literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Materre eta Pouvreau euskal idazleak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-5-10

 

        Harrigarri samar gerta dakioke bati baino gehiagori euskaraz izkiriaturiko XVII. mendeko zenbait lanen egileak Euskalerritik kanpokoak izatea, baina egon bazeuden, eta haien berri zertzeladaren bat ematera bagatoz gaurkoan. Estebe Materrek frantxikotarrak 1617.ean Bordeleko Petri de la Court delakoaren moldeetan inprimarazi zuen Doctrina christiana bat, 1623.ean «bigarren impresionean debocinozco othoitz eta oracino batçuez berreturic hirur partetan eguina» ber hiriko Iacques Millanges «erregueren imprimatzailerenean» berriz ere elki zena, lehendabizikotik bigarrenera orrialde kopurua bikoiztu zelarik. Hirugarren bat oraino ere 1693.ean ageri zen Baionako Piarres Dussarrate baitan izenburua pittin bat itxuraldaturik, hau zen, Bouqueta lore divinoena bereciac eta Duronea apeçac aita Materren liburuari emendatuac, iduquicen dituelaric aste guztico egunetaco officioac ungui conffesatceco eta errecebitceco molde eder batequin bethiereco kalendarioarequin. Materre ez zen euskalduna eta horrela bazuen aditzera ematen «euscaldunei» sarreran inolako konplexurik gabe: «Gaiñeracoan badaquit Euscal-Herrian anhitz moldez minçatzen direla, eta nori bere herrico euscara çaicala hoberenic eta ederrenic, eta handic gogora emaitan deraut ene esquiribatceco molde haur etçayela guztiei ongui idurituco; baiña nahi dut iaquin deçaten halacoec nec hizcuntça hunetan daquidana Saran ikassia dudala eta hango euscara ongui erabiltcen badut ez naicela gaitz erraiteco, eta ez arbuyatceco ceren ez paitaquit nic hangoa baicen. Ordea ea Saraco euscara denz Euscal-Herrico hoberena eta garbiena, ez naiz ni hartan sartcen, bat-bederac emanen du bere iduriric. Eta Saraco euscara hunetcaz content eztenac ezquiriba beça bertce euscara hobeago batez eta hobequiago, ez naiz ni hargatic bekaiztuco, eta ez imbidios içanen». Saran beraz ikasi zuen euskara, Axularren maisutzapean omen, dotrinaren baimen emaileetakoa izan zena bestalde, Martin Gillentenea baxenafartarrarekin batera. Materrek Lapurdiratzeko izan zitzakeen arrazoien artean 1611.ean eta Ziburun frantxikotarren komentu bat zabaldu zela aipatu ohi da, dena dela 1617.erako Réoleko Cordeliersen lekaidetxeko zaindari bazegoen, eta harrez geroztik ez bide zen berriz ere itzuli.

        Bourgesko semea genuen Silvain Pouvreau gazte zela Saint Cyran jansenzale ospetsuaren zerbitzuan sartu zen. Jean Duvergier-Haraunne Etxeberri baionarra, Saint-Cyran goitizenez hagitzez ere ezagunagoa zena, Cornel Janssen batera, jansentasunaren aitagoia genuen. Baionako gotzaia zen Bertrand Etxauz baigorriarrak bereziki miresten zuen eta hori zela bide Itxasuko erretoretza eskeini zion, Saint-Cyranek segurki erdeinartu zuena. Ezetzaren ostean gotzaiak Itxasura lotu zuen apeza gorago aipatu dugun Martin Gillentenea izan zen. Euskal Herria txikia baita. Etxauzek, Tourseko artzapezpikutegiburu izendatu zutenean, Saint-Cyran Poitiersekoaren bikario orokor izendatzea erdietsi zuen, eta 1620.ean Brenneko Saint-Cyrango abate izendatu zuten, nondik ezizena bereganatu zuen. Etxean euskaraz mintzo bide zen, eta Pouvreauk, idazkari lanetan ziharduelarik, etekin haundiak atera zizkion egoerari, izan ere idazketen karietara nonbait ikasi zituen gaztelera, latina eta hebraieraz gain aditzen zuen euskara ere zeharo barneratu baitzuen. Saint-Cyranek Parisen ezagutu zuen San Bizente Paulekoak Pouvreau ere ezagutuko zukeen seguroenik eta hau apeztu ostean Saint-Cyranengandik hastantzeko asmoa jakinarazi zionean, Pouykoak François Fouquet Baionako apezpiku berria aurkeztu zion Bourgueskoari berekin joan zedila. Euskaraz hain elestari ona zen ezi Bidarteko erretoretza eskeini ziola gotzai berriak. Guziarekin bertan arras bulta llaburra iraun zuen, bada 1644.ean Fouquet Adgera joan baitzen eta Baionako kaderan Etxauzek amaren aldetik iloba zuen Jean Oltze iholditarra eseri berri zen, halabehar Pouvreauren biziki lagunmina ez zena, eta Bourguesera itzultzeko bultzada ezinbestekoa gertatu zitzaion, non iraunen zuen bere heriotza iritsi arte 1670-1680 hamarkadan. Pouvreauk fitean bite Euskal Herriratzeko parada izan zuen, esate baterako, 1660.ean Luis XIV.aren ezkontza zela eta Donibane Lohitzunera joan zenean. Kontutan hartu behar da Euskal Herrian lagun bat baino gehiago egin zituela, Oihenarte edo Materre bera berbarako. Bere lehendabiziko euskal idazkia 1656.ean Pariseko J. Rogerenean karrikaratu Bellarmin kardinalaren katezismoa izan zen, Richelieuk Luçongo diozesirako apailatu edizioaren arabera, hau da, Guiristinoaren dotrina. 1664.ean Saleskoaren Philotea agertu zuen Pariseko Cl. Audinet baitan eta urte bat beranduxeago leku eta etxe berean Gudu ezpirituala. Bizi zela ez zuen bestelako lanik agertarazi, baina anitzak izan ziren idatzirik laga zituenak, besteak beste, euskal hiztegia eta gramatika, Vinsonek 1892.ean argitara zatika eman zituenak.

 

Bilaketa