itzuli zenean, zeukan euskara hobetzen ahalegindu zen gorki, hamaika gauza irakurriz, nahiz berebiziko maisua Añibarrorengan bereziki kausitu zuen nonbait. Halere, idazten hasteko erabakia hartzera 1927.ean Evaristo Bustintza «Kirikiño» zenak antolatu palindromo sariketa batetan parte hartzeak eragin zion, alta ehun bat palindromo bidali zuen. Jakina denez, palindromoa zera dugu, ezkerretik zein eskuinetik hasita, berdin irakur daitekeena, adibide bat ematearren, bihoa honakoa: «an atzo arro zana, senarran esanaz orra otzana». Edozein modutan ere, saria andrazko batek irabazi zuen, bi esaldi baino besterik ez bidaldu arren, izan ere garailea esaldirik luzeena igorriko zuena litzatekeela arautua baitzegoen. Alabaina Garrok aipamen berezia jaso zuen, eta geroztik, astero bidaliko zituen bere idazkiak Euzkadi egunkarira, Lizardik bere Itz-Lauz liburuan aski ongi zioen moduan: «Asteazkenero uts egin gabe arki dezakezute Euzkadiko Euzkel atalan Otxoluaren idazki mamia, Mundakako berriez ta zenbait goxoki geiagoz ornitua. Maiz berebiziko ipui irakurgarriak ingeleratik txukun askirik itzuli oi ditu. Oiek bilduz noizpait idaztitxo bat osatze'aal ba zeneza, elitzake makala aldarte beltza argitzeko. Bizkaiera giartsu egokia oi derabil, ta itz aukeratze ta are asmagintzan ere zolia da. Euskerak Bizkai aldean ditun idazle bikañenetakorik irudi zait». Ez da ttipi Zarauztarrak erauntsi lore, baina ez bide zen gezurretan ari. Bere lan gehienak aldizkako argitarapenetan ageri ziren beti, Euzkadi nahiz Euzkerea izparringietan batik bat, hala ere, baten bat aparteko lan soil bezala ere ageri zen geroago. Gure bizkaitar langilea Euskaltzaina ere izan genuen. Bilbon itzali zitzaigun 1960.eko irailaren 14an.

        Eman dezagun jarraian, azaletik eta xume izan bada ere, bere idazkirik nagusienen berri apala. «Bijar Doniane'ra» 1929.eko Euzkerea-an agertu zen, baita aparteko argitalpen bezala ber urtean, izenburu berdinez, Bilboko Errementeria'tar S.'ren irarkolan eta Pizkundiaren argitalpenen artean. Goikoetxea'tar Joseba Koldobika «Goiko» zenaren marrazkiez horniturik, Donibane Gaztelugatxekoa du ardatz eta lema naski: «¡Zorijonekuak antxiñako euzkeldunak! ¡Eurak baxen sendo ta errotsu sartu dagigun guk be geure bijotzetan jaungoikua'ganako ta Doniane'ganako ziñismena! «Voronoff'ek be ezin dauna» urte berean esan aldizkarian elki ipuintxoa dugu: «Kosanton eta Kosepiñazi, larogeña urtetik gorako senar-emaztiak, Jaun-Goikuak alan gura ixanik, ija irurogei urte zirauen alkarregaz bixi ixaten, mattetsu ta eztitsu, batez-be azkeneko urtietan, ain neketsu aziriko seme-alabak bakotxa bere ogipidian edo ezkonduta ta bixitza onetako neke ta lorrai aurre emoteko gauza zirala ikusirik».

