Berako ekarpen joria
Joxemiel Bidador
Euskaldunon Egunkaria, 1995-8-11, 1995-8-18 eta 1995-8-25
Benetan emankorra oso badela Bortzirietako Bera herriak euskal kultur arlo urrian eskeini izan digun zitu zoria. 1980. urtean eta aspaldian ospatzen ziren Euskal Besten mendeurrenaren aitzakiz, Berako udal batzarrak onartuta bai eta bultzatuta ere, eta Joakin Goia eta N. Kortazar bikoteak ondua, Hiru beratarren euskal bertsoak izenburuko idazkia agertu zen bertan, Uharteren etxean moldizkiratua hain zuzen ere. Aipa hiruetan lehendabizikoa Ignazio Larramendi del Puerto espartzinegiteilea dugu. Altzateko Errikoitxiako semea, 1874.ean sortua. Gizon xumea, umila, ona omen. Etxalarko Txebertzeko Asunzion Arburuarekin ezkondua, 12 seme alaba zituztelarik, haietariko bat Juanito pintore famatua. Laguna zuen Irungo Joan Basurkorekin parekatua izan den bertsolari fin honek ezer guti utzi zigun izkiriaturik, hala ere Olerkiak izenburuko lana Zarauzko Itxaropenaren eskutik agertu zen zendu urte berean, 1960.ean alegia. Bertan, besteen artean, bere herriaren omenezko gorazarrea dakar honela: «Etorri zattez egun batian / Xoko on hau ikustera / Ibilaldi bat eginen dugu / Herrian lau aldetara / Begi zabalaz begitu ongi / Alde bat eta bertzera / Harriturikan erranen duzu / Zeñen polita den Bera». Larramendi hau kantari ona omen zen, abots ederreko tenorea, eta honen froga garbia Alfonso XIII.aren ezkontzan aritu zela kantari dugu. Dena den, ez zuen helburu haundirik hortan, eta parropiako abestaldean soilik aritu zen kantetan berrogeitamar urtez gutienez. Nafarroako ordezkaritzak eskaturik, euskaltzain izendatu zuen akademiak.
Aita Erroman Dornaku Olaetxea, kaputxinotarren artean Erroman Maria Berakoa bezala ezagunagoa datekeena bigarrena dugu esan liburuxkan. 1878.ean sortua, hamabi anai arrebetan txikerra zen Illekuetako Altzugaraikoa, eta besteetan hemen jada esan den gisan, hauxe ere ordo minor delakoan sartu eta Filipina uharteetara igorri zuen aita nagusiak. Gaztetan misioetara abiatzeak hizkuntza ugari ikasteko aukera eman zion, sasoi ezin hobean baitzagoen hortarako, eta horrela, hamalau hizkuntza ongi zarabilzkien: euskaraz gainera, frantsesa, española, inglesa, italiera, latina, greziera, hebraiera, bikol, panpango, pagasinanera, tagaloa, txamorro eta niponera. Arribatzen zen leku berri guzietan bertako hiztegia ontzen saiatzen zen, bertaratzen ziren misiolari berri guziek hango hizkuntza errezago ikasi ahal zezaten. Ez da harritzekoa gertatzen beraz, EEBBtako lehendakariak saritzea bigarren gerrate mundialean Manilan egindako lanaz, inguruko horrenbeste hizkuntzez baliatuz. Halarik ere, amerikanoek Guam irlan izan zuten jokabideari aitziko jarrera sendoa erakutsi izan zuen beti, bertako biztanleen ohiturak guardatzeko. 200 liburu baino gehiago idatzi zituen, baina gehien gehienak EEBBetan daude egun. Txamorroen apostola izengoitiaz deitzen zutena Hondarribian hil zen, Bera herria beti gogoan. Bere bidaietan ez zuen sekula ahanzten hango lurrez beteriko zorro ttiki bat, ailegatu toki orotan puxka bat botaz. Bere lanen artean Buenos Airesen 1908. urtean irabazi olerki sari bat dago, Diccionario vasco castellano, castellano vasco, 1909.goa, Berako 100 gertaera, Gramática vasca método Olendorff, Bierbaum aitak eginiko burutazioen euskarapena, aritmetika eta geografiazko bi liburu, edota argitaratu gabe dagoen bere, duda izpirik gabe, 48 orrialdetako biografia interesgarria Mis cincuenta años de misionero.
Liburuaren hirugarren idazlearen aipamena ekarri behar honetan, Joakin Aldabe Juanikotenaren lanaz oroitzekoa bereziki. Legia karrikako Bilkorrenean jaio zen 1893. urtean, aurtengo Sanfermin deunaren bestetako bezperan orai 25 urte hil zelarik. Oriora lotua lana zela eta, hantxe ezkondu ere egin zen, bertako Aszension Lertxundi andrearekin. 200 olerki baino gehiagoko autorea dugu, gehien batez Mokozorrotz izengoitiaz sinaturik. Bere lana, Irungo El Bidasoa aldizkarian agertu izan zen batik bat 1956.tik, baita Karmel eta Olerti aldizkarietan ere. Aldaberen zenbait eta zenbait burutazio laguna zuen Antonio Zabalari igortzen zizkion gutunetan atzeman daiteke. Hona hemen pasarte bat: «Gaur arte egin dituten lan danak, zure esku ipiñi ditut naiz luze naiz labur, naiz trakets, naiz poliki moldatuak. Euskera gora bera abekiñ, oso bakarrik arkitzen naiz. Ez det iñoren arnasa ta bultzadarik artzen neuk niri ematen diotena baizik. Eta au ez ta biar ainbat. Nigan jayo dan gauza, eta bakar bakarrik nijua nire bidian. Gauz abetako zein motxa dan Orio erri au. Obeto esango nuke, zeñen ez jakiña dan azken malleraño. Zure lantegi leku ortan, ainbeste gauz eder biltzen dituzun ortan, nik biyaltzen dizkitzutenak politak dirala baditzkiozu, jarri itzazu zure karpeta ortan lo goxo goxuan egunen baten zai argira azaltzeko, bestela...badakizu. Amar milla puska egiñ ta bota sutara».
