Salbatore Mitxelena gogoan
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1995-11-10
Aieru franko baditut ea azkeneko urtetan gure literaturan jazo diren agerraldiak oro ezagunak direnentz, ala zenbait izkiriatzaile erraldoik arreta osoa bereganatuta umilagoak ditazkenak lits ezdeusak bailira osoz ahazturik dauden. Horrelako bat Zarauzko Iñurritza edo zenbaitzuk deitzen duten antzera San Pelaio auzoko Etxebeltz izeneko baserri gorrixkan sortu zitzaiguna genduke. Salbatore Mitxelena Lazkano 1919. urteko ilbeltzak hamazortzi egun zituenean jaio zen, bederatzi anai arrebetan hirugarrena zelarik. Hamaika urte zituela, jinkoaren deia baitaraturik edo sortetxeko pentze eta baratzak lantegi eta giza abaraskez betetze neurrigabekoak aztoraturik, Gernikaldeko Forura abiatua zen frantxikotar. Bertan aitatxiarengandik jaso ezpala bertsogintzarako agerian utzi zuen lekaidekideen jostagarri. 1936.ean Herriberriri buruz hurbildu zen filosofia ikasketak burutu asmoz, bainan bertan gerrak harpatu zuela, Iruñeratu behar izan zuen. Hango lasaitasunak eragin egonezak gatazkaren lehendabiziko lerrora joateko eskaera eginarazi zion, eta kabo furrier gisaz aritu zen Guadalajara aldean. Guda ostean, eta Herriberriko ikasketak ahituta, Arantzazura joatea egokitu zitzaion teologiari ekiteko. Apezgorako ildo osoa ibilia izan zuenean, Donostian bertan kokatu zuten, handik Gipuzkoa nahiz Nafarroan misiolari lanetan ihardutekoz. Misionesta ugari, ezin joriagoak burutu zituen. Hauetako batean, 1954.ean Eibarren egin batean hain zuzen ere, Franco garaiko euskal langileen giza arazoak salatu zituelako jasotakoak Ameriketara joateko eskaera egitera bultzatu bide zuen. Bertan anitz lekutan ibili zen, hala nola, Cuba, Montebideo, Bolibia, Ecuador, Peru, Panama, El Salvador, Costa Rica, edo Colombia. Fidelen aldekoa hasiera batean, Cuban hiru urte eman zituen honen ondoan, baina bere politikarekin ukan zenbait ezberdintasunak zirela eta, Colombiara itzuli behar izan zuen urtebetez, handik Amerikatik behin betirako anka egiteko. Helmuga berri bat ezarri zuen Europan, eta Suitzarako bideari heldu zion emigranteen kapelau gisa aritzeko. Bertan, La Locle, Les Brenets, La Brevine eta La Chaux-de-Fonds hirietan lan egin zuen. Azkeneko hontan, gazte zendu zen 1965.ean odolaren gaitza batek jota.
Euskaldunen eta euskararen batasuna behin eta berriz aldarrikatu zuen euskaltzain urgazlea zen zarauztarrak: «Sei dialektu ta hogeitik gora subdialektu ba omen dira euskaran, gure aberastasuna! 350txo irakurle besterik ez omen gera, baña... baitare ordea beste ainbeste maixu, nolako maixu! nolako jauntxo ta jabe! 350txo oietako bakoitza gaituzu norberekaxa euskera berri-berri bat asmatzeko lain, beste iñork ez ulertzeko alakoa: gure aberastasuna!». Bestaldetik ere, etzen idazle elkorra izan. Herriberrin ikaslea zelarik, Aberriak min dit izenburuko olerki bilduma ondu zuen, bainan garaiko egoera politikoak eragotzi zuen bere argitalpena. Guziarekin ere, bertsoren bat Jokin Zaitegi lagundikoak sortu eta zuzenduriko Euzko Gogoa aldizkarian ageri zen Guatemalan. Arraun ta amets poemategia 1955. urtean agertarazi zuen Zarautzen. Bere lehendabiziko lan argitaratua Arantzazu euskal sinismenaren poema idazki erraldoia dugu, Arantzazun 1949.ean ageri zena. Dena den eskuizkribuaren bi zati besterik etziren karrikaratu gaia zela eta. Hirugarrena, Bizi nai izenburuaren azpian Euzko Gogoan ere ageri zen. 1952.ean Hogei kanta Arantzazuko kantutegia kaleratu zuen. Aldez aurretik, eta frantxikotarren probintziala zen Lete aitak iradokita, Arantzazuko santutegiaren historia bat izkiriatu zuen, 1951.ean Arantzazun ere elki zena, Ama-semeak Arantzazuko kondairan idazkia hain zuzen ere. Arantzazuko herri kantak eta erromantzeak jasotzen zituen Aboz abo edo Arantzazuko kanta zaharrak izenburukoa ere ondu zuen. Antzerki arloan, Francoren garaiko politika errepresiboa isladatzen zuen Erri bat guruzbidean edo Confixus izenburuko lana sortu zuen. Bere idazlan guziak Gandarias eta Iturriak paratu bi liburukitan baditugu honezkero, 1977. eta 1084.ean kaleratuak izan zirenak.
Nolanahi ere den, eta inolako dudamudarik gabe, bere lanik interesgarriena Unamuno ta abendats: bilbotar filosofuaren eta euskal animaren jokerei antzemate batzuk izenekoa genuke, Iñurritza izengoitiaren azpian 1958.ean eta Baionan ageri zena, Hegoaldean debekaturik baitzegoen. Txillardegi baten ustez euskaraz egin lehendabiziko saiakera dugu eta euskaldun orok irakurri beharko genukeena. Bertan Unamunoren euskaltzaletasuna agerian uztea zuen asmo ez ilauna. Joran bizia erakutsi zuen lan hontarako, eta Unamunoren bibliografia osoa ongikiro mamitu ostean, zenbaiten aurreiritzi eta ustei aitzi jo zuen fermuki. Lanaren sarrera, «susmoz letozkenei» zuzendurikoa, honen azalgarri gerta daiteke: «Alajaina, Unamuno eztala euskaldun, akatsik baditula ta! Ala sinistarazi nai didazu beraz? Beira nire aldetik, arrazoi analoji berez, zer gomutarazi ta aitorrarazi beharko dizudan: ez batere gutxiago, arranea: kontu ortan Euskalerria bera re eztala euskaldun! Unamunori agiri zaizkion minbiziak eta bost are nabarmenago ta usariago nabari baitzaizkie zazpi probintzietako biztanle agitz geinei (erdaraz jardute, euskerari ajolarik eza, maketokeria,...), ta beraz Euskalerria eztugula Euskalerri! ta beraz gaurgeroz eztagola munduan Euskalerririk! ez euskal animarik! zure ta nire moduko ero batzuen kaskotzarrean baizik! (zure integrismuari darion sekuentzi derriorra duzu, gizona; ondorio bearra, nai baduzu; ez al da bitxi?). Ez, ez naiz lotsa, Unamunok ditun bizpairu akats oien ezker-eskubiak auziratuz beste euskal saietsalde sendoak emen jasoaz edo jasotzen saiatuaz».