Robustiana Mujika Egaña «Tene»
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1996-6-28
Deban 1888.eko maiatzaren 24an sortu Robustiana Mujika Egañak idazle gisa ospe berezia erdietsi bazuen 36.eko gerratea aitzinetik, Euzkadi, Argia, Gure Herria, edota Jaungoiko-zale bezalako argitarapenetan agertu antzerti, olerki edo ipuin goxoen bitartez. Sendiaren dendan aritu zen lanean, jo eta tinko, eta txolarte bakanetan baizik soilik izkiriatzen zuen arren sariketa frangotan gailendu zen, idazki bat baino gehiago argitaratu zuela tarteka marteka. Oxobi bera ere 1923.eko Gure Herria aldizkarian argitaratu artikulu batean aski ongi mintzo zen debarrari buruz: «Gutartean ukhanen ditugun Tene bezelako hamar idazle, biziko Euskalherri, euskarak eginen du bidea», alabainan umilaren umil agertu zen beti bere buruaz iharduterakoan: «Ez naiz ikaste nagusiak egindako emakumea. Senide asko giñan eta gurasiak gu aurrera ateratzen lanik asko izan zuten. Gozoki, edari, ta janari denda zuten, eta errian bertan al bestean ikasiak giñan. Mutillak mutil bezala, neskak neska bezala, ezi t ikasiak giñan».
Argira elki zuen lehendabiziko liburua Miren Itziar'i idazkiak eta olerkiak izenburuduna genuen, Zornotzako Jaungoiko-Zalerenean, 1923. urtean, Euskaltzale Bazkuna izeneko elkartean saritu 126 orrialdetako lana. Idazlan aberkoiak dira, hemeretzi gutun eta 23 olerki osotara, «Zuri Itziar'ko Ama Neskutza maite orri opaltzen dizut nere lendabiziko idazki au. Ar zazu maitez eta onetsi euzkeldun emakume artean, Jel-aldez emaitz ederrak bildu ditzan». Eskutitzetan emakume abertzaleen eginkizunak plazaratzen zituen, eta olerkiak natura eta Euskal Herriko edertasunari eskeiniak dira: «Ez berton billatzen ibilli elertiaren bikaintasunik, ezta jakintza sakon baten irakatsirik, ezta ere gogoepantsuen gorargirik, ezer orrelakorik ez dezute arkituko ta. Bakar bakarrik billakatu Aberria maite maite duan biotz baten naimen ona, bertan arkituko dezuten guzia onexek arazia da ta». Bereziki kezkatzen zuen euskararen egoerak bai eta emakumeak hartan zezakeen artak: «Bere umetxuak euzkeldun eta euskeltzale azi, ara emen emakume abertzalearen egiteko garrantzi aunidun bat, eta euzkera aldez eragioen aundidun bat». Olerkiak ere xalu eta artez tajutuak daude, eta bere garaian erabat arrakastatsu suertatu bide ziren, Watson Kirconnellek 1928.ean Otawan argitara eman zuen European Elegies izenburuko bildumarako hautatu Teneren «Udazken-ala» izeneko bertsoa lekuko:
«Amaitu dira, neska mutillen
Itur-ondoko egonak
Gogorki ditu ba ortik biadldu
Euriyak edo bisutzak
Ai bai luze itunak maitalientzat
Neguko gau illun baltz baltzak
Ames egitera deitzen ez baleu
Sukalde zarreko suak».
Olerkari bezala doi batez ezagutzeko Onaindiaren Mila euskal olerki eder bilduman Teneren sei bertso daude irakurgai: «Ama», «Muxua», «Ikazkin lilluratua», «Gogo-negarra», «Arnoko kurutza», eta «Neskuts minduari».
Siñutegietan sartu zuen bigarren lana Gogo oñazeak izenburukoa dugu, Tolosan, 1934.ean, Lopez-Mendizabaldarrenean. Hiru ekitaldiko antzertilan honekin, Antzerti aldizkarikoek ber hirian antolatu II Antzerki Sariketan 1. saria hatzeman zuen Debakoak, 250 laurleko eta aldizkariaren orrietan argitarapena, 34, 35, eta 36 zenbakietan alegia. Epaimahaikoek begi onez hartu zuten lan hau, «lan txukun eta ederra, gertaera egokiak eta esakera egikerak areago, ongi, mamiz, eta joskeraz, lenen atalean ez ltuzke gaizki, baño, zenbait laburtu-aldi ta orratze, euskel antzerti barrutian aurrena dionetakoa da antzerki txalogarri auxe», eta behin baino gehiagotan antzeztua izan da. sariketa berean, bakarrizketa, haur jolas, edo antzeko lantxoen sailean 75 laurleko saria eskuratu zuen Gabon «umientzat antzerkitxoa» ekitalde bateko lanarekin, Antzerti aldizkariaren 46. zenbakian eta lan soil bezala 1935.ean Tolosako aipatu argitaletxean ageri zena: «Tajuzkoa, bai gaiez, bai iraute-neurriz, eta bai ikasbidez. Euskara polit-erreza». 1936.eko apirilean Asamblea Mariana Diocesana delakoak Oñatin antolatu literatur sariketa irabazi zuen, antzerki sailean, Juan Joxe izeneko hiru ataletako bakar hizketarekin. On Mateo Mujika Gasteizko apezpikuak berak eman zion saria, baina gerratearekin, argitaratzeko asmoak bertan behera geratu ziren, eta apezpiku berria izendatzearekin kariaz, Teneren idazkia, beste gauza asko bezala, desagertu zen. Gerratearekin Iparraldera jo behar izan zuen ez ahantz Gipuzkoako Emakume Abertzale Batzako Lehendakaria izan zela 1935.etik. Gerraostean hainbat artikulu eta ipuin idatzi zituen Debako jaien programetan, horrez gain, ia ezer gutxi gehiago laga zigun berria, ezpada 1964.ean Txomin Agirreren mendeurrena ospatzeko aitzakiz Ondarroan egin zen Literatur lehiaketan aurkeztu nekazari bizitzari buruzko lana, 1. saria eskuratu zuena. 1969.ean Cuadernos de vascuence hablado izenburukoa agertu zuen Zarautzen, seme alabak ikastoletara eramaten zituzten guraso erdaldunendako esku liburua. 1975.en, emakumearen nazioarteko urtea zela bide, euskaltzain ohorezko izendatu zuten Azpeitia eta Jauregiberrirekin batera, eta 1981.eko irailaren 16an zendu zen bere betiko herrian.