literaturaren zubitegia

1.068 idazle / 5.148 idazlan
7.837 esteka / 6.360 kritika / 1.828 aipamen / 5.570 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Euzkerea aldizkariaren andrazko poeta bi: Sorne Unzueta «Utarsus» eta Pantzeska Astibia «Onintze»

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-10-11 eta 1996-10-18

 

        1. Euzkerea argitalpena 1929.eko urtarrilaren 15ean sortu zen Bilbon Pizkundia Bazkunaren gerizapean, eta bi arotan barrena, gerratea piztu arteraino huts egin gabe atera egin zen salgai. Euzko Gaztediarena bereziki genuen aldizkari jeltzale honen helburuak aski argi azaltzen zaizkigu 1934.ean hasi bigarren aroko lehendabiziko alearen editorialean: «Euzkeltzale Bazkunak bixi eragin dautsan Euzkerea aldizkingijak ezin ukatu daike Arana Goiri'tar Sabin'en bide argiz ibilli gura daula. Geure alegiñak eztauke elburu bakarrau baño: Euzkadi. Euzkerea ezta urtengo arau onetatik».

        Aurtengo Sanferminetako ondar egunean berebiziko omenaldia egin zion Labayru ikastegiak gerra aurreko Bizkaiko olerkari fin landu bati, Sorne Unzueta andreari espreski, Bilbo ondoko Abandon 1900.eko azaroaren 27an sortu zenari eta datorren hilabetean 96 urte beteko dituenari alegia. Euskaldunberria, hamasei urte zituela ekin zion euskara ikasteari, Sabino Aranaren ideologiari jarraikiz. Euskara ez ezik baita maisutza ere egin zuen biak elkarri osagarri, eta segituan, saila honetan aipatu beste emakumek egin antzera, Bizkaiko Aldundiak hiriguneetatik urrun bizi ziren haurrendako sortu Escuelas de Barriada izeneko auzo eskoletan —egungo ikastolen aurreko zuzena— hasi zen lanean, Errigoiti, Plentzia, Lemona eta Berangoko ikastetxeetan hain zuzen ere. Kinka bikoitz —euskara eta irakaskuntza hots— honen adierazle ezin argiagoa berak idatzirikoa dateke: «Erderia urretxindor abestija baizen txukun goxo polita dala, eta euzkerea negute gogorretan Anbotoko atxetatik eta, beko ibarretara jasten diran bela abesti garratz itxuxijaren antzekua?... Ezta ardura itxusijagua balitzake be; maite ixan daigun euzkerea geure geuria da ta!» («Jazorikua», Euzkerea, 1930, 312), «Askotan entzun dozube abertzaletasun barik euzkerea eztala ezer. Eztira gogorregijak itxok? Nik askotan entzun dodaz itz orek, baña geyenetan euzkeldunak eztiran abertzalien espanetatik eta bijotzian ezpaya sortu ixan yat (...) Azikeran umiak dagoz bildurtuta, ixilik. Irakaslia, euzkelduna ixan arren, irakatsi gustiak egiten dauz erderaz. Noz edo noz, ulertzen ezpadau, egiten dautso euzkeraz apur bat berari. Lendik ikastolara asi ziranak, nagusijak, geyen dakijenak, bata irakasliak be, artu emon gustijak egiten dabe erderaz. Urte bat edo urte bi barru, badakije erderaz, euzkeraz dakijen beste ume euzkeldunak. Ordurako ikasi dau irakurten ta idazten, eta ordubantxe azten da bat benetan, bere gogua zabaltzen, landuten, irakatsi barrijakaz. Ordutik aurrera ikasten dau benetan elia, ta zein ele? Atzerritarena. Erdel iztija, Ezpañako edestija, bata ludistija be zelan. Anei bider esango dau españatarrak ixan genduzan, ezpañatarrak daukoguz...» («Ikastoletan bi elez», Euzkerea, 1930, 505).

