literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Biba Xaho! Biba Eskual Herria!

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-12-22

 

        Milurteko zahar honen azken mendea ahitzera doan honetan, zaharrak berri, eta etorriko zaigunaren modernitatearen ikurtzat har dezagun Agosti Xaho zuberotarra, gure lehenbiziko apurtzailea, gure lehenbiziko modernoa.

        Jon Juaristik El linaje de Aitor 1987ko liburuan «el precursor» deitzen zuen Agosti Xaho zuberotarra. Hobe zitzaiokeen ausaz erruduna deitzea, buruan zeukana horixe baitzen doakai. Jaime Ignazio Del Burgoren pasadizoa gogorarazten digu honek, Aldundiko lehendakari izendatu berria karguaz jabetzera Karlos III.eko karrikako jauretxean Zigak eginiko Campionen margolanaren azpian goriki sututua ohiuka hasi zenekoa: «Hori duk guztiaren erruduna, hori duk!».

        Ez dugu Agosti Xahoren bizitzaz zein bere lanei buruzko lan monografiko sendorik eta gaurkoturik, oraino. Orain dela hamar bat urte Patri Urkizuk entsegu txikia tajutu zuen Xaho gaitzat harturik, Mikel Zarate Saria 1991an jaso zuena eta Euskaltzaindiak 1992an argitara eman zuena, alabaina Xahok ikerketa lan sakonago eta maratzagoa merezi duelakoan bagaude, dela soziologo, dela historialari edota dela filologoren batek egin beharreko tesilan baten gaia aisa daitekeelarik. Ez liteke ideia txarra Zubero aldean Fundazioren batek Xaho saria erakiko balu literatura edota bestelako arloren batean eginiko lanaren bat sariztatzeko. Tamalez, ezkor gara, eta lehenengoa zaila bada bigarrena are zailagoa dakusagu, areago, eta Juaristik maltzurki esan bezala, hainbatek Xaho baitu «aprendiz de conspirador sobre cuya figura pesan aún tantas ingógnitas, llamado a convertirse en el Juan Bautista de aquel mesías del nacionalismo que se llamó Sabino Arana Goiri».

        Agosti Xaho Lagarde Atharratzen sortu zen 1811ko urriaren 10ean. Hamar urterekin Oloroeko apezgaitegira joan zen bigarren mailako ikasketak burutzera. Handik Parisa joan zen 1831an legeen ikasle. Dena dela, eta legeak ezezik, Frantziako hiriburuan ekialdeko hizkuntzak ere ikasi egin zituen Xahok Charles Nodier irakaskearen eskutik. Ikasketetan zein giro literarioetan behin trebaturik, Tolosara aldatu zen. Okzitaniako hiriburuan bere asmo literarioak Revue des voyants aldizkaria sortuz gauzatu zituen. Aldizkari honetan ateratako zenbait informazioengatik, aldiz, Tolosatik hanka egin behar izan zuen, berriz ere Zuberora itzuliz. 1844ean duelu batean zauriturik, Lespès inprimatzaileak berekin eraman eta zaindu zuen. Lau urte beranduago, Baionan jada, L'Ariel aldizkari famatua argitaratzen hasi zenean, politikan sartu zen, alderdi errepublikanoaren ordezkari gisa. Horregatik, Luis Napoleonek 1851an estatu kolpea eman zuenean Pirinioak igaro eta Gasteizen ezarri behar izan zuen bizitoki berria. Gasteizen labur jo zuen, bi urte eskax besterik ez baitzen egon. Baionara 1853an itzuli zen, «acte de soumission» sinatu ondoren, eta berriz ere ekintza politikoetan debekaturik izanik, bere hiztegia ontzeko aprobetxatu zituen bere azken urteak, langintza horretan zegoela, eta hortaz, hiztegiaren lana bukatzeko dexente falta zitzaiola zendu baitzen Xaho 1858ko urriaren 24ean. Xahorena, bestalde ere eta ezagun denez, euskal historian agerian eginiko lehenbiziko hileta zibila izan zen. Herri suskripzioz ordainduta Roland eskultoreak eginiko oroitarria eraiki zitzaion eta hiletaren predikua Reclus anarkistak ogutzi zuen.

        Aunitz idatzi zuen Xahok, eta ongi, gazte-gazte zenetik, erderaz zein euskaraz. Euskal izkiriakintzan trebatze aldera Preces Sancti Nersetis Cantabrice Nersesen otoitzak euskaratu zituen, zuberoeraz, 1830 inguruan. Alabaina, bere lehenbiziko lan argitaratuak 1834ean ageri ziren, frantsesez eginiko Paroles d'un Biskaïen aux libéraux de la Reina Christine eta Paroles d'un voyant en réponse aux paroles d'un croyant eta euskaraz tajuturiko Azti-begia ezaguna. Azti-Begia zein Ariel aldizkarian agertu zituen bestelako euskal lanak, zorionez, bilduta eta elkarrekin argitaraturik badaude, Patri Urkizuren eskutik, nonbait egunean erabat gelditurik dirudien Euskal Editoreen Elkartearen «Klasikoak» sailean, 64. zenbakiarekin. Bada non josta beraz mende akabera honetan!

 

Bilaketa