literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Gerra aitzineko euskal antzerkia Nafarroan

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-11-10 eta 17

 

        Euskal Herriko beste zenbait tokitan gertatu zenaren kontrara, 36ko gerra aurretik euskal literaturak izan zuen loratzearen barruan hutsune nabarmena gertatu zen Nafarroan antzerki arloari dagokionean; guztiarekin ere, eta gutxi izanagatik, Nafarroa gaia zutenak edota nafarrek sorturiko lantxo batzuk idatzi egin ziren, tamalez, beti plazaratu ez zirenak

 

        Iruñeko Udalaren 1884eko sariketa

        Abbadiaren lore-jokoen ideia are borobiltzenagotuz, eta orduan Iruñeko udalean zinegotzi zebilela aprobetxatuz, Iturralde Suitek proposatu zuen Iruñeko udalak berak literatur sariketak egin zitzala. Hauek 1882an izan zuten hasiera eta abiatzea. Hirugarren urteko deialdian, hau da, 1884ekoan, euskarazko hiru gaietariko bat gai askeko koadro dramatikoa izan zen. Horretan irabazle garbirik suertatu ez bazen ere, Iraolari eman zioten akzesita bere Lendabiziko saiua lanarengatik. Lan hura, geroago Ardita beti ardit izenburupean ia beti agertu zaigun lana hain zuzen ere, ez da Iraolaren jatorrizko idazkia, Pelayo Castilloren El que nace para ochavo erdal antzerkilanetik eginiko itzulpen askea baizik. Ardita beti ardit itzulpena Iruñean saritu zuten urte berean eraman zuen argitara egileak, alabaina ez bide zen gertatu konpainien arras gustokoa eta 1889ko abenduaren 26ra arte ez zen publikoaren aitzinean taularatu. Edozein modutan ere euskal letretan ordurako ezaguna zen Biktoriano Iraola Aristigieta pasaitarrak estrena hartu zuen lan horrekin antzerkigile moduan, eta orduz geroz ez ziren gutxi izan idatzi eta publikatu zituen antzerkilanak, tamalez ordea, eta antzerkiaz denez bezanbatean, Iruñearekin ez zuen berriz ere harremanik izan.

 

        Barriolaren Napar alaba ospetsua (1935)

        Abelino Barriola Aizpurua Donostian jaio zen 1876ko azaroaren 10ean. Oinetako lantegi baten jabea izanik astirik zukeen idazteko. Antzerkigintzan gazterik gazte hasi zen, Toribio Altzagaren eskutik, erderaz lehenbizi eta euskaraz geroago. Jeltzale porrokatua, EAJren zinegotzia izan zen Donostiako udalean eta diputatua Gipuzkoako Aldundian Primo de Riveraren diktaduraren aitzineko urteetan. Hortaz ezin gaitzake harritu Barriolak batzokiko antzerki taldearen atzetik ibili izanak; berau izan zen, bestalde, Donostiako Euskal Iztundea sortzeko proposatu zuena. Barriolak euskaraz idatzi zituen lanik gehienak Donostiara zeuden aiduru, han baitzeuden girotuta eta han baitziren estreinatu, halaz guztiz, eta gutxien ezagutzen direnen artean, Nafarroarekin zerikusirik duen lana bada Barriolak tajutuen artean, Napar alaba ospetsua izenekoa alegia. Berandu idatzia, 1935ean, gerra hasi eta atzerrira joan aurretik beraz, drama historikoa dugu, XIII. mendean kokaturik, Aragoiko Jaime I.ak beretzat hartu eta gero bigarrenez ezkontzeko arbuiatzen duen emazte nafarrari buruzko istorioa; eite honetako lehenbiziko lana izanik, ez zitzaion sobera ongi atera, eta horixe bide da argitaragabe egoteko arrazoi nagusia. Zoritxarrez, eta lanaren kalitatea zein den ere, antzerkilan kausigaitza dugu honakoa gaur egun.

 

        EAJren antzerki propagandistikoa: Jostari

        Nafarroatik kanpo zenbait saio izan baziren ere, esaterako Oldargi taldeak aurrera eramandakoa, II. Errepublikaren garaira arte Nafarroan ez zen saio berezirik izanen. Bide horretatik jarraikiz, jeltzale nafarren asmoak Aralarko San Migel Euskal Herriko patroia egin zeneko 25. urteurrenarekin batera gorpuztu ziren. Esan ospakizunen barruan, Jostari antzerki taldea aurkeztu zuten Iruñean, 1933ko abuztuaren 19an, Gayarre antzokian taularatu zuten Pedro Mari lanarekin. Campionen egokitzapenaren ostean Jostarikoek Jenaro Xabier Vallejos josulagunak idatzitako Emmanuel antzezlana aurkeztu zuten, eguberrietan kokaturiko antzezkizun folklorikoa. Hauxek izan ziren Jostarik egin zituen lan soilak, erderaz biak baina, eta ez dirudi beste tokietan gertatzen zenaren antzera euskaraz egiteko asmo zirkinik ere izan zutenik.

 

        Blas Alegriaren Aña Mari

        Lakuntzar honek izkiriatu, sariketetan aurkeztu eta zenbaitetan ere saritu zizkiotenen artean antzerkilan bat badugu, Aña Mari: misiotako antzerkia hain zuzen. Honakoak Euskararen Adiskideak elkargoak 1928an eratu antzerki batzaldian bigarren saria merezi izan zuen, eta Iruñeko Sarasate pasealekuko 15 zenbakian zegoen Ricardo Gartziaren alargunaren irarkolan argitaratuko zen 1928an berean. Azalaren marrazkia Jose Joakin Montoro Sagasti abokatu tuterarrak egina duen liburu honek Lakuntzako Baratzarrekalde baserrian bizi den familiaren berri ematen digu, eta 60 orrialdetik goitikoa bada ere antzertilan zalui eta lasterra gertatzen da. Espero daitekeenez, bestalde, bi dira Alegriak txirikordatu zituen hari nagusiak: Euskalerria eta erlijioa.