        Emakume Abertzale Batzako kidea izanki, hamaika hitzaldi eman zuen ideia abertzaleak emakumeen artean sendotzeko, hala nola emakumeak gizartean parte hartu beharra duela aldarrikatuz hainbat artikulu idatzi eta argitaratu zuen garai hartan. Izkiriatu olerkietan ere honek bere islada izan zuen, eta nazionalismoak eragin ditzakeen topiko arrazistak agertarazi zituen nonbait, iria/baserria, herritar/kanpotar, euzkotarra/maketoa bereizten zituen banaketa manikeista batik bat: «Arrotzez beterik egon da bultzija / Itz lotsabakuak, abesti zantarrak / Nai ta nai ez, entzun biar ixan dodaz / Jainkuaren aurka birauaz nastauta. Bere mosu leunaz gabeko axiak / Otziauten daust bekoki berua / Bultzijan diarrak zarata ta kia / Emen atsedena gentzea ta lua» («Nire errijan», Euzkerea, 1932, 53). Gerra amaitu baino lehen Parisa ihes egin behar izan zuen senarra eta lau semealabekin orduko Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batera. Erbestean Parisen bertan kaleratzen zen Euzko Deya aldizkarian ere bere lanak agertarazi zituen. 1953. urtera arte ezin izanen zuen itzuli, eta ordudanik erbesteraldiko kontu autobiografiko askoren berri emanez oraindik argitara eman ez duen gaztelerazko elaberria idatzia du. Egun 75 urterekin posta bidezko pintura ikastaroa egin ostean, margolanak egiten ditu, baita poesia ere, Euskarazaleak elkarteak kaleratzen duen Zer aldizkarian argitara eman ohi duena. Hitz lauz zein bertsoz eginak ditu bere lanak, aipatu Euzko Deya eta Euzko Gogoa aldizkarietan eta batez ere Euzkerean agertarazi zituen, gutiz gehien Utarsus ezizenaren azpian. Aldizkariko gainontzeko poetakideekin batera —Lauaxeta, Onintze, Eusebio Erkiaga, etabar— kanpoko literaturaren berri bazuen, eta abertzaletasuna nahiz fedearen ikuspuntutik idatzi arren, gustu berria landu zuen, eredu berria bilatu. Jon Kortazarren ustez Utarsus olerkigintza modernistaren bideetan kokatzen den idazlea dugu, berritasuna alde formaletan nabarmendu ere.

 

        2. Tamalez arras gutxi da Pantzeska Astibiaz dakiguna. Berriki Jon Kortazarrek Santi Onaindia bekaren 1985.eko eta lehendabiziko deialdia irabazteko ondu saioan —Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintza, Bilbo, Labayru Ikastegia & Zornotzako Udala, 1995— aski ongi zioen gisaz, Astibiak euskal literaturaren historian izan duen garrantzia ezta nolanahi baztertzekoa izan, poeta ezezaguna izan bazen ere, eta karrikaratutako lan idatzia zinez urria izan zen arren, modernitatearen agerpenean paper berezia jokatu zuelako. Mundakakoaren aburuz, hiru dira arrazoi nagusiak goien mailako olerkaria dela esateko, bakar batean laburbil litezkeenak: Astibiarekin jaungoikoaren izaerari buruzko galdera metafisikoa agertu zen lehenbiziz euskal letretan, 1929. urtean hain zuzen ere. Hortarako hiztegi modernista erabili zuen, Lauaxetak berak jarraiki ildotik hurranen hurran abiarazten zuena.

        Pantzeska Astibia giputza bide genuen, idazkiak froga ezin garbiago direlarik, alabainan Bilbon eman zuen bizitzaren gehiena, eta Bilbon zuen Euzkerea aldizkariaren inguruko giro literarioa, eta agian horregatik Jon Bilbaok bilbotartzat hartu zuen. Edozein modutan ere Jon Kortazarrek ezeze baita Santi Onaindiak ere giputz jo zuen ziurtasun osoz, eta bere Mila euskal olerki eder bilduma ederrean islatu zuen Gipuzkoako olerkariekin batera hitz samurrekin: «Bai goxo ta sentikor emakumearen biotza! ta goi-atsak jo ezkero, zelako oldozkun bitxiak, bertsotan tinko, diztirazten dituen engara barik! Orrela dagi aipatu onek be, edozein sorkarik irudimena arrotzen dautso, ta orduan, or dabil olerkiz mara-mara barrena ustu bearrez».

