literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Madaleine Jauregiberri basabürütarra

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-7-19

 

        Bederatzi anai arreben artean Atharratze aldeko Alozeko Karrikian 1884.eko urrietaren 13an sorturik eta Zibozeko Sibasian 1977.eko irailaren 23an zendua genuen Madeleine Jauregiberri. Zuberoan jaio eta hil izanagatik handik hunat ibilitako nor bazen. Aita ezkongai zuelarik Argentina aldean ibilia bazen, eta han zituenen kariaz Madeleinek urtea bete aitzin bertaratzeko beharra sortu zen, 1891.ean amaren herria zen Zibozera itzuli ziren arte —Epherrek zioenez: «kartieleko gunerik eijerrenian, ibar eskugnaren eta ibar-echkerraren artian, hegilla batetan, bi aldetarat so eta bortu-gorari phara»—. Errejentsagoa maite zuen, eta Paben eta Parisen osotu zituen irakaskintzako goi ikasketak. Orduan ere sei urte inguru eman zuen langintza hartan Argentina aldean. Irakaskuntzarena zinez kezkatzen zuen afera dugu, eta horren lekuko garbia frantses gobernamenduak «Palmes academiques» delako saria eskeini izana dugu. Edozein modutan ere euskararen egoera ere aztoragarri zitzaion oso, eta biak uztarri berean lotzen ahalegindu zen gogotik. Xerka zuen euskara eskoletan sartzea, eta hortaz artikulu nahiko ondu zituen batez ere Miroir de la Soule delakoan ageri zirenak. Euskara eskoletan irakasteko erabide ttipia ondu zuen Pabe, Baiona eta Oloroeko behagile akademikoak onartu ostean Iparraldeko eskola guzietara igorri zena. Honekin euskeraren erabilera aisa zitekeen gelan, nahiz irakaslea erdalduna izan, eta disketan oinarriturik zegoen, kanten hitzak frantsesez nahiz euskeraz zeudela. Metodo honen gora beherak Baionako ihardunaldi pedagogikoetan mintzagai izan zituen, eta geroxeago 1959.eko Gure Herria aldizkariaren orrietan finkatu ziteun: «Le maître écrit au taubleau le texte basque que les enfants recopient en même temps sur leurs cahiers, pendant que le disque donne la prononciation exacte de ce texte. Une fois la copia terminée, la lecture est faite par des élèves qui savent déjà lire. Les autres apprennent très vite en écoutant et très vite également il se familiarisent avec l'orthographe basque qui lui est très simple d'ailleurs. La traduction mot-à-mot est faite par les élèves. Le maître a le texte qui lui permet de rectifier les erreurs d'interprétacion s'il y a lieu. Cette traduction littérale sert de texte pour la version française de la semaine suivante».

        Sendi euskaltzale baten altzoan hezia, orduko mugimendutan orotan sarturik ibilia zen. Aitzina talde aberkoiaren kidea izateaz gainera, emakumearen euskaltzaletzea helburu zuen Begiraleak Batasunaren sortzaileetakoa eta lehendakaria (1933-1934) izan genuen. Elkarteak hogei baino herri gehiagotan ezarri zuen idazkaririk baina maleruski, Donibane Lohitzunen baizik ez zuen iraun. Madeleine antzerkigintzan ere arizan zen, eta antzertilanak izkiriatzea ez ezik —Mirakuilu bat, Zikoitza, Euskaldun jauntziak— baita antzez taldeen sustatzaile eta aholkulariarena egiten ihardun zuen, eta zeregin hartan Donibane Lohitzuneko Begiraleak taldearen lehendabiziko zuzendaria izan zen. Hau guziaz gainera ipuinak ere bildu eta esan egiten zuen, eta bere idazkiak, euskaraz zein frantsesez, Herria, Gure Herria, Basque-eclair, edota Soud-Ouest argitalpenetan agertu ziren. 1957.ean Baionan Bonaparte printzeari egin zitzaion goratzarrean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1975.ean berriz ohoreko euskaltzain honezkero ezagunak ditugun Errobustiana Muxika «Tene» eta Julene Azpeitiarekin batera.

        Bere beste bi anaik ere zer edo zer utzi zigun izkiriaturik. Izen handiko Johagne edo Jean genuen, miriku edo bedezia zena, eta bederatzi haurretarik lehena. 1880.ean Alozen ere sortua, Pabeko Lycée delakoan ikasi ostean medikuntza Bordelen egin zuen. Soldaduen mediku joan zen kolonietara: Sudan, Gabon, Côte d'Ivore, Oubangui, eta bien bitartean Frantzia eta Maroceko gerlak. 1925.ean erretreta hartu eta Atharratzeko Grison andrearekin ezkondurik Donibane Lohitzunen ezarri zen mediku. Handik berriz ere Alozera joan zen non 1952.ean hil zen. Euskaltzaleen Biltzarreko kide honek aunitz idazki ondu zuen, Gure Herria, Eusko Jakintza edota Libro de Oro argitarapenetan agertu zirenak, edo liburu soil gisa argitara eman zirenak: Histoires comiques d'un Marsouin (1923), Les blancs en pays chauds (1924), Le basque moyen (Baiona, S. Sordes, 1929, lehendik Gure Herrian), Basabürian: en Haute Soule (Baiona, S. Sorrdes, 1952, Pierre Lafitteren hitzaurre batekin, lehenago ere Gure Herrian, egun bada euskal ordainarik Maiatzekoen eskutik), Etudes psychiâtrique de l'européen aux colonies dans le Manuel de pathologie tropicale de Blanchard, Considérations sur la valeur higiénique comparée des sports (Bordele, Imp. du Midi, 1905), edota agertu gabe dirautenak. Euskeraz ere ezer gutti egin zuen Hegoa ezizenez: «Betzuleko aize aphailia», «Xikitoka», «Unamuno jaunaren ele bati». Clement hagitzez apalago agertzen zaigu eta honako bi lan hauek baizik ez ditugu ezagutzen: Un peuple pas comme les autres eta 1953.eko Eusko Jakintza aldizkarian agertu Le verbe basque souletin: analyse du mécanisme de sa conjugasion; essai de preséntation de cette conjugaison en tableaux schématiques; étude réalisée d'aprés le livre Le verbe basque du chanoine Inchauspe.

 

Bilaketa