Aurreko astekoan aipagai izan genuen San Estebango parropiako tenore bertsolari espartzinegiteilea zen Ignazio Larramendi. Gaurkoan beste tenore beratar garrantzitsu bat badugu izkiriagai, Isidoro Fagoaga Larratxe hain zuzen. 1895. urtean sortua, 1910.ean Argentinara joan beharra egokitu zitzaion, bertan ferreteria batetan lanean zihardularikan. Titta Ruffo baritonoaren laguntzaz, Italiara abiatu zen musika ikasketak burutzeko asmoz, Parmako kontserbatorioan bekaduna suerta Campaniniren ikasle gisa. Gerrarekin Madrilera abiatu zen eta bertan Iribarne maisuarekin ibili zen bere estreinako emanaldia eskeini arte, Sanson y Dalila lanarekin 1920.ean. Urte berean, eta Guridik berak deituta, Teodosio Goñikoaren papera bete egin zuen Amaia opera ezagunean. Fernandez Arbos maisuak luza aholkuari jarraikiz Wagnerren operen paperek eskatu behar adina tesiturari egokitzeko ardura hartzen saiatu zen bereziki, Walkiriaren Sigmundo, Parsifal, Tritan, eta abar.
Toscaninirekin aritu zen kantatzen Milango La Scalan hamaika urtetan zehar. 1937.ean, Gernikakoaren berri izan zuenean, Italian sekula santan berriro ere ez zuela kantatu behar erabaki zuen, eta Donibane Lohitzunerat abiatu zen. Bertan atsegina zuen lana egiteari eutsi zion, hau da, sonetoak idazteari. Zoritxarrez, 1940ean alemanek atxilotu zuten eta Gurseko kontzentrazio ordokian sartu. 1953.ean Argentinara harzara joan zen, eta handik berriz Donostiara. Kantatzeari utzi zionetik, lan ugari izkiriatu zituen, esaterako: Pedro Garat, el Orfeo de Francia (1948), Retablo de curiosidades: Huarte, Ravel, Paoli, Gayarre y Eslava (1959), Domingo Garat, el defensor del biltzar, Unamuno a orillas del Bidasoa, Los poetas y el país vasco (1969), El teatro por dentro, edota A propósito de Goethe en euskera.
Iñazio Errandonea Goikoetxea dugu gure egungo bigarren gizona. 1886.ean sorturik, lagundian sartu zen, 1918. urtean apaiztu zelarik. Madrileko Razón y fe aldizkariko zuzendaria izan zen, baita hiri bereko idazleen etxeko nagusia. Donostian EUTG sonatua sortu zuen 1955. urtean. Halere, bere lanik bikainena klasikoen literaturaren ikasketan garatu zuen. Oxfordeko unibertsitatean literatur ikasketak burutu ostean, doktoratu egin zen La personalidad del coro en las tragedias de Sófocles izenburuko tesiarekin. Bere lan gehienek Greziako antzerki klasikoaz dihardute, eta Sofokles idazlearengan oinarritzen dira batik bat: Sófocles y su teatro (1942), Sófocles: investigaciones sobre la estructura de sus siete tragedias, la personalidad de sus coros (1958), Ediporen itzulpenak (1959), Antigona eta Elektrarena (1965), Aiante, Filoktetes eta Tarkiniena (1968), Gramática del griego bíblico eta bi mila baino gehiago orrialde duen Diccionario del mundo clásico lan mardula.
Ahitzeko gogora dezagun Zigardibereko Juanito, Juan Errandonea Alzuguren alegia. Hauxe Zigardiberea baserriko semea dugu, 1917. urtean sortua, eta 49 urtetan zendua. Madrileko Unibertsitate nagusiko sumerio eta ekialdeko kulturako katedratikoa izan zen, eta ezagutzen zituen hizkuntzak ez ziren gutti: Euskara, italiera, española, fantsesa, inglesa, nederlandera, flamengera, suediera, errusiera, turkiera, txekiera, latina, greziera, hebraiera, arabiera, arameoa, ugaritiera, siriera, etiopiera, akadiera eta sumerioera gutxienez. Biblia arras ongi ezagutzen zuen, bere Eden y Paraíso liburukian ederki ikus daitekeen legez. «Analogías vascas en el vocabulario sumero-semítico» izenburuko artikulua agertarazi izan zuen Antologika annua izeneko aldizkarian. Bertan itzal, zulo eta atzapar hitzak sumerieran ere bazaudela baieztatzen zuen.