literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Mikelestorena eta bere Cerura nai duenac ar dezaquean vide erraza

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-2-16

 

        Ezin uka nafar gobernuaren babesean berriki argitaratu Etxeparerenaren edizioa agertzeak bereziki poztu gaituela. Guziarekin ere egokitu agintariek erakutsi duten ez ohizko ekintza hau ez dugu nahi adina asegarri izan, alderantzizko jarrera hagitzez usuago pairatu beharrekoa duguna baita, bortitz eta gorrotagarriagoa dena bestenaz. Geure aldetik ez dugu patriae procerorum zurikeria labanen salaketa egiteko inongo asmo zekenik, ez eta hurrik eman ere, egia esatea zilegi izan arren, eta halako batean virus vasconicus arraro batek jota berriz ere beste nafar batek izkiriatutakoaren edizioa karrikaratzeko desira albora ezina agertuko balute, eta asmoa hutsean ez geratzeko, gure ahantzierazitako beste bat bertaratu nahiko genuke, Jose Antonio Mikelestorena hots. Naski horren lausengaturik izan den Gran enciclopedia navarra delakoan gure abade lesakarrak eztuela sarrerarik izan, ez eta aipamenik ere jaso, eta erratu samar lebilke haren bilatzera bertara lihoakena. Beraz hutsegite erzo horren aldez edo moldez zuzentzeko hona hemen berri andana labur bat.

        Jose Antonio Mikelestorena Endara bortziritarra genuen sahiets guzietarik ere, aita Etxalarko eta ama Lesakako baitzituen, berau 1710. urteko azaroaren 7an sortu eta 1785. urteko urriaren 27an zendu zelarik amaren ber herrian. Gazte zeneko Migel Obiria erretoreak eragindua edo, eliz ikasketak Iruñean hasi zituen eta 1734. urterako Irungo kapelaua genuen. Donostiako moja oinutsien bikari eta kapelau gisa ere aritu zen, Lesakako erretoretza erdietsi arte behinik behin. Bere gogoa non zitekeen ezta azaldu beharrik ere. Dena dela Donostian etzuen gomuta txarregirik laga eta Andoaingo Manuel Larramendi haundiaren lehengusina zen Hernaniko Manuela Larramendi zena honela zen mintzo 1748. urteko eskutitz batetan: «Nos predica un señor sacerdote angelical y crea vd. tengo gran complacencia cuando oigo a Boneti. Se llama Miquelestorena. Todo al alma y al entender doctrina: hoy de la gracia. Aseguro a vd. que en cualquier parte hubiera lucido. Y el vascuence claro, hermoso, sin mezcla ninguna. La cuaresma también la tiene y estoy muy gozosa. Si el P. Isla tiene auditorio este angelito de Miquelestorena no lo tiene menor. Discurro que a la hora de ésta ya se habrán hecho más de cien confesiones generales, tal es su compunción y destreza». Beraz predikalari bezala izan zezakeen ospea etzen edonolakoa izanen, Isla aitarekin erkatua izateko bederen.

        Idazle gisa burutu lana eztugu gura bezala ezagutzen. Badakigu Hernaniko mojen San Agustinen erregela edizioaren sarrera idatzi zuela, baina gureganatu den lanik aipagarriena bere Cerura nai duenac ar dezaquean vide erraza eskuliburua genuke. Egun ezezagunagoa zaiguken lesakar honek bere lanaren bost edizio desberdin ezagutu zuen, Iruñean agertu zirenak. Lehendabizikoa Iruñeco Martinez libruguillearen ondorengoen echean agertu zuen 1749. urtean, marrazki ugariz hornitu 114 orrialdetako ale txikerra; bertan Jesusen bihotzaren bederatziurrena dakar hala nola zenbait eliz kantu: «Gure gusto, gure atseguin, gure Jesus Maytea, cere biotceco suan, erre zazu gurea». Ezagutzen den ale bakanetakoa Aranako Kontrastako abatea zen Eusebio Larramendiri erosi zion Astigarragako apeza genuen Felix Agirrek 1933. urtean, eta azken honi Jesus Zilbeti Azparren irunsemeak bererosi zion 5.000 pezetatan. Bigarren edizioa 1751. urtekoa dugu, Geronimo Anchuela libruguillearenean. Honen berri Vinsonek eman zigun, baina egun ez omen da arrastorik ere geratzen. Hirugarrena Joseph Radaren echean inprimatu zen 1754. urtean, eta Isidoro Diez-Ultzurrungo anai frantxikotarrak erabili zuen Mendizabalen desamortizazioa zela eta Zildozen apeza zegoela. Azkenik, datarik gabeko beste edizio bi daukagu Jose Radaren irarkolan moldetutako bigarren bat eta Longas echean ateratakoa. Azken hau edizio laburragoa dugu, 92 orrialdetakoa hain zuzen ere, eta zenbait ale gehiago iritsi zaizkigu. Darabilen euskara arras ederra dugu, nafarrera gehien batean, baina gipuzkeraren ikutu eta eraginaren bat ere nonahi atzeman daiteke: «Etzaitzu hasteric joain baruren bat, edo cerbait mortificacio eguin bague. Confesatuco cera hasteoro amabostetic amabostera, ogueian, bein edo beranduenean illetic illera».

 

Bilaketa