literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Elizanburutarrak: xuri ta gorrien arteko liskarren adibidea

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1995-9-1 eta 95-9-8

 

        1. Hegoaldeko euskaldunen artean, nahiz berri historikoen zertzelada zirtzil desenkusatuak baino ez ukan gogoan, edozeinek badu aditu karlistadei buruzko zer edo zer, eta nork ez du dantzatu txapel gorri-txapel txurien porrusalda? Hegoaldekoek ordea, horren ezaguna ez duten gauza hauxe da, Iparraldeko abiada historikoa, Frantziako historia modernoaren barruan koka beharrekoa bederen: 1789.ean Frantziako iraultza; 1804.ean Napoleonen agintaldia; 1830.ean Bigarren Iraultza; 1848.ean bigarren errepublika; 1852.ean Napoleonen III.aren enperadoretza; 1870.ean hjrugarren errepublika.

        Hasiera batetik aldeko eta aitziko jarrerak zorroztu ziren, eta bakoitzak bere estrategiari atxekitu zitzaion buru belarri. Iraultza jazo zenetik gutxira, 1793 urte inguru, egile, data, leku, edota editore izenik gabeko 8an egin 36 orrialdetako lantxo hau ageri zen: Persekuzionezko denbora huntan Christau leialek atxeki behar duten bizi moldea: Franzia aldeko eskualdunei. Giro honetan xuri ta gorrien arteko gatazkak garatu ziren, Frantzian zeuden aldaera ezberdinen artean. Berlingo hormak egin lukeen antzera, joerak oro bi muturretan banatzen ziren makiabelikoki. Naski egoera guziz estrapolagarria agitzen dela hegoaldekiko, beti ere koloreak ordezkatu ezkero. Lemizikoak erregezaleak, errepublikaren aurkari amorratuak, eta elizkoi osoak guziz. Ostera, gorriak errepublikazaleak, aurrerakoiak, eta elizak duen potereari arront aitzikoak. Elkar gorrotatzearen beste arrazoi bat eskolen zioan zetzan. Gorriek eskola publikoa aldarrikatzen zuten, eta horrela hirugarren errepublikarekin, Jules Ferry hezkuntza ministrariak (1879-1883) lehen mailako heziketa derrigorrezkoa, dohain eta laikoa ezarri zuen 1881.ean.

        Euskal lurraldean gobernu eta zenbait estamentu potereduen artean, eliza bereziki, harreman kaxkarrak gertatu ziren. Aipatzekoa da Intxauspe eta Diharasarrirekin loturik dagoena. 1889.eko hauteskundeak zirela eta, prefekturak zenbait erretore arriskutsu lekuz aldatzeko eskatu zion Baionako apezpikutzari. Orduan, apezpikurik ez baitzegoen, kapituloaren bikario zen Intxauspek ezetz borobil batekin ihardetsi zion potere zibilari. Handik gutxira Jauffret apezpiku berri izendatu zen Baionarako, eta Intxauspe erabat bazterturik geratu ostean, Eliz barrutiko 19 apez aldatu ziren herriz. Aldaketaren zilegitasuna edo aitzakia hautesleen askatasuna eragozten zutela bazen nonbait. Erretore arriskutsu hauen artean Laurent Diharasarri zegoen. Saratar hau Kanboko eliz parropia utzi beharrean egon zen, Orzaizekora joateko 1890. urtean. Baina hauxe, kaxkagogor, konformegi ez omen zen geratu, eta Erromara jo zuen justizia eske. Hor etzuen lortu erabakiaren aldaketa, baina aita santuak bere serbitzaile hartu zuen. Lan frango izkiriatu zituen, hekien artean Maulen Olerki sariketa batetan garaile suertatu Madalen Larralde saratarra hamabortz urtetan illa, 1896.ean, edo 1897.ean ageri San Antonio Paducoa, Mariaren haurren esku liburua edo Giristino legea laburzki, baina orai gehien interesatzen zaizkigunak bere bi itzulpen hauek datezke: Aphezen dretchoak eta eginbideac eletzionetan eta Erlisionearen ichtoria laburzki, biak 1890.ekoak. Diharasarri deputatu aurkeztu zen hauteskundeetan 1552 boto gutiago lortuz bere aurkariak baino 1902.ean. Urte berean hil zen Donibane Garazin bere mandoak emaniko ostikada baten ondorioz.

