Jules Moulier Oxobi, alegigile eta olerkari apartaz
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 2000-XII-29
Jules Moulier, euskal letretan Oxobi bezala ezagunagoa dena, mende honetan euskaraz eginiko literaturak izan duen poetarik hoberenetarikoa dugu; hizkuntz formak arras kezkaturik, euskara ederki maneiatzen zekien idazle honek lau liburu eman zuen argitara bizi zeno
Jules Moulier Bidarrain sortu zen 1888ko apirilaren 7an. Aita mugazaina izaki, haurtzaroan herriz herri ibiltzea egokitu zitzaion, orduko urterik gehien Baigorriko auzoa den Bastidako Oxobian eman zuela. Beste hamaika euskal idazleren kasuan bezala, Moulierri ere bizi-etxeak eman zion literatur izena, Oxobi alegia. Larresoroko apaizgaitegi txikian sartuz, eliz ikasketak Maulen eta Biarno aldeko Nai hirian egin zituen 1912an apaiztu zelarik. Apaiz berriak Hiriburun izan zuen lehenbiziko helmuga erretorearen laguntzaile gisa. Hiriburun 1928ra arte izan zen, eta orduan, erretore gisa horrezkero, Donestirira igorri zuten, kasualki ere, Hiriburura iritsi zen erretore berria Donestiritik beretik heldu zelarik. Toki trukaketa egin zuten bi apaizak, gainera, euskal olerkariak ziren, gure Oxobi alde batetik, eta Garaziko Saldunbide apaiza bestetik, Euskal Erria aldizkarian mende hasieran olerkiren bat edo beste argitaratu zuena hain zuzen ere. Donestirin 1941era arte izan zen Oxobi, Arrangoitzeko erretore izendatu zuten arte hots. 1955ean, eta osasun arazoak zituela eta, erretiroa hartu zuen, 1958ko otsailean Arrangoitzen bertan zendu zelarik. Hileta jendetsua izan zen berea, eta hartan berean Labegueriek honela kantatu zion azken agurra: «Mendiak bethe elurrez, begitarteak nigarrez / Otsaileko goiz izotza, iguzkiaren dirdirez / Zure begi hetsiak, azken lo ametsez».
Esan bezala, Oxobiren aita mugazaina zen, eta hortaz, ez da harritzekoa Moulier txikia euskara zela bide jarrera hagitz txepela eraman izana. Apaizgaitegian, ordea, euskaraz gozatzen eta loriatzen lagundu zuten, euskal letretarako egile berria irabaziz. Oxobi idazlea Nain zegoela hasi zen euskaraz izkiriatzen, olerkiak, Eskualduna aldizkarian argitara ematen zituenak. Hiriburun zegoela, aldiz, Hiriart-Urrutiren izkiria-laguna izan zen, aldizkariaren zuzentze lanetan laguntzaile hauta ere bai. Eskualduna-n eginiko lanak trebaturik, eta euskararen inguruan zerbait gehiago egin nahi zuten beste zenbait lagunekin elkartuta Apeztegi, Barbier, Blazy, Dassance, Dufau, Elissalde, Saint-Pierre, Xoribit eta abarrekin, Gerra Haundiaren osteko 1921ean Gure Herria-ren egitasmoan sartu zen. Hartan, Oxobik ez zuen idatzi bakarrik egin, aldizkariaren ateratzeak eskatzen zuen lana zein argitaratzeko jasotzen ziren kolaborazio lanak zuzendu ere berauk egiten zuen.
Bizi zeno Oxobik lau liburu eman zituen argitara, lauak Baionan. Lehenbiziko liburua Boz-oihu! Deiadar! Nigar! izenburupean agertu zen 1913an, eta gazte zenean eginiko olerki sorta dugu. Bigarren liburua, ausaz ezagunena dena, Alegiak izan zen, 1926an agerturik. Hirugarrena Heiatik zerura olerki erlijiosoen bilduma dugu, 1935ekoa. Argitara eman zuen laugarren eta azken liburua 1944ean agerturiko Haur elhe haurrentzat izan zen. Honakoa haurrentzako diren 18 poemek osatzen dute, gehienak alegiak direnak. Euskal haur eta gazte literaturaren historian aparteko jakintsua den Xabier Etxanizek Oxobiren lana goraipatu zuen Villasanteren edota Mitxelenaren hitzak jasoaz: euskal literaturak izan duen alegigilerik hoberena Oxobi izan da. Oxobiren olerki hauek edukiz haurrentzat baziren ere ez zen berdin gertatzen forma aldetik, eta horixe da Oxobiri lepora zekiokeen akats nabarmenena, halaz guztiz, Etxanizek Oxobik idatziriko lanen kalitate altua nabarmendu digu, didaktismo eta estetikaren arteko borrokan kokatzen duena, eta tamalez, jarraitzailerik izan ez zuena. Agian horregatik, Mendigurenek eta Izagirrek apailatu Euskal Literaturaren Antologia-n «gizartea aldatuz joan arren XIX. mendeko gai eta idazkerarekin segitzea» egotzi diote.
Esan lau liburuez aparte, hil osteko 1966an Oxobiren lan orhoitgarri zonbait izenburuko liburua agertu zuen Haritschelharrek. Bestalde hiru izan ziren argitara gabe utzi zituen lanak, Nola gauden eskualdun pastorala, Gure mendiak olerkiak, eta Urrikalmenduzko parabolak. Pentsa daitekeenez, Oxobik hainbat aldizkari eta egunkarietan ere erruz idatzi zuen, Eskualduna-n eta Gure Herria-n esan bezala, baina baita Almanaka, Herria, Aintzina, Euskal Erria edota La Press argitalpenetan ere. Dituela zortzi bat urtetik hona, zorionez, Ainhoa Beolak prestaturiko Oxobiren lanen edizioa badugu, Euskal Editoreen Elkarteak sustatzen duen «Klasikoak» sailaren barruan. Bertan Oxobik atera zituen lau liburuak jasotzen dira, Haritschelharrek eginiko edizioaren hainbat bertso, baita argitara gabe geraturiko beste zenbait, tartean aipatu pastorala eta guzti. Beraz, eta agortu bitartean, Oxobiren lanen bilduma paregabea badugu eskuragai, egun hauetarako opari ederra, geure literaturaren harribitxia.