literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Bi olerkari lapurdiko: Zesar Duvoisin eta Jan Batista Kamusarri

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-4-12

 

        Jean Pierre Duvoisin Gorostarzu ainhoar euskal idazle eta itzultzaile ospetsuak horren ezaguna jazo etzaigun anai bat bazuen izan Zesar zeritzana. Honi ez omen zitzaion batere laketzen gurasoek aukeratu izena, eta ia gehienetan C. bakar batez izenpetzen zituen bere lanak, Charles batekin identifikatzera edo Kapitainarekin zuzenean lotzera hainbat eta hainbat irakurle eraman zuena. Jean Pierreri egotzi zitzaizkion lanen artean Pabeko Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts agerkarian 1841.ean argitaratu «Notice sur la Chapelle de Saint-Magdaleine d'Uztaritz» artikuluxka aipa genezake besteak beste. Duvoisindarren etorkia behiala Lafittek argitu zuen jada, Nafarroako Teobaldo I.arekin XIII. mendean Xanpanatik euskalerriratu Du Voisan zelako zaldun baten bitartez. Amaren aldetiko iturburuak berriz edirengarriagoak zatezkeen aikoaren erroak Baztango ballean baitzeuden nonbait, eta «Orhiko xoria» eta «Eliza besta» kanten sortzailea zen Jean Gorostarzu (1829-1858) garaikidea askazi zuketen. Zesar apezgai joan zen Larresorora, ez ordea bertan zegokeen apezgaitegira, orduan itxita baitzuen gobernamenduak, behin behineko Irigoienera baizik. Jean Pierre Kapitaina aldiz, eta ezagun denez, horrezkero berrirekirik zegoen berariazko apezgaitegira bai sartu zela, 1823.ean hain zuzen ere, eta lehendabiziko hiru ikasturteetako agiriek salatu bezala ikasle alfer eta buruzkin baldin bagenuen, laugarrenaz geroztik guziz bestelakoa izanen zen Zesar anaia maisu ukan zuenetik bederik ere. Bertan irakasle eman zuen egonaldiak apika bultzaturik 1733.eko apirilaren 29an Larresorokoa ireki zuen Jean Dagerreren bizitzari buruz liburua ondu zuen, Baionan 1861.ean ageri Vie de M. Daguerre, fondateur du séminaire de Larressoro avec l'histoire du diòcese du Bayonne depuis le commencement du dernier siècle jusqui'a la révolution française 520 orrialdetako lan mardula alegia. Urte batzuk lehentxeago ere, 1852.ean prezeski, Lettres à Polydore sur Cambo et ses alentours idazkia agertarazi zuen Baionako Lamaignèreren alarguntsarenean, sei urtetan zehar hamar edizio izan zituena, eta tenore hartan ere orrialde kopurua bikoiztu zuena, 111tatik 222tara pasatuaz. Alabaina, kontu guzi hauek hutsal dituzkegu gaurkoan, alta olerkari erromantikoa izan zitekeen heinean interesatzen baitzaigu bereziki. Hortaz Pariseko liburutegi nazionalean gorderik darraien Tableau des moeurs des basques izenburupeko Zesarren eskuizkribua ekarri behar dugu hontara. Frantseserazkoaren ondotik Duvoisin honek euskarazko olerki eta kanta bilduma zegokion egile izenarekin batera gaineratu zuen, eta denen artean Zesarrek berak izkiriaturikorik bada, Txomin Peillenek 1982.eko Fontes Linguae Vasconum aldizkarian poema filosofikotzat jo zuen ber. XIX. mendeko ideia erromantikoak arras egoki isladatzen ditu hala nola tristuratik ihes eta histasunari gibelondo egin beharra, edota pakea, plazerra eta naturarekiko atxikimendu goxoa: «Zer da gure bizia, adiskide maitea? / Iragaitza labur bat nahigabez bethea / Oi! Zenbat atsekabe, gure harat-hunetan / Zenbat kirets, bihotz min, goitibehetietan? / Nihor zuhurtziaren amodio duenik / Edireiten badugu, elkargana lehenik / Guziak bil gaitezen, utz ditzagun zoroak / Goazen preza ditzagun egiazko gozoak».

        Jan Battista Kamusarri Murgi dohakabea itsasertzeko Ziburun sortu zitzaigun 1815.eko otsailaren 18an, Pocalet auzoko karrikan, sendi osoro arrantzale baten altzoan. Aita jaio urte bereko abuztuaren 22an hil zitzaion lanaren karietara, Sokoako badian itota, eta hortik konpreni behar amarengatik zuen maitasun berezia. 1838.eko abenduaren 22an apeztu ostean ikasturtea Larresoron amaitu zuen irakasle, eta gerontzean Donibane Garaziko erretora izanen genuen 1842. urtera arte. Birikak arront eri, hetikak joa, amarengana joan zen eta ber urtean sorterriko Gantabaitan zendu zen abuztuaren 21an. Bizitza laburra iragan arren, hartu eman eraginkorrak izan zituen Hiribarren edo Zaldubi bezalako bestelako olerkariekin. Francisque Michelek bere «Ene gogoetak» bertsoa horrezkero argitaratu zuen, alabaina bilduma osotuena Guadalupe Artolak agertuko zukeen 1988.eko Julio Urkixo Mintegiaren Gehigarrian, ASJU delakoan. Poeta erromantikoa, ikutu arras hits batekoa, «Haurrak altxa bihotza» airean eginiko «Menditik nola doa» olerkian hatzeman dezakegu: «Menditik nola doa / Ura itsasorat / Hala ni banihoa / Lasterka tonbara / Akabo da akabo / Neretzat denbora / Banoa sekulako / Hillen herritara». Dena den, bertso kementsu eta alaiagoak ere bazituen sortu, Harispe jeneralari edota Zumalakarregiri zuzendu zizkienak berbarako: «Euskaldun loria / Gure urgullua / Agur musde Harispe zaldun ospatua / Zu kantatzeko jauna dut trunpeta hartua / Behatu batez otoi anima nazazu»; «Orai duk eskualduna orai duk ordua / Baionet eta lanzak xorrotx soldadua / Begoz etsai laxoak urrundik tiroka / Baionetaz hik dakik hurbil guduka».

 

Bilaketa