 

        Urkiaren bi antzerkilanak

        Arbizuko Fernando Urkia fraile laterandarrak izkiriatu zituenak ez ziren makalak izan. Euskal Esnalea aldizkarian kolaborazio ugari agertarazi zituen 1926 eta 1931 urte bitartean. Antzerki arloan, berriz bi lan eskeini zizkigun. 1928an Illargi bete izenburuko bi ekitaldidun mixio-antzertilanarekin Euskeraren Adiskideek eratutako antzerki batzaldian gotzai jaunaren saria bere egin zuen, eta Zornotzako jaungoikozaleren irarkolan inprimarazi zuen. Urkiarekin batera garaile izan ziren idazleak Blas Alegria eta Tomas Esarte Jaimerena izan ziren. Alegriaz mintzatu ginen aurrekoan. Esartez, ordea, bere lanaren izenburua Yunka baizik besterik ez zaigu iritsi; dirudienez, hirugarren sarituaren lana ez zen argitara eman, eta gaur geroz galdutzat eman beharko dugu. Urkiaren lanera itzuliz, esan behar da Illargi bete antzerkilan musikatua dugula, honen eresiegilea Pantzisko Madina izan zelarik, alabainan, ezin da ahantzi Urkia bera musikagilea eta organujolea ere bazela, eta Madinak eginiko musikaren inguruan zer esan izanen zuen seguru. Guztiarekin ere argitara emandako paperean ez zen partiturarik ezarri, eta egun ezezaguna zaigu Illargi bete-rako Madinak konposatu zuen musika. Gertaerak Iruñetik hurbil dagoen Ezkabarteko Orikainen gertatzen dira, Onesto doneak Iruña kristautu zuen garaian. Pertsonaien artean 15 urteko San Fermin agertzen zaigu, eta Orikaingo jendakien izenak ezin adierazgarriagoak dituzkegu: Erro, Osteritz, Olabe, Lazkoz, Ureta, Zabaltza, Akerreta, Zildoz, inguruetako herrien gainean sorturiko izenak beraz.

        Urkiaren bigarren antzerkilanak Aralar mendian du izenburu eta 1934eko martxoaren Antzerti hilabetekariaren 27. zenbakian agertu zen. Ekitaldi bakoitzeko lana dugu, gizonezkoentzako bakarrik, eta Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugalerroan garatzen da, Errealengoko txabola batean, Urkiarentzako locus amoenus delakoaren gauzapena zitekeena: «Zorion billa gizonak dabiltza munduan iñun ezin billaturik emen lur gañean baldin pake izpirik bada ludi zabalean ementxe arkituko da artzaien tartean».

 

        Espartza eta Tapiaren antzerkilanak

        Lesakako seme eta idazkari jardun zuen Eladio Espartza Aginagak lan ezagun bakarra idatzi zuen euskaraz, Panpina izenburuko antzerkilana, 1932an saritu ziotena. Zoritxarrez, lan honen berri ez dugu batere. Esan aipamena da dugun zehaztasun bakarra ez baitakigu non saritu zioten lana. Ez dakigu Panpina inoiz ere taularatu zenentz, ez eta zein nolako lana zitekeen. Interesgarria oso gertatzen zaigu, ordea, mugimenduari atxikia oso zitzaion pertsona baten euskal lana topatzea, Nafarroan horren gutxi landu zen antzerki arlokoa gainera.

        Gure Alejandro Tapia, oraino gutxi ezaguturiko olerkari ahantzia 1899ko abuztuaren 11an jaio eta 1957ko maiatzaren 21ean zendu zen Iruñean. Tajuzko olerkaria, fina eta naroa, gutxienez antzerkilan bat idatzi zuen, ezagutzen dugun bakarra, Jose Maria Satrustegik Kaldereria karrikako Areta liburudendan idoro zuena eta Egan aldizkarian 1985ean argitara eman zuena. Gauza jakina da 36ko gerrateak erabat moztu zuela Tapiaren ekoizpen literarioa, eta Tapiaren eskuizkribuak gerra ostean topatu baziren ere, pentsatzekoa da Nabarreria karrikako gizonak 1936an baino lehen izkiriatuko zuela bere Kattalin umezurtza. Gainera, Tapiaren antzerkilana gerra aurretiko urteetan errepikatzen ziren moldeetan sorturiko lana dugu. Kokapenaz denez bezanbatean, «Gure mendietako xoko polit bat. Belai mardul bat zenbait sagarrondoekin. Ezker aldera baserri bateko ataria galanta. Pareta ondoan, zunbil aundi bat, ta aren gañean yarria, Kattalin». Euskara aldetik freskoa dugu Tapiaren lana, Baztanen ikasitako euskaraz apailatuta, hitanoaren erabilera maratzak harritzen duelarik, sinesgarri gertatzen dela. Egintza, ordea, konbentzionala, bukaeran moraleja duten lan horietakoa, eta irakaskintza arras kristaua; oker hasi eta zuzen bukatzen den beste istorioa dugu, laua, ia hutsala, bere tamaina laburra kontutan harturik aldapa erpinegia gertatzen dela, eta horretan ez zuen sobera asmatu gure olerkariak; kondensatuegia atera zitzaion, trinkoegia.

 

Bilaketa