Aiko Protestantearen oihartzun aizkortsuak
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1996-1-19, 1996-1-26 eta 1996-2-2
1. Atheka gaitzekoak: Baionako Etxegaraiko karrikako 39 zenbakian zegoen Lamaignére alarguntsaren inprimategiko moldeetatik 1870. urtean Atheka gaitzeko oihartzunak, literatur kritikalari hainbatek, Mitxelenak edota Lafittek berauek besteak beste, euskaraz ondu den lehendabiziko eleberritzat eritzi dioten idazkia argira elki zenean, hiru bat urte lehentxeago hasmenta zuen historia bitxiari amaiera ematen zitzaion. Orduan Baionako Victor Hugo karrikako bulegoan baratari lanetan ziharduen Jean Baptiste Dasconaguerre Laxaldek bleue glacée azal koloreduneko Les échos du pas de Roland erdal nobela argitara eman zuen Pariseko Firmin Marchandenean. Sortzez Baionako semea genuen Dasconaguerre jaunak Gipuzkoako Pasaian eta Parisen osotu zituen bere ikasketak, Nafarroako Bastidan eta Baionan bere notaritza zerbitzuak eskeini zituelarik. Politika mailan arras zurratu gizona, contseilu yeneraleko diputatu, Mugerreko Marie Caroline Fagalderekin ezkondu zen, bi seme ukan zuela. 1884. urtean Afrikako iparraldera aldatu zuen bizitokia, eta seme bat Tunisian abokatu izan zuen. Arteka marteka, lanak uzten zizkion txolarte bakanetan, gogotik izkiriatzeari ekin zion, eta aipatuaz gainera, 1879. urteko apirilaren 11tik aitzina Le Courrier de Bayonne egunerokoan agertu zituen euskara eta euskal gaiei buruzko artikulu andana bilduma gisa atera zuen 1800. urtean Pabeko Menetiere baitan Le golfe de Gascogne, Pays Basque, Pyrenées, Pau, bayonne, avec une carte du département des Basses Pyrenées izenburuaren azpian. Hiru urte beranduxeago, eta euskal lurretatik Ameriketarako joaldiak asaldaturik, Récit Basque, Mendigor-Içareder liburukia argitaratu zuen Baionako Lasserrerenean.
Guri dagokigunera itzuliz, eta aipatu historia bitxia zertan den azaldu asmoz, esan behar da Les échos du pas de Roland iadzkiak lau edizio jarraian izan zituela bi urtetan bakarrik eta Parisen bertan. Traduit de basque aurtiki abata ez bide zen arrakastaren arrazoi soila, eta gaiak nahiz honen trataerak izan zuten erakargarritasuna azpimarratu behar da. Dasconaguerre kontserbadore eta apezkoi sutsu tematia bulegoan zegoela, Makeako Ganix Antxordoki behialako kontrabandista zahar eta ezinduaren bisitaldia hartu zuen, azken urteetako lazeriari ezin buru eginez, geratzen zitzaizkion ondasun apurren hipoteka egitera joandakoa zena. Notari baionarra urrikaldurik, Ganixen historioa azalduko zukeen liburu bat egitea bururatu zitzaion, horren salmentaz erdietsi sosekin agureari lagundu ahal izateko. Helburuak arras konplitu bide ziren, eta koronel erretiratu baten soldata lortu zen Makeako kontrabandista ohiarendako. Argumentuaren hari nagusia bestalde 1838. urteko urrian gertatutakoak bereganatzen du batik bat, Beirako Maria Teresa erreginagai portugaldarra On Carlos senarrarekin elkartzeko Salburgen hasi biadzti luzeari lotu zitzaionean. Kristinotarrek zaintzen zuten Piriniotako muga zeharkatzea abantzu ezinezkoa zen, alabainan Antxordokiri eskerrak bikotea elkartzea posiblea izan zen. Karlista eta erregezale setatsuen artean arrakasta itzela hatzeman liburuaren balizko euskal aldaera bat baino gehiago hasi zen eskatzen orduan. Haatik Dasconaguerrek euskaraz mintzo eltze ziztrina zuen, ama donibandarra izanda ere, eta jatorrizko idazkia euskaratuko zuenik bilatu beharrean, Ziburukoa zen Larregi Senpereko erretorari luzatu zion eskaera. Itzulpen askea ondu ez ezik, ekuru ere egon zen, 70 orrialdetako laupabost kapituloen iraulketa bakarrik egina baitzuen, Arlan errekako aiphuak izenburuarekin Baionako Lamaignére etxean 1867.ean inprimatu zena alegia. Bigarren itzulpen saioa Edmond Guibert Larresoron ikasle zegoenak antolatu zuen, Atheka gaitzeko oihartzunak izenburupean, Baionan ere 1869. urtean ageri zena, baina euskara trakets eta ez egokiaz tetelki omen tajuturik, hirugarren saiakera baten fruitua izanen zen oraino 1870. urteko emaitza ezaguna ez zaigun hirukote batek egina dena. Zinak eta minak pairatuko zituen Jean Baptista notariak