        Sormeneko lanez gainera, bestelako gaiak jorragai nahiz itzulpenak burutu zituen Otxoluak. 1929.eko Euzkerean ere «Ortuzar'tar Errobusten jauparija» artikulua dugu, Robustiano Ortuzar Legarreta (Bermeo, 1883— Sukarrieta, 1929) antzerkigileari buruzko ohar nekrologikoa. Honek arrantzale bermeotarren ekandu ta jazoerak antzerki eraz idatzi ta azaldu zituen bere Oroigarriak liburuan (Bermeo, 1925): «Torronteruen», «Donianeko bezperako Balentziren pozak», «Zorginkeribako epaya», «Ondo pentsaten zauz», «Pitxar bete ur», «Txalupetsien», edota Bermeoko hiztegi eta esaera bilduma: «Oroigarrietako antzerkijaren landa bai ebazan idatzi beste antzerki batzuk be, oraindiño argitaldu barik dagozanak. Ondarretan ixan zan urtietan be ezeutsan uts egin uarketarako zaletasun unek, eta Algortako ekandu batzuk gai dirala, idatzi zituzan erdi euzkeraz erdi erderaz eginiko antzerki batzuk. Azkenengo urtieton Bermeoko edesti berezi bat idazten iñarduban, eta amatu barik itxi dau lan au». «Nai dogunez» artikulua, 1930.eko Euzkerean azaldu zena, Jel-Aldek, hau da, Sabino Aranak, 1913.ean Euzkadi egunerokoan argitaratu agiria dugu, neurri batean aldatuxea: «nai ta naiez esakun batzuk eta itz bat edo beste aldatu biar ixan doguz, eta aldaketok egitekotan gipuzkeratik bizkayeraldutia otu yaku». Hatsarrien esaketa genuke hau, euskara eta literaturaren gainean: «Egunoro zerbait egin. Irakurri, ikasi, idatzi. Uarpenaz irakurri ta al dagixuben lez idatzi. Ez bildurtegijak ixan. Beti asitekotan, gerorako isten daunak ezertxu be eztagi. Ta guri, egotia barik, egitia dagokigu. Egiñez, ez egonez, aberastuko dogu euzkerea». Nolanahi ere bere idazlanik ezagunena Bertoldaren maltzurkeri zurrak eta Bertoldinen txaldankeri barregarriak dugu, lehendabizi Euzkadi aldizkarian, eta geroxeago Bilbon, Verdes Atxirika'tar Emeteriren irarkolan, 1932.ean. Berrikiago ere Labayrukoen eskutik eta Adolfo Arejitak apailaturik agertu da, Bilbon, 1983.ean. Giulio Cesare Della Croceren (Bolonia, 1550-1620) jatorrizkoen itzulpena da honakoa, izan ere bi izan zirelako egilea hil ostean karrikaratu liburuak: Bertoldo eta Bertoldino eta L'eccelenza e trionfo del porco. Ezaguna ere bada Adriano Banchierik ondu jarraipena, Cacasenoren istorioa alegia, baina Garrok etzuen euskaratu, ganorabako gehigarri undatsa zelako uste osoan. Bizkaieradun eleder eta atsanki zaigu Otxolua, baina garaiko idazbideei eskerrak, itzulpena arras zaila dugu, garbikeriz josirik, nahiz bukaeran hiztegitxo bat zekarren. Liburu honen aukeratzeko arrazoiak ere eman zituen: «Ba dira basterretan au baño idazti ederragorik asko nok euskeraldukoren begira, baiña nik idaztiño au begiz jo badot, erderaz dauan zabaltasunaren bidez euskerarentzako onura apur bat ateratiarren baño ezta ixan». Oraino ere bestelako lan abondo zaigu geratzen aipatzeke, berbarako, Barbierren ipuien bizkaierapena, nahiz ingeleratik batez ere hartutako alegi eta animalien gaineko hainbat kontu: Abere ipuñak, kontu kontari esanak, Abere dontsuak, Euskal Herriko abere ta piztiak, edota Pizti patariak.

        Olerkari bezala ere zer edo zer burutu zuen, bere baitatik aterea edo ingelera nahiz portugesetik itzulirik: «Erromerira joan / Ainbat neska ikusi / Baña batek biotzean / Ein deust niri kili kili / Ta geiago eziñean / Esan deutsat ari / Loretxu gazte polita / Jai-li-li, jai-li-li, jai-lu / Zu beingo batean ikusita / Katez nozu lotu / Il edo bizi naitean / Erantzun egidazu / Beste inor maite ete dozun / Jai-li-li, jai-li-li, jai-lu / Ala eiten badotsut mandatu / Jai-li-li, ja-li-li, jai-lu / Ene zalduntxo gaztea / Jai-li-li, jai-li-li, jai-lu / Ain arin erantzutea / Ez dot pentsamentu / Oingo mutilok zarie / Aizea bezalatsu / Amagaz pentsetan itxidazu / Jai-li-li, jai-li-li, jai-lu / Eta zintzo irauten ba dozu / Jai-li-li, jai-li-li, jai-lu». Halaber kanta letra ugari ondu zituen, txistu, kitarra zein piano jolea zen eta: «Kabeliña, kabeliña / Kabeliña biotzkoa / Nire maitetxuagana / nire maitegana oa». Berak zioen: «Gisa ontako gauzak asko burutu ditut, baiña irteerarik ez dute izan zelan-alangoa baizik. Kitarra artu ta erriz erri bertso auek kantari joan eta bertso berriak bezela saldu al bagenituzke, bear bada onartua izango lukete; baiña ez gagoz Iparragirrerena egiteko».

        Honezkero Euskaltzaindiaren gerizpean toponimia kontuek kezkatu zuten Mundakakoa. 1956.eko Euskara aldizkarian «Nombres genéricos de río en la toponimia vasca: aportaciones para un estudio acerca de los de Bizcaya» izenburukoa agertarazi zuen, ibai-ibaso-bidaso, urandi-urhandi, uraitz-uaitz-ugaitz-uhaitz, ualde-uhalde-ugalde-ubalde-ugelde, uar-uharra-uarre-uharre, lats-latsa-latsbegi, erreka, aldaerak ikusgai, baita berauk ere proposaturikoak, zea-zen-zeni-zene, oka, oza-otza-otxa-oxa-oja, urdola, urzabal, ugatxa, ego... Zetorren urtean Herriaren Lagunen Aldizkarian «Ensayo sobre la propiedad comunal en la toponimia vasca» agertu zuen, aurtenetxe leku izena iruzkingai.

 

Bilaketa