Juan Mateo Zabalaren azken liburuaz
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 2001-02-16
Durangoko azken liburu azokarako Zabala aitaren euskal prediku bildumaren bigarren alekia aurkeztu zen; huraxe izan da, gainera, zendu aurretik Villasante aitak paraturiko azken lana. Sermoi ahantzi hauen bizkaiera jantzi eta dotore askoa irakurtzea dateke fraide frantxikotar eta euskarazale biak gogoan edukitzeko modurik hoberena
Juan Mateo Zabala Zabala 1777ko irailaren 21ean sortu zen Bizkaiko hiriburuan. Aita bakiotarra zuen eta ama, ordea, Arratia aldeko Areatzakoa. Gurasoen nongotartasuna kontuan harturik etxean euskaraz egin zutelako pisuzko arrazoia bide bada ere, Juan Mateok ez zuen euskaraz zalui eta arinki aritzen zirenetako, segurik ere frantxikotarren etxean gazterik gazte sartu zelako. Horrela aitortu zigun Zabalak berak bere El verbo vascongado idazkiaren atarikoan: «Neure ikastaroko urtean erdelerrian igaro neban eta ain aldi luzez euskerarik entzun ez nekelako, iñok siñistu daiken baño geyago sortu ta moteldu nintzan». Haatik, Pablo Astarloak ondu lanak limurturik edo, Larramendiren idazkien irakurketak zeharo eragin zion euskara berriz ere freskatzera.
Zabalak burutu zuen ikas bidaztiaren zantzurik ez dugu, nahiz eta dauden datuen arabera orduko frantxikotarren probintzian zeuden erdal eremuko komenturen batean ikasi ahal izan zuela pentsa daitekeen, hau da, Orduña, Gasteiz edo Santanderren. Nolanahi ere den, 1804erako Bilbon zegoen jada seglarren filosofia irakasle. Bonapartek xedarritu 1808ko esklaustrazioak Galizia aldera eraman zuen harik eta Euskal Herrira berriz ere itzuliz Zarauzko komentuan 1815eko urriaren 15ean betiko bizitokia ezarri zuen arte. Frantxiskotarrek hiri gipuzkoarrean zuten etxean mende laurden bat igaroz bertan zendu zen Zabala 1840ko otsailaren 6an.
Ausaz Zarautzen eman zuen denbora huraxe izan zen euskara berreskuratzeko lagundu zion gauza. Iritsi eta bi urtetara gai izan zen euskaraz misionatzeko, hizkuntza sotilki eta azalean menperatzea baino askozaz gehiago eskatzen zuena. Estraineko euskarazko predikazioa 1817an eman zuen, Elorrion, eta ordutik, gutxiz gehienetan Manuel Ignazio Aldekoa edo Juan Ignazio Astigarraga fraidekideekin batera, anitz tokitan ibili zen euskaraz predikari: Abadiño, Amurrio, Arrankudiaga, Arratzu, Arrieta, Arrigorriaga, Bakio, Baranbio, Berganoitia, Berriatua, Berriz, Busturia, Dima, Durango, Ea, Ereño, Errigoitia, Gamio, Gernika, Getxo, Gorozika, Ibarrangelu, Izpazter, Larrauri, Laudio, Laukariz, Leioa, Lumo, Mallabia, Mañaria, Mundaka, Mungia, Munitibar, Muxika, Orozko, Plentzia, Sondika, Urduliz, Zaldibar, Zamudio eta Zeberio. Beraz, eta Araban eman zituen bakanak lekot, Bizkaian egin zituen bere misio gehientsuenak; edozein modutan ere, eman zituen guzti-guztiak, behinik-behin, bizkaieraren eremu hertsian. Honakoa nahikoa esanguratsua da, bada, eta bizitokia Zarautzen zuela ahanzteke, argikiro adierazten digu zein zen Zabalak hobesten zuen euskara eredua. Honen harian zera azpimarratu behar da, Zabalak ez zuela sekularenean Gipuzkoako alderdi bizkaieradunean predikatu.
Duda izpirik gabe, herriz herri eginiko lana ezin baliotsuagoa gertatu zitzaion Zabalari bere ekoizpen idatzia ontzeko. Bizi zela lan bat ere agertu ez bazuen ere, ondu zituen euskal lanak ugariak izan ziren. Bere lanik gutiziatsuena hil eta zortzi urtetara agertu zen, El verbo regular vascongado del dialecto vascongado, Donostiako Barojarenean. Liburu honen burutze lanean 1803an hasi zen, Astarloa irakurri zuen unetik beretik. Argitalpenaren ardura berriz, eta ironikoa agitu arren, Gipuzkoako Diputazioak hartu zuen bere gain, Iztuetaren eta Iturriagaren oniritziei eskerrak. Liburu zaintsu honetan bizkaieraren aditzaren azalpen zehatza egin zuen Zabalak, zukako nahiz hikako aditz laguntzailea zeharo garaturik emanez. Bibliografiagile eta alegigile aparta ere izan genuen bilbotarra. Noticia de las obras bascongadas que han salido a la luz después de las que cuenta el P. Larramendi idazki ezagunean Zabalak 52 lanen berri eman zigun, eta apika bere lanik ezagunena diren alegiak Urkixok agertu zituen lehenengoz RIEV-n.