euskal aldaira egokia kausitzeko, etzen ber gauza agitu ordea bestelako erdal itzulpenekin, eta honezkero 1867. urtean hainbatetan aipatu Baionako Lamaignéreren moldiztegian Ecos del paso de Roldan Dasconaguerrek agertu bigarren edizioaren espainerara burutu itzulketa argitaratu zen. Guziarekin ere, edizio honek etzukeen zeharo asetu Dasconaguerre notaria, itzultzailea zen Bermingham berebiziko laguna izan arren, eta Un drama en la frontera: episodio de la guerra civil de 1834 izenburu aldatuarekin Bizente Manterolak agertu zuen Madrilen 1872.ean. Donostiako apez ertsi hau katolizismoaren aldeko apostu sutsua egin zuen, eta Gipuzkoako diputatu bezala, erlijioarekin zerikusirik zuten gaiak eztabaidatzen zirenean baino soil soilik etzen gorteetara abiatzen. Karlismoaren aldeko jarrera nabarmenak erbesteratu izana erakarri zion, eta gerrateak iraun bitartean Europako hainbat lekutan karlismoaren aldeko laguntzak bilatzen aritu ostean, Toledo eta Sevilla aldera jo zuen bertako eliz nagusien kalonje. Bestalde ingelesera nahiz alemaniera itzultzeko saioak ere izan zirela ezagun da.
2. Birmingham eta beste. Dasconaguerrek ondurikoaren espaiñerazko lehendabiziko iraulketaren arduraduna zen Birmingham jauna giltza soiletakoa zatekeen Manterolarekin batera gure izenburu korapilotsuak aipatzen duen aiko protestantearen ailkoari atxekitzeko, hatz ilunak azalerazteko, urrats ixilak dastatzeko. Alta Birmingham sendiak bestelako arrazoiak ere aurkezten baditu zio hontara ekarria izateko. Etorkia Eiren zuten Birminghambarrak Baionan kokatu ziren lehendabiziz, eta Donostian geroxeago. Adituago dateke Joakin Luisen izena, Gipuzkoako hiriaren auzapeza izandakoa, egun karrika bati izena ematen diona. Bere agintaldian udaletxe berria hasi zen eraikitzen, egun herri liburutegia dena, Fernando VII.aren bisitaldia zela eta. Guziarekin ere Rikardo Birmingham dugu Dasconaguerrerenaren itzultzaqile trauskila eta Manterola bezala katoliko sutsua, setatsuaren setatsu. Bere kaskamuinek sortu zenbait lan utzi zizkigun itzulketaz gainera, 1901. urtean semea zuen Tomasek Antonio Arzak Alberdi idazle donostiarrari igorri zizkionak aipatu liburutegian gordetzeko Herejiak euscaldunen artean izenburu dotorek horni. Vinsoni jarraikiz, esan genezake elles avaient pour but de faire une propagande active contre les principes libéraux et contre la liberté des cultes accordée à la suite de la révolution du 29 septembre 1868. Espainako Isabel II.aren erregintza dauseztatu zuen Joan Prim i Prats eta Francisco Serrano Domínguez politikari aurrerakoien saio sasi iraultzaileak erlijio askatasuna errazteko zenbait dekretu agertu zituen elkarte protestanteek haien foileto proselitistak zein idazki santuen jatorrizko hizkuntzez ondu aldaera garbiak hots orripeko oharrik gabekoak banatzeko aprobetxatu zutena. Birmingham eraso bizkarroi haiei aitziko neurrizko ihardespena emateko asmoz, Donostiako euskaraz idatzi hainbat solasaldi asperberak kaleratu zituen, ortografia berezi xamarrez tajuturik «s» grafiari zegokionez bederik ere, eta Gipuzkoa osoan barna dohain banatu zituenak, edizio kostoei ere bere poltsikotik ordainduta aurre egin ziela. Gutxienez zazpi dira ezagun ditugun izenburu desberdinak, oro 16 edo 32 orrialdetako kopurudunak, oro 8ko neurridunak, oro Baionan argira elkiak: Mañubel eta Pachicu: herejiac euscaldunen artean, Ama Virgiñaren adisquidea isango da Jaungoicoarena Lamaignèreren moldizkiran 1868. urtean, Herejien eta beste gauza batzuben gañean: Pachicuren eta Mañubelen bigarren berriqueta Lamaignère etxean, 1869. urtean, Terescharen zucaldea: Pachicu, Mañubel, Terexcha, Don Pablo eta Josche Domingo alcarrequin berriquetan Lamaignèreren moldiztegian, 1869. urtean, Bi ganbarac: ayec eta abec E. Lasserrerenean, Rue Orbe 30, 1869. urtean, Josché Miguelen ganbara E. Lasserreren irarkolan, 1869. urtean, Pello Mariren ganbara: arranzale isandu baten asquenecoac E. Lasserre baitan, 1870. urtean, eta azkenik Erligio eguiazcoaren siñaleac eta protestanteen liburuac iracurtzeco debecua, tartean ejemplu batzuequin E. Lasserreren moldetegian, 1870.ean.
