literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.118 idazlan
7.826 esteka / 6.315 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Lhande zalgiztar handia gogoan

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-4-5

 

        «Bere ahalen bethian zen denbora beno handiago izan beita aita Lhande euskaldun suharra, ezinian kausitu delarik» zioen Lhanderengandik euskaltzaintasuna ohoregarria jaso zuen Guillaume Eppherre altzürükütarrak 1959.eko Gure Herria agerkarian. Jan Pierra Basagaitz atharraztarra alargundu zenean emaztearen ahizparekin esposatzea deliberatu zuen, halabeharrez Montebideon sortu Mendikotako Mendittetarren Paulina Hegirekin hots, eta lemiziko emazteak eman bi alaba harturik, Baionara jo zuen lanaren karietara tratulanta baitzen, eta bertan zen sortu Pierre, hiru semeetan nagusia, 1877.eko uztailaren 9an. Aturriko hirian jaio arren arras tenore laburrean iraun zuen hartan, alta zernahi tresna erosi eta saltzeko aitak Baztan aldera zegien aunitz bidaztietako batetan hil baitzen ondikotz, Elizondoko ostatu batean espreski, 45 urtetan, kolerak joa. Amak gorputza kontrabandoan ekarri ostean ezkonsarian bereganatu zuen Zalgizeko Apatiara joan zen bost seme iloba ahal bezal ongien haziz. Zuberera etxeko euskara izan zuten beti, eta amañik hortan zuen zer ikusirik Pierrek bere hiztegiko aitzinaldean oroitarazi zigun: «Graxi Lhande, ene amañizenaren oharmentxetan, erakatsi zeitadalakoz haurrian jinkuaren othoitzen üskaraz». Mauleko San Frantses ikastetxetik Baionako apezgaitegi handira joan zen, alabaina Lhande ez omen genuen halabiz dioten horietarik eta egotzi baino lehen lagundian sartzea nahiago izan zuen, 1900.ean Belgikako Rodezen egin zuena. Loiolakoaren gerizapean anitz lekuetatik ibili zen, hala nola 1905.ean euskaldunek horren ongi eta tamalez ezagutzen dugun Cádiz aldeko Puerto de Santa Marian frantserazko irakasle, 1907.ean Belgikako Enghien hiriko apezgaitegian maisu eta 1911.etik aitzina Hondarribia eta Hernaniko josulagunen ikastetxeetan. Hegoaldean euskaltzale suhar eli baten artean franko lagun egiteaz gainera, besteak beste Txomin Agirre, Azkue, Urkixo, Eleizalde, Altube, Eguzkitza, Intza, Larreko eta abar luzexka, gipuzkeraz aski ongi ikasi zuen, Lafitteren aburuz zitzaion errezena, nahiz eta Euskaltzaindia berria 1919.ean eraiki zelarik zubereraren izenean hautatua izan zen. Haatik aida batean bukatuko zitzaion hegoaldean egotea, izan ere 1921.ean karrikaratu zuen Notre souer latine, l'Espagne idazkiaren menturaz penintsulan harzara sartzea debekatu zioten españar agintari erzoek, bizitoki berria Parisen finkatu behar izan zuelarik. Han ezdeusen apeza izateari ekin zion eta Urrüxtoiko Jean Louis Davanti jarraikiz «80 lür eremü erosi zütian, 52 eliza altxatü, 90 patronaje, 40 artagia, 14 ñeñe zaingia, 8 haur baratze, eskolak, biltokiak, eta beste zonbat holakoen» arduradun bilakatu zen. Orduan hasiko zen Notre-dame eliz nagusian garizumako pheredikiak oguzten, alabaina beste apez lodien bekaitzak eragindua hego ameriketarazi zuten bi urtez, hiru hilabetetan geratu zena halaz guziz. Parisen berriz 1927. urtetik 1934. urtera doan bitartean irratigizon hardita genuen, «l'evangile par dessus les toits» irratsaioaren gidari. Ameriketan ez ezik Madagaskar eta Indian ere aritu zen elestari, baina burutu lan gogorrak arraultza errun zion, eta 1934.ean jauki apoplexia baten ondorioz zeharo mendraturik ondarreko urteak Atharratzeko moja frantxikotarren etxean eman behar izan zituen, artarik eduki gabe, 80 urte zituela hil zen arte. Egun Zalgizen dugu ehortzirik bortuen aiduru, hain maite zuen ziberotar elge lurrez inguraturik, edota Eppherrek zioena berriz ere ekarriaz: «Aita Lhande eta Ziberua bat dirade gure gogo bihotzetan. Eta haatik, untsa kasu egin eta, ikhusten dügü aita Lhanderen bizitza igan dela nun nahi salbu Ziberuan. Bena Ziberuan zütian erruak barna sarthürik, Ziberuan zian bethi bihotza, Ziberuan bere indar-hargia, Ziberuan ere egin du bere phausia».

        Gazte gaztetandik bazuen erakutsi izkiriatzeko dohai berezia eta zaletasuna arrenguratsua, lan ugari utzi zizkigularik. Garipileko txoria, abondo gairi otzan zion berariazko juzkoa emanez, zernahi gisaz oraikoan euskaraz tajuturikoen xerka ez gara abiatuko baizik, hagitzez gutxiagi izanda ere. Aranart eta Lafitteren lagunkidetzaz Pariseko Beauchesnen 1926-1934 urtetan agertarazi zuen Dictionnaire basque-français famatuaz lekot, eta azken horrek zerrendatua hontaraturik, «bertsuz doi-doia bortz kobla aita Aizpuru adixkide bati buruz, hitz laxoz xuberoko euskaraz Euskaldun ona deitu astekarian zenbait berrixka, 1915.ean Baionako apezpikuaren gutun baten itzulpena, 1917.ean Curutchet aphezaren hil mezan Onizen eman mintzaldia, «Üskaldun güdükarientako güthünak» jalgi zuen deia, Lapurdiko mintzairan «Euskara eta euskaltzainak» hitzaldia», eta gipuzkeraz ondu zituen Oiartzungo festetarako «Gure orma zaarra» sermoia eta Txomin Agirreren heriotza zela eta «Agirre irakurgaikaria» artikulu bi Euskal Esnalean eta Yolanda elaberria, Donostian 1921.ean argitaratu zena, eta frantserazko La ferronerie d'Ameznabar liburutik itzulpen bide duguna.

 

Bilaketa