        Halarik ere, egoera gizakoi hauexek hobe ikusteko, oso polita gerta daiteke Elizanburutarren ereduari so bat egitea. Mitxel Elizanburu Errekart Heletan sortu zen 1826. urtean. Aita mugazaina zuela, Irubeko Donepetirin zegoen postuko arduradun izendatua izan zen, Mitxeli Baiona ondoko Salletarrek duten eskolara egunero oinez joatea egokitu zitzaiolarik. Hauxe arrazoi, edo bokazio goiztiar zuela, kongregazioan sartzea erabaki zuen, 1814. urteko uztailaren 15 batean Tolosako apezgaitegiratuz. Ikasketak burutu eta nagusiek Akizera destinatu zuten irakasle lana betetzeko. Handik gutxira Hazparneko eskoletan zegoen zuzendaria erdalduna zelako edo Frére Innocentiusen balio handia ikusi zutelako, nagusiek aukeratu zuten betebehar horren aitzinera eramateko. Hango lana ez omen zen biziki erraza. Haur ugari, gehienak lapurtarrak izan ere, baita beste euskal herrietatik etorritakoak ere, bertan euskalki ezberdin eta hiru hizkuntzak aisa adi zitezkelarik. Bere lanari gogorkiro lotu zitzaion eta bere bizitzaren azken 47 urte eman ostean, bertan zendu zen 1895. urtean. Bere lanen artean badira erlijiozkoak direnak: Johannes Batista Dohatsuaren bizia 1891.ean Baionan agertu zena. Bertan 1888.ean Erroman dohatsu egin zuten Salletarren sortzailearen bizitza azaltzen da. 1892.ean Sakelako liburuxka edo giristino guzientzat on den esku liburu ttipia izenburuko idazkia agertarazi izan zuen Baionan ere. Bi hauez gainera, baditu erlijio gaia ukitzen ez duten beste hiru. Lehendabizikoak, Txomin Agirreren ildoaren barruan egon litekeena, Lehenagoko eskualdunak zer ziren izenburua du, Baionan ageri zena 1899.ean. Bertan aurreko euskaldunen bizitza idilikoaren iduri errepikatua aurkeztu zuen. Baina bere txuritasuna hobekien erakusten duena bere bi libururik interesgarrienak ditugu, masonei buruzko bat eta Frantziako errepublikeen gainean diharduen beste bat.

 

        2. Zer izan diren eta zer diren oraino framazonak munduan izeneko lana, Eskualduna aldizkarian agerturiko artikuluen bilduma dugu lehen eta behin. Liburu gisa agertzerakoan leku, izen, urtea eta inprimatzailerik gabe, kongregazioak hala eskatzen baitzuen, kaleratu zen. Halere, Baionako Musée Basquen gordetzen den ale batean E.S.Dogsonen 1889.eko aipu hauxe badugu: «The author of this book is the Pére Innocentius, Michel Elissamburu, superior of the Ecole Chrêtiennes at Hasparren». Anai Inozenziok ondu liburua Barruel izeneko beste apez frantxa batek 1797.eko bere Mémoire pour servir à l'histoire du Jacobinisme lanarekin hasi ideien barnean ulertu behar da. Bertan, esaterako, iraultzaren errua masonei egotzen zaie, eta judutarren mitoaren hatsarri ezinbestekoa dugu. Horrelako lanetan masonak antikristoren jarraikitzaile gisa agertzen zaizkigu behin eta berriz. Liburu honek bigarren argitalpen bat badu 1890. urtean, Baionako Lasserre etxean, aldaketa bat ere bere testuan eurkezten ez duena. Baina idazleak edizio hau aprobetxatzen du beste idazki bat gehitzeko, Frantziako hirur errepubliken historia laburzki bai eta zonbait hitz bigarren errepublikaz nola oraiko hirugarren huntaz azken egunetaraino. Hontan erregearen Kristorekin parekatze sinbolikoa gauzatzen da iraultza epaitzerako orenean. Aunitz datu eskeiniz eta era trajiko eta izugarri batez lantzen du gaia. Bigarren errepublikaz aritzerakoan aldiz, modu ironiko eta farregarriz egiten du. Azkenik, hirugarren errepublikaz iharduterakoan, aurrerakoien neurrien kritika latz eta zuzena proposatzen du: «Orain dugun hirurgarren errepublika hau, 1848.eko bezala da erdi mentsa edo erdi imizila». Elizanburuk berak ez du bere burua historiagiletzat, eta azken buruan berak duen asmoa zera da, gori gorian zegoen zioan bere iritzia azalaraztea eta euskaldunen hazkuntze ideologiko egokia: «Arrazoinekin erran du autor handi batek erreboluzionea dela bere funtsez edo berenaz debruzkoa, eta orok badakigu debruak bethi nahi dituela hedatu bi gauza: gezurra eta gaizkia. Preseski, orai duela ehun urtheko, eta orai ere erreboluzionea maite duten gizonek mila gezur eta mila promes dute ahoan debruek bezala, eta dute egiten oraino ahal bezenbat gaizki munduan. Estonagarri da nola ez ditugun begiak idekitzen gauza horri, eta nola ditugun uzten buruak zoroki enganatzerat. Ez da iguzkiaren azpian jenderik frantsesak baino aiphatuagoak direnik, beren argiez eta jakitatez, beren bihotz onaz eta beren karitatez edo amoinez. Bizkitartean iragan mendearen akhabantzan agertu ziren Afrikako beltzen, Ameriketako salbayen eta Ozeaniako lehen elgar jaten zutenen pare». Olabeaga anaiak 1959.eko Egan aldizkarian Michel Elizanburuz egin artikulu batetan honela dekinitzen du haren xedea liburu honekin: «Gure anaiaren asmo osoa zan nekazari ta jende xehea kristau, euskal eta errege zaletasunean tinkatu eta sendotu».