Naski Eiretik eratorriak oro eztirela horren katoliko tematiak izan. Espaina aldean berbarako ospe haundiko gizona bazuten Jose María Blanco White. Sevillan 1775. urteko uztailaren 11an sortu zen hura, nahiz hiri bereko San Fernando eliz kaperako magistrala izan zen, ez omen zitzaion araudi katolikoari sutsuki atxekitzen, eta ugariak baziren Andaluziako bazterretan lagaturik zeuzkan seme alaba baxtartak haatik erruz maite zituenak. Napoleonen osteek auñak zeharkatu zituztenean, Falmoutha buruz abiatu zen Portugalgo enbaxadorearen bidaide, eta bertan eliz anglikanoaren partaide bihurtu zuen bere burua. Alabainan 1826. urtean Channingek ondu Kristautasunaren argitasuna, Zulueta batek espaineratu zuena, idazkiaren mezu baterakoiaren irakurketak desbideraketa honi eusteko bultzatu zuen. Penintsularatu zirenen artean ordea zoko honetan jada aipatua dugun Borrow legoke. Beste bat William H. Rule artzai metodista izanen litzateke, Memoir of a mission to Gibraltar and Spain with collateral notices of events favouring religious liberty and of the decline of romish power in that country from the begining of this century to the year 1842 izenburu argigarriko liburuaren egilea, Londonen eta John Masonenean 1844. urtean ageri zena. Azkenik aitagoi nafarrak zituen Luis Usoz Rio (1805-1865) madrildarra ere aiko protestantearen kidea genuke aipa beharrean, kuakerotar bezala hain zuzen ere. Indietan entzulea izandako juriskontsulto baten seme hau, Valladolideko unibertsitateko hebraierazko kataderaduna izan zen. Bere lanik garrantzitsuena espainiar erreformatzaileen lanak ediren, atondu eta argitaratzea izan zuen, Reformistas antiguos españoles 20 aleetako bildumategiaren barruan espreski, ia galdurik edo guziz ezezagunak zirenen lanak agertaraziz.
3. Webster eta Uranga: Wendworth Webster eliz anglikanoaren mezulari iritsi zen Miarritzera 1870. urtea baino lehen. Middlesex Uxbridgen 1828. urteko ekainaren 16an sortu zen ministrari honek Brighton eta Oxfordeko Lincoln Collegen bete zituen bere ikasketak, eta 1854. urterako diakono bagenuen Sommerseteko eliz parropian, nahiz osasun arazoak zirela eta 1861. urtera arte etzen apeztu. Euskal Herrietara baino lehen abondotara egokitu zitzaion, hala nola, Eskozia, Suitza, Argentina edo Egiptora, eta Piriniotara heltzean Bigorreko Bagnèresen ezkondu zen. Miarritzetik Donibane Lohitzunera jo zuen, eta handik Sarako erretoretzara 1882. urtean, non Lehenbizkaiko Bexienian eta Krespoenian segituan bizi izan zen 1907. urtean zendu arte. Erlijioaz lan bat baino gehiago utzi zizkigun, esaterako 1889.eko «Hebraizantes portugueses de San Juan de Luz en 1619», Madrileko Historiaren Erret Akademiaren aldizkarian, 1892.eko «A protestant church in the Pyrenees», Londoneko The academy aldizkarian, 1900.eko «Les basques défendus en 1788 par un anglais contre les calomnies d'un espagnol évêque et cardinal», Baionako Arte eta Zientzietako elkartearen aldizkarian, edota 1903.eko Gleannigs in church history, chiefly in Spain and France. Halarik eta guziz ere, euskaldunoi lan hauez gainerakoak interesa zaizkiguke gehien hots euskal kulturarekin zuzen zuzenean zer ikusirik duten guzi horiek. Gure klasikoak bilduma txiro baino naro asko horretan, orai dela hiru bat urte Xipri Arbelbidek bi aleetan prestatutako Ipuinak izenburupean Websterrek Donibane Lohitzunen Dajieubaitiko Belleuve andreari jasotako istorioak argitaratu ziren lehendabiziko aldiz euskaraz. Dasconaguerreren kasuan agitutakoan ez bezalaxe lan honen jatorrizko aldaera euskaraz tajuturikoa zen, bainan Websterrek euskararekin zituen benetako traba eta zailtasun eltzeak bazirela de etzirela, eta oroit bedi bere lau seme eta alaba bakarra arront ongi zirela euskaraz mintzo, nahiago izan omen zuen ingelesez agertzea Londoneko Griffith and Farran baitan 1877. urtean Basque legends karrikaratu zen legez. Frantses aldaerak Vinson zenak ekarri zituen, eta espainerazkoak ere egon bazeuden. Bi urte beranduxeago Zuberoako herri antzerkiak solasgai izan zituen Quelques notes sur les pastorales basques Baionan argitaratu zen idazkian, alabainan bizi eta ikertutako oro hil baino sei urte lehentxeago Chalons sur Saônen karrikaratu Les loisirs d'un étranger au Pays Basque liburuan jaso zuen.
