literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Jean Martin Hiribarren eta bere lan ahantziak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-10-25

 

        Aski ezaguna izan ote du zoko honetako ohizko irakurleak Hiribarren apez lapurtarraren aipua, baita 1853.eko abenduan eta Foré eta Lasserreren moldiztegian berauk agertu Escaldunac: Iberia, Cantabria, Eskal-herriac, Eskal-herri bakhotcha eta hari darraicona izenburuko idazkia ere, batik bat gogoan baldin badu haren eginiko edizio ugari, gurea izan den bezalako urri batetarako sobera gaizki ez dagoena: aipatu estrainekoa, Auñamendi argitaldariaren eskutik atera zena, Hordago-Lur etxeak 1979.ean eginiko faksimila, eta berrikiago Euskal Editoreen Elkarteak akuilaturik Altunak eta abarrek apailaturikoa. Edozein modutan ere Hiribarrenek bazituen izkiriatu bestelakorik horren ezagunak egun gertatzen ez datezkenak, eta bereziki, argitara elki gabeko eskuidazkiez gainera —euskal gramatika, errefrau bilduma, inperioaren historia, Birginaren bizitza, hainbat prediku, eta abar—, segituan ekarriko ditugun Montebideoko berriac nahiz Eskaraz eguia. Lehen eta behin bihoa ezerren aurretik Hiribarreni berari buruzko hainbat berri abiapuntugarri.

        Jean Martin Hiribarren Azkaindarra Etxeberrirenean genuen sorturik 1810.eko maiatzaren 8an. Amonaren aldetik Dutari sendi baztandarraren ondorengoa dugu. Ezagun denez, Dutaritarra zen Xabierreko Frantzisko Jasoren ama. Aiko horretakoa ere bazen Geronimo Dutari Mendiburu Iruñeko josulagun ospetsua, aita Arizkungo Berroa garaikoa bazen ere. Eta Dutari zen Erratzuko Buztiñagako Juan Lorenzo Irigoien, Iruñeko apezpikua XVIII. mendean. 1833.ean apeztu eta urte batez Urruñako bikario izan genuen, alabaina urte eskax eman zuen hartan eta Bardozera lotuz, luze iraun zuen 1865.era arte, izan ere urte hartan Baionara joan baitzen kanonigo. Bertan hil zitzaigun heldu zen urteko azaroaren 26an, sagrario bat ixterakoan eria hanpaturik tetanok jota. Garaiko euskal letra gizonekin hartu eman estua izan zuen, Xahorekin bereziki: «Chao et Hiribarren représentent, en linguistique la haute fantaisie, l' arbitraire, l´imagination en plein vol» esanen zuen Lhandek geroxeago, eta Hiribarrenen hiztegiari buruzko iruzkina egiterakoan, ezbairik gabe honela mintzo zen: «Hiribarren se croit obligé de donner presque chaque fois une étymologie. Disons-le tout de suite: les étymologies de notre chanoine rivalisent d'ingéniosite avec celles de son ami Chaho, celles d'Ybargüen et de d'Iharce de Bidassouet».

        Montebideoco berriac. Ut omnes lucrifacerent: guciac salbatu nahi, eguia khiratsa bahi. J.M.H. hasmenta hizkiez sinaturik, 1853.ean, Baionako Orbe karrikan zegoen Foré eta Lasserreren moldiztegian. Aldez aitzinetik Messager de Bayonne izeneko argitalpenean ageri zen 1853.eko maitza hilabetean. Suskriptoreen zerrendak ematen dio hasiera lanari, eta hartan, besteen artean, Abbadie, Arkanguesko markisa, Baionako Labat eta Bardozeko Hirigoien auzapezak, Sarriako kontea, eta abarrak. Hamaika bertsoz osaturiko lana dugu euskaldunen emigrazioaren gainean: Eskaldunac airean, enganatzaileac, Euskal herritan indiac, Itsasoco lehen, bigarren eta hiorugarren bestac, Montebideo, Eskalduna Montebideon soldadu, Eskaldun negocioa Monmtebideon, Montebideco nescatchac, eta Eskaldunac Montebiden pagano. Hamaika olerkietan barrena jarraiki bertso hilara berebera dugu: 7-6a, 7-6a, 7-6b, 7-6b. Liburuaren lehendabiziko bertsoa honela hasten da: «Zoratu ahal dira euskaldun gazteac / Utziz bere herritan buraso maiteac / Itsasoz urruntzeco diru nahiz bildu / Eskaldun izateac oraitic eguin du. Lau mila urthe badu eskal herrietan / populu bera cela bici lorietan / Europaco premu cen, ez diteke duda Haren herri esteca cer bilhacatu da?».

        Escaraz eguia. Baionako E. Lasserre aphezpikuteguico liburu eguilea baithan, 1858.ean, Haranburu bikario nagusia zenaren onespenarekin. 159 orrialdetako 8.ko idazki honek, aurrekoak ez bezala, badu bere Non-bilha, oretzen diren gai funts sakonak kausigarri. Liburu osoa trinitate sainduaz eta misterioez aritzeko egina da, eta hortik ere badatorkio hiru zatitan banandurik egon izana, lehenbizikoa Yinkoari, bigarrena Yesu-Christori eta hirurgarrena Izpiritu saindiari egokituak oroz bat. Hiribarrenek argi azaldu zuen atarikoan zuen asmoa: «Mintzo naiz trinitate sainduaz ez arguitu nahiz misterioa; bainan adirazteco eguia horrec ezduela deus adimendua asaldarazi behar duenic. (...) Ez liteke beraz espantagarri behar izatea sinhestean gauza ezin entelegatuac». Lafittek —Le basque et la littérature d'expression basque en Labourd, Basse-Navarre et Soule— «Histoire des religions» batetzat jo zuen honakoa, Villasanteri «nombre excesivamente pomposo» iduritzen zaion arren, baina edozein modutan ere, beste erligioei buruz datuak ematen ahalegintzen den lehendabiziko euskal liburuetakoa litzateke gurea, «Bhrama, Vichnu, Siba, Budda, Confucius, Isis, Osiris, Hor, Lycurgue, Numa, Yupiter, Zoroaster, Luther, Calvin nahiz Mahomet» jainkoen berri ematen baitu: «Hainitz buru mota da lurrean: yakin guti, mintzari hainitz, lerro ezin akhabatuac arthaldean, buruzaguiac bakhan».

 

Bilaketa