literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Mañariko Bustintzar ahizpak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-7-5

 

        «Sasi guztien gainetik, eta odei guztien azpitik, harantz arnasa baten, eta honantz beste baten, trularalara trularalara, goazen Mañarikoengana». Alkalarrera joatekoz Petralandako sorginek erabili ei zuten konjuroaz hasmenta eman nahi diogu gaurkoan Ebarista Bustintza «Kirikiño» zenaren ilobak genituen Errose eta Basilia Bustintza Ozerin Lasuen Arriaga zirenez arilkatu dugun honi. Bietan zaharrena Basilia genuen deblauki, hogei urtetan Kirikiño osaba berberarekin ezkondu zena hots. 1889.eko irailaren 26an jaio zen Mañarian, Arrueta auzoko Zumelaga etxean, eta senarra 1929.ean zendu zitzaionetik Errose ahizparekin bizi izan zen Mañarian, 36.eko gerratearen garaian iparraldean eman zuten denboraldiaz salbu. Errose ez bezala, luzaro bizi izan zen, eta buruko odol gogorduraz 1972.ean hil zitzaigun. Idazle bezala gutxi izan zen laga ziguna, are gutxiago iritsitakoa, alta apalaren apal eta umilaren umil, ez zuen nahi bere izenez izenpeturik deus ere ez agertzea. Alabaina bere olerkiren bat gureganatu zen Olerti aldizkarian Karmel ezizenez izan arren:

 

                «Txoria banintz ortxe nengike

                Neure abia gaiñe orretan

                Kantuz lertzeko ordu orotan

                Maitemiñezko didar zal orri

                Goitik yatorko doia-iturri

                Niretzat beti oso pozgarri».

 

        Errose aipatu Zumelaga etxe berean sortu zen 1899.eko irailaren 3an. Esan bezala gerra garaian Iparraldean eman zuen denboraz lekot —non Lapurdiko zenbait ipuin jasotzeko aukera aprobetxatu zuen—, sortetxean egon zen gehien, ezkongabe, gaztte hil zen arte, leuzemiak edo odol-zurbil gaixotasunak jota, 1953.eko abuztuaren 20an: «Egunaren goizak udabarrian antz osoa eban. Txori abesti zoragarriak errekatxoaren mur mur ots soiñulariaz batera, udabarria udabarria dear egiñez, bidazti liraiñaren oinkada bakotxean baso-lora politak sortzen ziran. Bidearen zoragarria!». Garaikide zituen bestelako euskal idazleak egin antzera orduko hainbat argitarapenetan barreiatu zituen bere idazki naroak, besteak beste Euzkadi egunkaria (1930-36), Euzko-Enda (1939-40), Gernika (1951), Karmel (1956), Jesus'en Biotzaren Deya (1952), Anaitasuna (1952), etabarretan, halaz guziz bere lan ia osoa gutiz gehien irakurtzeko aukera badugu, izan ere Jaime Kerexeta Gallastegik hartu zuen artari eskerrak egun Mañarikoren ipuiak irakurtzen ahal baititugu liburutegi zaharretako apalategietan metatzen den hauts nabarra irentsi eta arnastu beharrik izan gabe. Dituela bost urte eskas, eta Gero Euskal Liburuak argitaletxearen eskutik, aipatu Elorrioko apezak bildu eta Josu Unzuetak baturaturik agertu zen aspaldi Bilboko Jesusen Biotzaren Deya eta Anaitasuna aldizkarietan agerturiko ipuinak. Hauexek 49 idazki herrikoiak dira, beti ere gai folklorikoen gainean eraikirik, sorgin, lamia, prakagorri eta abar pertsonai , eta Durangaldea, Oitz mendi, Saibigain, Urkiola, eta abarretan kokaturik. Literatur kritikalari hainbatek —baldin eta zilegi dugun euskal literatur kritikagintzaz mintzatzea—, ele amultsuak izan dituzte Erroserekiko. Onaindiaren mintzoan Mañarikoa «idazle biotz samur, ta eztia, mitxeleta egon ezin antzera, mendi, baserri ta arkaitz zulo zear ipuin tximel billa, iñoiz nekatu etzana» genuke: «Irudimen azkarra du, bere errikoen agotik jasoriko ipui, esaera ta elezarrez edesti ta kontaera zoragarriak eratzeko». Bitañok ere Egan aldizkarian gorazarrezko hitzak bazekartzan: «Mañariko izango zan, ziur asko, elezarretzaz edeski ta ipuiñak idazten lumarik idurimen aberetsenetarikoa». Kortazarrek berriz bere 100 idazleen bilduman honela zioen lasai aski: «Gai ta bide errez-egokiz, antze ta elerti balio ziurreko idazlanak lortu zituen. Non ote dugun orren ezkutua? Egizale izan zitzaigun bere izakeraren ariora, ta jaio ta il zan bere txoko laztaneko baserritarren kontaeretan argi erazi ta mugitu zan». Andima Ibiñagabeitiak ostera Euzko Gogoa aldizkaritxoan honakoak plazaratu zitue: «Trebea duzuteMañariko Errose ipuiak idazten, gure artean garaienetakoa nik uste oraingo ontan. Ba dizu irudimena, eta ba dizubatez ere biotzondo». Zaratek bere Bizkaiko Euskal Idazleak liburuan gatz eta piper doi bat minago azaltzen zuen kritika hagitz goxoa izatearekin ere: «Ez eban libururik egin Bustintza Errosak. Baiña bere idazlan guztiak batu ezkero liburu ederra argitaratu leiteke. Ain zuzen bere, amaikatxo lan egin ebazan bere denporako aldizkarietarako. Olerki ta kantu letrak bere ainbat egin ebazan. Aberatsak dira bere idazlanak etnolojia aldetik. Euskera erreza, errikoia darabil; noizik bein, garbikeritxo batzuk ditu».

        Ipuiegilea izatea ez ezik sena finduko olerkaria ere bagenuen Buztintza andrea, eta horren erakusgarri Santi Onaindiaren Mila euskal olerki eder bilduma paregabeab badugu Abesti zarra, Josuren biotza eta Siaska abestia hirukotea lekuko irakurgai. Eta hasi bezala bukatzeko, bihoa orai berriz ere Petralandako sorginek erabili ei zuten konjuroaren kirbin mentsa: «Sasi guztien azpiti, eta odei guztien gainetik, harantz arnasa erdiz, trularalara trularalara, banioak Mañarikoarengandik».

 

Bilaketa