Ildo katoliko apostoliko erromatarrari bildu etzitzaizkionen berri apurrak eskeini dituen emanaldi hirukoitz hauxe hagitz aditua izan ez bide den tolosar berezi batekin ere ahitu nahiko genuke. Nemesio Joxe 1827. urteko abenduak hemezortzi egun zituenean sortu zen esan Gipuzkoako hiriburu zaharrean eta giputza genuen saihets guzietatik bizkaitar zuen amona bat salbu, alta gurasoak Ordizia eta Soraluzekoak baitzituen eta aitatxi amatxiak Ordizia Uranga, Gaintza Olano, Oñati Gerra, eta Gerrikaizkoak Irazabal. Alabainan , etzen gipuzkoarra bere ahaidegoaren bizilana moldatu zuena zuberotarra baizik. Izan ere Joannes Ibar Belloc Ibarriako atharraztarra izan baitzen paperaren ekoizpenari hasmenta eman ziona Gipuzkoako Tolosaldean. Zubero eta Biarnon aspaldidanik ba omen zen paper ona egiten, o0o ur markadunak hain zuzen ere. Ibarrek Arterrekako Urzuriaga errotan ezarri zuen bere lehendabiziko lantegia, Alegin, eta beranduxeago, Azaldegiko baserri bat erosi zuen helburu bera betetzeko Tolosan bertan. Azken hau independentziako gerratean erreta izan zen, eta Nemesioren aitak aukera ezin hobea negozioa haunditzeko ikusiz, zegoen moduan erosi zion Ibar ziberotarrari eta estrazako paper zabarra egiten hasi zen. Honez gainera Urangatarrek bazuten beste lantegi bat, Igerondoko eiheran zeregin berbera betetzeko atondu zutena. Nolanahi ere den Nemesio gazteak 16 urte doi doiak zituela humezurtz geratu zen eta bi lantegi hauen ardura bere osaba Juan Antonio Urangak bereganatu zuen. Azken honek lan bikaina egin zion ilobari, baina 1854. urtean hiltzean, gure Nemesiok jaso negozioa aitzina eramateko beharrean kausitu zuen bere burua, eta sosa kontuetan ezintasunik nabarmenena agerian utzi ostean, kilimon molokotarik borobilena iragarri zuen 1867.ean. Halarik ere ondasunak saltzeko bezerorik etzitzaion falta eta Ollo-Zalakain bikoteak sorturiko elkartearen interesa erakartzea erdietsi zuen, Tolosarra papera ekoizteko entrepresa ezagunaren aurreko zuzena izan zena. Salmentaren bidez lortutako irabazi guziekin bere sorterritik alde egin zuen 1868. urtean nora eta Parisera. Dena den bertan izan zuen bizitzari buruzkoak iritsi zaizkigunak zinez urriak dira, eta ezer gutxi esan liteke Frantziako hiriburuan paira zitzakeenez, dozena bat urte beranduxeagora arte behinik behin. Orduan frantsesez izkiriaturiko berezi xamarra den liburua karrikaratu zuen hiri berean izenburu honekin, Jésus et la religion naturelle ou le rationalisme chrétien. Santandereko historialari jakitun baina nakaitz samarra zen Marcelino Menéndez Pelayok bere Historia de los heterodoxos españoles bilduma zabal ospetsuan arrazoiaren erlijio berri baten sortzailetzat jo zuen Tolosakoa, eta hortan etzuen kristau moralez jantzitako erlijio bat baino ikusten, misterio santu, elizkizun sakratu eta hierarkia gibelaundirik gabe asmatuta zegoena.