literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Julene Azpeitia euskal maistra

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-6-7

 

        «Esan behar det baita ere, neri iñoiz galdetu didatenean: aizu, berriz jaioko baziñake zer karrera artuko zenduke? Nik beti erantzun det: maistren karrera, milla bider jaioko banintzake ere».

        Hirugarren karlistadan Santa Cruz apaiza ospetsuaren 8. batailonean zeuden borrokalari guzien artean Markos Azpeitia zumaiar mariñela zegoen. Zauritu zutenean, eta Loiolaniko susperraldia eramangarriagoa egin nahian apika, Pedro Migel Urruzuno Elgoibarko idazle herrikoiaren laguntzaz irakur eta izkiriatzen ikasteari ekin zion gogotik, pilotu agiria sakeleratzea beti helburu, aisa hatzeman zuena. Itsasgizon gaztea berriz ere herriratu zenean Gomez andrearekin esposatu zen, eta 1888.eko urtarrilaren zortzian Josefa Juliana sortu zitzaion, lau alabetan zaharrena. Ber herrian edoski zituen lehenbiziko ikasgaiak gure neskatoak, handik Donostia eta Bilbora abiatu zelarik magisteritza burutzeko. 1906.ean maisutza eskuraturik, Bilbon bertan, Abadiñon, Astorki-Txabarri sendiaren etxean eta Aizarnazabalen aritu zen irakasle, alabaina 1911.ean lanpostua irmokiago ziurtatu nahian edo, Valladoliden egin beharreko oposaketetan eman zuen izena, eta aurkeztu guzien gainean erraz gailendurik, lehendabizikoa geratu zen, Eako eskolen ardura bere eginik. Herri bizkaitarrean bost urte eman ostean Enrike Eskauriatza indiano bilbotarrarekin ezkondu zen, eta horren kariaz lau urtez Mexicon bizi izan zen. Hortxe erabili zuen estraineko aldiz Arritokieta ezizena Euskal Etxearen argitalpenerako ondu artikuluen izenpetzeko. Hogeigarren hamarkadan berriz ere etxeratu zenean, eta Bizkaiko Aldundiak antolatu oposaketetan aurrenen geratu zelarik emakumezko langilegoaren zuzendari izendatu zuten. Betekizun berria ostera zeharo erdeinatu zuen nortu ezean omen, eta irakaskuntzaren zirrarak eramanda, betiko arta berreskuratu zuen Amorebieta eta Abadiñoko auzo eskoletan sutsu eta nekaezin 36.eko gerrate ankerra hasi artio. Gerra ostean eta berariazko erbesteratzetik Legazpian pausaturik —Donibane Lohitzunen eta Akizen ibili zen, baina bigarren gerrate handia hasita Etxalarko baserri batetan ezkutatu zen alemanen beldurrez—, Bizkaiko Diputazioak Gorlizen zuen osasun etxeko eskoletan aritu zen irakasten, gobernamenduak zigortu arte, alta bere ideiengatik Burgos aldeko Anzo herrixkara joanarazi zuten. Handik bueltan 1955.etik aitzina eta jubilatu bitartean Markinako Urberuagan jardun zuen.

        Juleneren bizitzan irakaskuntzarekin batera ezin funtsagarriago agitzen zen berebiziko kirbina idatz langintza genezake. Alde batetik hainbat sariketetan erdietsi garaipenak aipatu behar dira, berbarako 1921.ean Bizkaiko Aldundiak antolatu lehiaketa pedagogikoan eskuratu lehendabiziko saria eta 1926.ean Caceresko Aurrezki Kutxak antolatutakoan erdietsikoa, egun oraino argitaratzeke daudenak bestalde. Orduko hezkuntz sistima gogorki kritikatu zuen, bai euskarari bai pedagogiari zegokienean. Euskaltzale amorratua enda hezkuntz baten aldarrikatzen zuen, non euskara nagusi izanen zen, eta horregatik euskararekiko eskola nazionalek eta bereziki apez eta mojek zuten jarrera salatu zuen: «Gure umiai euzko-gogoa iltzeko aizto zorrotza, besteak baño polikiago erabiliaz barrurago sartu dutelako». Disziplina kontuetan arras zorrotza eta gogorra bagenuen baina pedagogia mailan erabide berriak aldarrikatzen zituen tai gabe: «Orain dezu garaya bide zarrak utzi eta berrietatik ziar asteko, irakastia ederti bat da, eta beti berritzea aritu bear du, berriztu ezik, alperriko lanaren utsean eroritzen da ta». Berri iturriak Europa osoan zituen, mundutik asko ibilia baitzen, frantziar eta belgiar ereduak sobera ezagutzen zituen eta Journal des instituteurs et des institutrices delakoa sarri irakurtzen zuen. Horregatio ez da batere harritzekoa Decrolyren metodoa defenditu izana silabikoaren aurka. 1931.ean II Errepublikaren gobernupean ikastolen sorkuntzan parte hartu zuen irakaslegoaren prestakuntzarako hainbat hitzaldi emanez. Ber urtean Euskal Langileen Elkartasuna sindikatuaren barruan Bilbon agertu zen Euskal Maisuen Batzaren sortzaileetakoa dugu. Hauekin elebitasuna, sinismen askatasuna eta metodo berrien alde agertu zen. 1932.ean eta Euzko-Ikastola-Batzak eskaturik Irakurri matte ondu zuen, irakurketa liburua. Alabaina lehendabiziko alea baino besterik ez zen argitaratu, eta moldeetarako prest zeuden gainontzeko biek egun galdurik diraute. Bere kezka guzi hauek 1933.etik aitzina Euzkadi egunerokoan agertu zituen batik bat, Lauaxetak apailatzen zuen euskarazko orrian, «Euskotar umien aldez» epigrafea zuen sailean, non 150 artikulu inguru agertu baitzituen. Burgosen zegoela bere lehendabiziko ipui liburua idatzi zuen, Amandriaren altzoan, euskaltzaindiak saritua 1954.ean, eta ildo horretatik abian, 1974.ean Zuentzat: aurrentzako ipui ta irakurgaiak izenburukoa kaleratu zuen Donostian. Euzkadi egunkarian ez ezik baita bestelako aldizkarietan ere agertu zituen bereak, hala nola, Aberri, Egan, Euskera, Euzko-Gogoa, Gernika, Karmel, edota Yakintza. Bizitza luze hau 1980.eko maiatzaren 2an zendu zen Bilbon, 1975.ez geroztik Akademiak euskaltzain ohorezko izendatu ostean irakaskuntzari nahiz euskal literaturari hain naroki eskeini ekarri freskoa sarituaz.

 

Bilaketa