        Jean Baptiste Elizanburu Irazabal Saran sortu zen 1828. urtean, eta bere lehengusua bezala aita mugazaina zuen. Hauxe nafarra ez izan ere, Nafarroarekin biziki lotua dagerkigu, izan ere, aita heletarra baitzuen eta ama Zugarramurdiko alaba. Iztilarko bi etxeetan bizi ziren, Piarresena eta Adametan, eta handik hartu bide zuen bere idazkietan usuen erabili goitizena, Piarres Adame alegia. Larresoron ikasi zuen, eta 1849.ean ikasketak jada buruturik, Frantziako gudalostean sartu zen, granaderoen kapitaina izatera ailegatu zelarik. 1870.ean alemanek preso hartu zuten Metz hirian, eta libre geratzean, bere etxera itzuli egin zuen. Orduan Ezpeletako barrutiko bakeezko jujea izan zen, 1891.ean hil zen artio. Hauxe, bere lehengusua ez bezala, gorria zen, errepublikazalea. Gorrien artean bestelakoak baziren: Donibane Lohitzuneko medikua eta Abbadiek antolatu sariketetan behin baino gehiagotan irabazlea suerta Guilbeau, Mauleko notari eta kantu biltzailea zen Sallaberri, edo Arturo Campión bera. Jean Baptistek txurien artean ere lagunak bazituen, esaterako Grazian Adema, Zaldubi, Larresoroko ikaskide hurkoa. Baionako ohorezko kalonjea izandakoa, xuria, errepublikaren aitziko Betirisantz eta Biba errepublika izenburuko satirak bazituen idatziak. Gauzak horrela egon ere, lagunak izaten jarraitu zuten, eta Elizanburu hil orenean aldamenean izan zuen. Joanes Otsalde Bidarraiko bertsolari ospetsua zendu zenean berriz, apezik gabe ehortzi zuten gorria izateagatik.

        Biziki olerkari ona bazen. Nahiz lan gutti izkiriatu, eta berari egotzitako aunitz bereak ez izan, Abbadiek antolaturiko Sara eta Urruñako bertso txapelketa ugari irabazi zituen: 1855.ean Emazte edalea, 1858.ean Tan tan, tan, tan, rastapetanplan, 1860.ean Gazte hiltzera doana, edota oso famatua den bere 1861.eko Nere etxea. Prosan elaberri bukatu gabe bat utzi zigun, Piarres Adame. Donibane Lohitzuneko La Nivelle aldizkarian hasi zen agertzen atalka 1886. urtean, 5 kapituloraino soilik. Aldizkari gorri hau 1883.ean sortu zen, bere kazetaririk nabarmenena J.B. Deluc izanik. 47 ale kaleraturik desagertu zen, 1886.ean Jules Louitek arrapizteko harzara. Bederatzi kapitulu osoak agertu ziren geroxeago La Réveil Basque Berdolyren astekari errepublikanoan, 1887.eko ekainaren 26tik 1888.eko martxoaren 18ra arte. Liburu bezala 1888.ean agertu izan zen Pabeko Garet etxean izenburu honen azpian Piarres Adame saratarraren zenbait hitztorio Laphurdiko eskuaran. Bigarren edizioa Pierres Lafitteren eskutik egin zen 1946.ean Baionan, eta oraino hirugarren bat 1982.ean Donostian Iturralderen, Lafitte beraren hots, Murtuts eta bertze lanarekin batera. Azkenekoa klasikoak bildumaren barruan agertu zen 1986.ean Ibon Sarasolak ondua. Bestalde aipatzekoak dira L'avenir des Pyrénées et les Landes aldizkarian agertu zituen bi artikulu, «Errepublika bakea da», 1880.eko urriaren bidakoa, eta «Eskualdun batek eskualduneri», 1881.eko abuztuaren hamaikagarrenekoa. Bertan gorrien ideien defentsa egin zuen. Ezin da ahantzi uztailaren hamalauero Sarako eskola laikoan haurren aitzinean egiten zituela hitzaldi politikoak: «Badakizue herritar maiteak, orai duela hogoi eta dozena bat urte frantses populuak unatua zelakotz beti lanean aritzeaz errege baten eta haren inguruan milaka bizi ziren agur egile alferren asetzeko, haizatu izan zituela errege eta bertzeak eta gobernamendutzat hautatu errepublika».

 

Bilaketa