literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Donostiako Katalinak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-7-26

 

        Gonzalo Zulaika Arregi Aita Donostia kaputxino musikariaren sendikoa genuen 1889.eko apirilaren seian sortu Katalina Eleizegi Maiz donostiarra. Magisteritza ikasketak burutzeko xedez Burgos aldera jo zuen, alabainan arras gutxitan aritu zen irakasle zeukan osasun kaxkarra zela bide, bronkitis kronikoa baitzuen, biri hodien marrantadurak arnas estutzarra eragiten ziola. Osasunarena kezka nagusi, lekuz leku eta toki ibili zen beti pausagunerik aproposenaren xerka. Donostia, Oiartzun, Bidania, Amasa, Ituren, Burgos, eta Madrilen egon ostean bizitzaren ondarreko hogeitasei urte Lizarran eman zuen, bertan zendu zela 1963.eko azaroaren 19an. Idazle findua, euskal literaturgintzan antzertiarena jorratu zuen bereziki, eta 27 urte zituela bere lehendabiziko antzezlana sariztatu zioten, Garbiñe zeritzana hots. Hauxe Donostiako udalak 1916.ean antolatu lehiaketan lehendabiziko saria eskuratu zuen lana dugu, ber urteko Santo Tomas gabean Antzoki Nagusian antzezturik, eta geroxeago, Gazteluko Gazte Alaien eskutik hainbat eta hainbat herritan ere errepikatuko zena. XIII. mendean giroturiko lana amodiozko historioa dugu, Galdosen Marianela idazkiarekin antzekotasun bat baino gehiago erakus ditzakeena. Toribio Altzagaren aburuz hauxe ez litzateke izkiriatzen hasten den idazle baten lana, umotasunera heldu den batena baizik: «Egilleak antzez lagunak margotzean euskal ikur berezia ezarri nai izan die ta giro ortan doa antzezkizun osoa; ezta lipar batean ere aultzen auziaren gero eta indartzenagoz dijoan lillura; elkar izketak egillearen asmamena ta leuntasuna ditu nabari, ta izkera aldetik jatortasun ikasgarria diragarkigu». Zetorren urtean argitara eman zuen Tolosako E. Lopezen etxean: Garbiñe: iru egintzetan eratutako antzerkia eta 1916.garren urtean Donostiko euzkel-ikustetan saritua Eleizegi'tar Katariñek idatzia ta Donostiko Euzkel Izkundeko Uri eskolak tajutu ta antzokitua. Bigarren antzezlana ildo beretik abiatu zen eta giputzen hiriko Udalak 1918.ean eratu sariketa berean berriz ere lehendabiziko saria eskuratu zuen Katalina andreak kantabroen gerrateak gai nagusi zituen Loreti izenburukoaz. Honakoa Donostiako Loiola'ren Eneko Deunaren irarkolan inprimatu zen izenburu honenpean: Loreti, iru egintzetan eratutako antzerkia. Hirugarren antzezlana Jatsu izenburukoa dugu, Nafarroa azpiratu zenekoaz hiru ekitaldiko drama, 1934. urtean taularatu zuena. Nabari denez gai historikoak atsegin zituen Eleizegik, 1932.eko Antzerki aldizkariak salatu gisa: «Eleizegi'tar Katariñe andereñoak oso tajuz kondaira-antzerkia lantzen du. Loreti ta Garbiñe arrera ezin hobea ta txalotuak izan dira toki guzietan». Beste idazkiren bat ere argitaratu gabe laga zuen, aitzineko herkide nahiz izenkideaz ondu zuen Erausoko Katalin besteak beste.

        Ez zen hura bestalde beste Katalin honezaz oretu lehendabiziko historioa. XVI. mende ondarrean eta Donostiako Trinitate karrikan genuen sorturik Katalina Erauso Perez-Gallarraga, moja alferez bezala ezagunagoa izan zena. Lau urte besterik ez zituela Antiguoko dominiken mojetxean sartu zuten, non bizitoki bakarra izanen zuen ezkondu edo zinitzak bete arteraino. Hantxe orduko jakintza gaiak, latina barne, azal eta xumeki ikasi zituen, baina zeraman bizitza mojagai arrunt batena zuen, gazte batendako ezertan laketgarri izan ahal ez zena. Gurasoek profesioa egin zezala erabaki zutenean, naski bere gogoz kontra, eta komentuan sartu berria zen Katalina Aliri alarguntsa aberatsarekin izaniko kalapita aitzaki maitzaki, anka egin zuen etxe santutik bizitza gatz eta piperdunago baten kausitzeko aihoz. Lehendabiziko helmuga Gasteizen bilatu zuen, eta gizonez jantzirik, amaren lehenguzina batekin ezkonduta zegoen Franzisko Zerralta katedratikoaren etxean sartu zen mutil. Arabako hirian tenore exkaxa eman zuen, eta berehalaxe gorteko hiria zen Valladolidera buruz jarri zen abian. Bertan erregearen idazkaria zen Juan Idiakezen zerbitzuan sartu zen, baina hara non bere aita handik agertu zen ahlako batean eta berriz ere bideari lotu beharrean ikusi zuen bere burua. Hurrengoan Bilbon dugu, non gartzela ezagutu zuen berataz trufa egin zuen gizon bat harrikatzeagatik. Geroxeago bi urte eman zituen Lizarran Arellanoko Alonsorenean, eta handik, bere burua frogatu nahian, Donostiara jo zuen. Bertan bere amaren muturrean ere azaldu zen, baina inork ez zuen ezagutu, eta froga haren bermetarekin, Ameriketara joan zen. Itsasoz bestaldean borrokalari sutsu eta bipil agertu zen, eta alferez gradua erdietsi zuen Alonso Díaz Ramírez de Guzmán ezizenaren azpian. Asko eta asko izan ziren ospea erakarri ziotenak, baina autobiografia egin izanari zor diogu benetan egundaino iritsi zaigun ezagupena. 1624. urte inguruan Katalinak berak eskuz eginiko kopiak barreiatu ziren, Joakin Ferrer Cafranga pasaitarrak Parisko Julio Didotenean egun ezagutzen duguna 1829.ean agertu zuen arte. Geroxeago Iruñeko Gomez argitaletxekoek beste edizio bat karrikaratu zuten 1959.ean José Berruezoren sarrera argigarri batekin.

 

Bilaketa