        Astibiak olerkaria zen batik bat. Onaindiak jada aipatu bilduman «Agur eguzki!» izenburuko olerkia zekarren erakusgai: «Urtzi-oñetan aon Eguzki / Agur iri / Eguzki garbi, eguzki dizdizari / Agur eguzki, euzkoen ziñaldari!». Alabaina, bere lan poetikoaz landa beste zerbaiteren ere utzi zigun, berbarako Sabin Arana Goiriren antzertilan baten euskarara iraulitako itzulpena. Hauxe Jelalde ezizenez 1903.ean Bilboko Tipografia Universal delakotik argitara elkiriko Libe: melodrama histórico original en 4 actos con 6 cuadros compuesto en euskera bizkaino drama musikala dugu. 1471.eko apirilaren 27an jazo Mungiako gatazka oinarri duen honek, jatorriz euskaraz ondu lana zela izenburuan berean ageri arren, erdal itxura aurkeztu zuen hasieratik, egileak 1902.eko martxoaren data zeraman atarikoan azaldu zuen legez: «Cree el autor que el argumento es lo menos malo de su obra, y por ésto osa sacarlo a la luz (...) No haya inconveniente en mostrar este libreto sólo en su versión, sino que júzgalo lo más oportuno, por la lamentable razón de que los vascos ilustrados más manejan el idioma extraño que el suyo propio (...) El texto euzkérico bizkaíno daríalo a conocer, acompañándolo de fotografías de los lugares escénicos y de datos detallados sobre tipos e indumentaria, tan pronto como fuese caso de ponerlo en solfa, hecho caso omiso de sus defectos y de la crítica implacable, y previo en la columna del haber, el saldo de los miles de pesetas necesarios para abrir concurso de maestros compositores». Gure Pantzeskarengana berriz ere itzuliz, aipatu behar da Astitxeren ezizenarenpean 1929.eko Euzkerea aldizkariaren lehendabiziko emanaldian agertu zuen hitz lauzko testua, «Ikopekua» ipuia alegia, ezagutzen dugun bakarra bestalde: «Arratiako Meabe basetxian Kepa baserritar zintzua ta Kataliñe bere emazte maratza bixi ziran. Kasildde ixena eban alaba baten gurasuak ziran. Kataliñe emakume maratza, buru argija ta zolija zan. Kasildde bere alabea, barriz, buru ariña, alperra ta ganorabakua».

        Astibiak agertu zituen olerki guziak Euzkerea argitalpenean azaldu ziren, betiere Onintze goitizenak sinaturik. Aipatu «Agur eguzki!» —1929, 1, 203—izenburukoaz gainera, beste honakoak ere baditugu: «Urdagako latsa»: «Oi ene lats polita / Txukun txairo zoliya / Abestu bai abestu / Gogo zoragarriya» —1929, 1, 243 or.—, «Josuri» —1930, 1, 254 or.— «Txoriñua kayolan»: «Udaberrija alai dator / Loretxubak piztu dira / Txori pollit kuttuna / Juan oi da ba bere sasira» —1930, 1, 343 or.—, eta «Euzko gaztedija»: «Euzko gaztedija... / Lora dun landare maitagarriya / Gorri ta goriya / Ederra da benetan ire aziya!» —1930, 1, 455—. Kortazarrek gorago ekarri zalantza modernistaren inguruan Onintzek dagien galdera honela laburbiltzen du: «Sinistu nahi eta ezin sinistu», alabaina ezin da esan Onintzek egoera tragikoa azken muturreraino eraman zuenik, fedeak eta sinistu nahi horrek galdera existentzialista garaitzen baitute, eta hargatik modernitatea ezta guziz erabatekoa «Josuri» olerkian agertu zuenez: «Zergatik billatutare / Ixainik biyotzian / Ez didazu erantzuten / ixilki barrenian. Mattez ala matte gabe / Ona nere biyotza / Zuretzat artzazu, eta / Ez det ixango ixotza!».

 

Bilaketa