literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Bizenta Antonia Mogel Elgezabal alegigilea

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-5-31

 

        Maria Bizenta Antonia Azkoitian sortu zen 1782.eko ekainaren seian. Petronila Elgezabal amatxoa Zamudiokoa zuen eta aita ordea markinarra. Bertako miriku zuen tenore hartan, eta hortik dugu halabeharrezko jaioterri giputza, bada Erbeitiko Milagron erroak zituen Mogel sendia aspaldi batez bazen Bizkaierrian pausatua. Bestalde mogeldarrena medikuntza ohiko ogibide zeukan aikoa bagenuen: Juan Antonio Mogel Urkiza apez ospetsuaren Andres berraitona Calatayud aldeko Ruescan aritua zen, Domingo aitona berriz Agurainen eta Markina-Xemeinen, eta Juan Ignazio aita ostera, Deba, Agurain eta Eibarren. Azken honetan jada Juan Antonio bera jaioko zen, Bizenta iloba bezala, aitaren lanaren kariaz, nahiz geroxeago, biak Bizkai aldera jo guziz gehienerako. Bizentari gure arreta osoa zuzendu aurretik, ez genuke aipatzeke laga gura Juan Ignazio hark, Deban ziharduela, lehiaketa batera aurkeztu zuen lan bitxi xamar bat, bigarren saria eskuratu zuena gainera: Dissertación physico-médica-anathómica en respuesta de la pregunta hecha por la sociedad médica de la Real Congregación de Nuestra Señora de la Esperanza en el día 6 de enero de 1750, ¿porqué siendo el regular domicilio de las lombrices el canal intestinal producen picazón en las narices?, Madrileko Perez-Sotorenean argitaraturik 1751.ean.

        Aita gazte hil zitzaiola, bere anai Juan Joserekin Markinaratu zen Juan Antonio osabarengana. Peru Abarka elaberriaren egileak kultur bideetan abian hazi eta hezi zituen ilobak, eta horrezkero badakigu zortzi urterekin latina ikasteari ekin ziotela. Latinaz ez ezik baita frantsesa, espainera, filosofia, eta, nola ez, euskaran ere trebatu zen Bizenta. Behin baino gehiagotan aipatua izan da Juan Antoniok bereganatu zuen arta neskatoak ikas zezala, garaiko aurreritzi ororen gainetik, baina egia da, eta onartu beharrean gaude, hagitzez gehiago egin zezakeela, batik bat zientzietako alorrari bagagozkio, alta ezin da ahantzi sendiaren lanbidea, Bizentak berak aldez edo moldez praktikan jarri zuena, sendakuntza herrikoiaren baliabideak nonbait ezagunak oso baitzituen. Nolanahi ere ezin da ukatu Eibarkoak Bizentarengan izan zuen eragina. Osabaren zuzendaritzapean alegi itzulketan burutu lanak bere uzta eman zuen, eta 22 urte zituela bilduma ezaguna inprimatzera eman zuen 1804.ean: Ipui ónac ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte guciac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco, Donostiako Antonio Undiano liburugilearen etxean. Beratn berrogeitamar alegi jaso zuen, Juan Antonio osabak bertsoz tajuturiko beste zortzi alegitako gehigarri batekin. Idazkia behin baino gehiagotan berrargitaratua izan da zatika aldizkarietan zein osorik.

        1817.ean Bilboko Eleuterio Basozabal merkatariarekin ezkondu zen Markinako Erdotza baselizan eta Abandora joan zen bizitzera. Bertan idazteko zaletasuna berpiztu zitzaion edo agian argitaratzeko aukera hobea zukeen, batez ere aitaginarreba zuen Jose Basozabal zilargina inprimatzaile lanetan sartu zenetik. Hartan, esate baterako, Modo de ayudar a bien morir izenburukoaren euskal iraulketa argitaratu zuen, beti ere Zabalak zekarren arabera, izan ere egun haren hatzarik ezpaita inon hatzematen. Bizkaiko Aldundiaren itzultzaile lanez ere ba omen zen arduratu, horren guziz zihurtatzeko berririk ez izan arren. Guziarekin itzultzaile gisa ezagutu ahal izateko, hortxe dugu Fernando VII erregeak 1820.eko martxoaren 10ean karrikaratu adierazpen bati Luis Borbon Toledoko artzapezpikuak gehitu zion sarrera iruzkinduaren itzulketa: Luis de Borbón Jaungoicuaren onerichiz Erromaco Elexa Santuco Cardenal, Santa Maria Scalaren icenecua, eta Arzobispo Toledocua, Españaco lelencarija, neure elexa lelencari onetaco cabildu gustiz maitiari eta abar, Bilboko Apraiz baitan elki zena.

        Egin zituen eta gureganatu zaizkigun bestelako lanak, ondu zituen hainbat eta hainbat gabon kanta dira. Hauek ezkondu baino lehenagotik inprimarazten hasia zen, baina egun eskura ditugunak 1819-1832 urte bitarteari doazkionak lirateke bereziki. Bizentaren ondarreko urteak ez ziren zeharo onak, eta senarra hil ostean, honen ondasunak koinatuen eskuetara joan zirelakoz, epaitegietara eraman zituen basozabaldarrak. Auzitan eta gaixorik zendu zitzaigun beraz gure alegigile handia 1854.eko irailaren 29an, artzaiak Bardeetara joaten direnean, 71 urte zituela: «Beti nago cantetan, urteric urtera / Ez daquit gaur cer esan, eguija esatera / Iguez esan nebana, aztuda aurtengo / Gogua daucat otza, orain cantetaco».

 

Bilaketa