Justo Mari Mokoroa Mujika: «In memoriam»
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1996-11-22
Sobera berandu gabilz, baina bai bederen hilaren barruan, izan ere aurtengoarekin sei urte pasatu baitira Justo Mari Mokoroa Mujika «Ibar» joan zitzaigunetik, 1990.eko azilaren 7 hartan hain zuzen. Mokoroatarren aikoa Tolosan daukagu erroturik, eta bertan jaio zen gure Justo ere 1901.eko maiatzaren 28an. Gazte zela apez izateko erabakia hartu eta eskolapioetan sartu zen, orduko kalasanzdarren ibilbide arruntari ekin ziolarik: Tafalla, Oskako Peralta, Iratxe eta Zaragoza. 1924.ean On Mateo Mujika gotzaiaren eskutik apeztu zen horrezkero, eta Txilen irakasle ihardun zuen ostean, 1933.ean Euskal Herriko probintziaburuaren laguntzaile gisa Iruñera itzularazi ziguten. Alabainan gerratea hasirik, eta bere orden nagusiak beldurraren beldurrez, iparralderuntz bidaldu zuten Ibar, eta Beloken nahiz Akizen bazen aritu apezgaitegietan maisu. 1941.ean Txilera joan zen harzara bederatzi urtez, handik eta betiko bizitokia Euskal Herrian pausatzeko.
Paper txuriak zirriborroztatzearekiko grina etzuen haatikoa, bada aita Baleriano ere euskal idazlea edo bertsoegilea baikenuen etxean berean. Apeztu baino lehen lan abondo bazituen onduak jada, hainbat lehiaketetan eskuratu sarik salatu bezala: Oker baten ondorea 1923, Omen gure anaiari eta Euskaldunen siniskizunak 1924, Gizabidea eta Euskararen etorkizuna 1925. Gazte zeneko lehendabiziko idazki hauek Euskal Esnalea, Argia, edota La voz de Navarra aldizkako argitarapenetan agertarazi zituen. Txilen ere etzion izkiriatzeari utzi nahi, eta hango Euzkadi agerkarian euskal idazleei buruzko krestomatia azaldu zuen «Gure baratzeko loreak» lemapean. Edozein modutan ere, Iruñeratu artino etzuen liburu gisako argitalpenik egin. Lehendabizikoa Genio y Lengua erdal izkribu txikerra baina sendoa dugu. Aita eta osabaren argitaldariaren eskutik eta Beasaingo Ezkiagaren moldeetan egina, gerrateak hasmenta ukan baino hogei egun lehentxeago atera zen karrikara. Liburu hau bere giroan ezarri behar da, Aitzolek, Altubek eta bestek euskara mintzatua eta euskara idatziaren artean orduan hatzematen zen nasa sakonari buruz ondutakoen parean. Ibar beti ere benetako euskal sena eta ildo herrikoiaren aldeko sutsua izan zen, hainbat idazlek zerabilen euskara zaildu eta ulergaitzari aiher: «Al pobre pueblo euskaldun lo tenemos desfallecido de ayuno. Pide pan y le servimos drogas que repugnan a su paladar o no puede soportar su estomago, y porque se resiste a ingerirlas todavía le echamos la culpa de que se está muriendo de inanición».
Handik aitzina, Mokoroaren kinkak berean tema iraunen zuen, eta behin baino gehiagotan ukitu zuen ber gaia bere bestelako idazkietan, usu bezain naroki gainera: El problema del vascuence 1952.ean Villasanteri igorri eskutitza; De vida o muerte: operación de salvamento, 1956.ean Arantzazuko batzarrean irakurri txostena; Lengua vasca de hoy y de mañana, Zarauzko Itxaropenatik 1973.ean elki euskara batuaren gaineko burutapenezko ore arrenkuratsua eta Euskaltzaindiaren erabakien aurkari zuzena; edota Egiaren billa: zentzuz eta gizabidez, Bilbon 1973.ean ere aizeraturik, eta Mungiako Xabier Gorigolzarrik zuzenduriko galderei ihardespenak ditugunak.
Halarik ere, eta ildo honetatik larregi urrundu gabe, Mokoroaren lanik azpimarragarriena Ortik eta emendik: repertorio de locuciones del habla popular vasca izenburua daraman bilduma lan itzela genuke, ia zalantzarik gabe. Labayrukoek Mokoroa bera zendu baino apur bat lehentxeago argitara emaniko hau Tolosakoa kezkatzen zutenen guziei erantzunbidea litzateke nolabait. 200.000 esaeretik gorako biltze lan eskerga da Mokoroak egin zuena, beti ere euskararen barne barneko benetako muin eta sena azalgura, espresaerarik zuzenena gogoan. Hona hemen Ibarren pentsamendua laburbildua lan honetarako Antonio Zabalak ondu hitzaurrean: «Euskaldun zaar baten aotik, batez ere mendikoa bada, eten gabe entzungo ditugu euskal esaerak, zein baño zein jatorragoak. Olakorik oso gutxi somatuko degu euskaldun gazte askoren aotik, ta are gutxiago kaletarrak baldin badira». Jada aipatu dugun Genio y Lengua liburukian idazle askoren hizkera deitoratzen zuen saminki, eta bide batez, Aitzolek Euzkadi egunerokoan baieztatutakoak ukatzen zituen, hau da, inolaz ere Mokoroak ezin zuen onartu euskal literaturaren beherakada azaltzeko Aitzolek ematen zituen arrazoiak: «la falta de lectores y la indiferencia glacial del público vasco por los libros euskeldunes, triste realidad que lleva el desaliento a escritores y literatos». Ibarreren ustez egin beharreko literaturaren laginak egon bazeuden, eta Orixeren Euskaldunak olerkia euskaraz eginiko artelan hoberenetariko zuen, baita jarraiki beharreko adibidetzat ere hartzen zuen ziurtasun osoz. Agian, Nikolas Ormaetxea idazle haundia gogoan zukeen Ortik eta emendik bildumarako atarikoan honelaxe zioenean: «Entre las frases vascas registradas en mi colección figura esta perla: enekian baño banekian oba da, ezbearrik eztaietan, que viene a decir en sustancia, más vale prevenir que tener luego que lamentar, quiza cuando el mal ya no tiene remedio. Era como para tenerlo en cuenta en las horas críticas que vive nuestra lengua a los ojos de quienes la sienten».