Gerrikoren buruhausteak
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1995-3-3
Euskal herriko historiak aitzina jo izan duen ahala, berari eta bere hizkuntzari egindako justifikatugabeko eraso bortitz izkutu eta agerikoak ugaritzen bide dira, nonnahi kausi daitezke eta gehixegi miatu edo arakatu beharrik ez dago. Euskaraz bizitzeko sortutako eragozpenak oro hamaika modu ezberdinez gauzatu egin dira. Literaturak ere, besteak beste, jasan behar izan zuen erdalen enbata, eta egun, Etxepareren lana ezagutzen badugu, ezta gauza bera gertatzen Logras, Etxegarai, edo Elsoren, demagun, idazkiekin. Bakoitzak bere kontuak atera ditzala. Euskal eskuidatzi ugari apalategi ahaztuetan gordetzen dira oraino, hezetasunak jan ez ditueno bederen. Batzuetan diru aferak, besteetan interes eskaxa,..., arrazonamenduak badira laketgarri nahi adina. Oraiko honetan, horrelako adibide berezi bat ekarriko dugu literatur txoko estonagarri hontarat.
Ugariak baino ugariagoak kristau dotrina gaitzat duten euskal lanak. Gehienak, egia esan behar bada. Eta horrelakoetan, zensura eklesiastikoak ere bazeuden, oroit bestenaz Larramendik Mendibururen Katetxima luzea eskuidazkiarendako eginikoa, horren latza ezen lanaren arrastorik egun ez dela geratzen. Alabaina, sekula ez da gertatu Gerrikori gertatutakoa, inoiz euskara bera zensuraren arrazoi bakarra suertatu ez baita. Nolatan uler liteke euskara zensuragarria dela lan baten argitalpena ukatzeko lai?.
Jose Inazio Gerriko (1740-1824) Gipuzkoako Segura herrian sortu zen, bizitzaz nahiz gogoz Mutiloarra izan arren. Bere ikasketak Españan burutu ostean Mutiloara apaiz abiatu zen betiko. Bere lan bakarra 1805. urtean inguru ondu zuen. Bada kristau dotrina eta historia sakratuaren azalpen luze xamarra, ohizko itaun erantzun moldeari jarraikiz. Gerriko ohizkoak ziren zensura oztopogarri guzietatik iragazten hasi zen. Lehendabizikoa Gipuzkoako apezgoaren Arziprestazgo nagusiarena, aisa pasatu zuena; geroxeago Iruñeko ohizko epaitegi eklesiastikoaren onarpena arazorik gabe erdietsi zuen. Frantsestealdiarekin prozesuak etena jaso zuen, baina gerra amaitu zenean, lizentziak atzemateari berriro ekin zion gogor gure Gerrikok. Orduan famatua zen Frai Franzisko Etxeberria Azkoitiko frantxiskotarrak bere oneritziak jakinarazi zizkion, eta hau guziarekin erret kontseiluaren onespena zen argitara eramateko falta zitzaion gauza bakarra.
Baina den dena hain errez bide zenean, kontseiluak erderazko itzulpen osoa eskatu zion Gerrikori bere lana epaitu ahal izateko. Honek arrazoi frango erabili zituen bere buruaren alde baita bere lanaren balioa bermatzeko ere. Zensore gehiago eskatu zituen, euskaldunak barne, eta lan osoa ez itzultzeko eskatu ere bai. Halarik ere, hau ez zitzaion ezertarako ere balio, eta fiskalak berean tema jarraitu zuen. Azkenekoz lanaren argitaratzeko lizentzia ukatu zioten 1820. urteko urtarrilaren 20an.
Urte batzuk beranduxeago bai agertu zela, baina Gerriko gixajoak ikusi ere ezin izan zuen, ordurako zegoenekoz hila baitzen. Lanaren izenburu osoa hauxe dugu: Cristau doctriña guztiaren esplicacioaren sayaquera, euscarazco platica edo doctriñetan partituric, Jose Ignacio de Guerrico Mutiloco beneficiaduac eguiña, Tolosan agertu zen 1858. urtean Mendizabalen moldiztegian. Bi ale mardulak ziren, bien artean mila orrialdetik gorako lana eskeiniaz. Harrez geroztik ez da berriro argitaratu. Egun ere zensura ote?