literaturaren zubitegia

974 idazle / 4.657 idazlan
7.227 esteka / 5.586 kritika / 1.828 aipamen / 5.228 efemeride

  A B C D E F G H I J K L M N O P R S T U V W X Z  

Ebaristo Bustintza, Kirikiņo

 

Ebaristo Bustintza Kirikiño zenaren Abarrak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-X-27

 

        Ahitzen zaigun mende honen hasieran euskal literaturak izan duen idazlerik emankorrenetarikoa zein irakurrienetarikoa izan zen Ebaristo Bustintza, Euzkadi egunkari jeltzalean «Euzkel atala» sinatzen zuen Kirikiño.

        Ebaristo Bustintza Lasuen Mañariako Etxanoan jaio zen 1866ko urriaren 26an, haurtzaroa hiri bereko Zumelaga izeneko etxean eman zuelarik. Gaztetxoa zela, 1878an, Buztintzatarrak Albazeteko Almansara egin zuten aitaren ogibideak eramanda. Hantxe bukatuko zuen Ebaristok batxilerreko ikasketak, bikain amaitu ere, segituan Madrileko Unibertsitate Zentralera joateko. Madrilen Marin abade frantsesaren ostatuan bizi izan zen, bizikideen artean Miguel Primo de Rivera diktadoregaia bera zegoela. Bideetako Ingenieritzan hasi bazen ere, azkenean Fisika-Matematiketako lizentziatura ikasi zuen, 1891rako lortu zuena. Orduan Guadalajara aldeko Siguenzara jo zuen hango apezpikutegiko eskolan matematika irakasle jarduteko. Euskal Herrira 1899ra arte ez zen hartzara itzuliko.

        Bustintzaren Bilboratzearekin euskal literaturak garrantzizko idazle bat erdietsi zuen. Lehenbiziko idazkiak, Mañari ezizenez, Azkueren Euskaltzale aldizkarian agertu zituen, hamairu osotara. Aldizkari hau 1899an desagertu zenean, Azkuek Ibaizabal argitalpena sortu zuen, Bustintza bera zuzendarikide aukeratuz; orduan bere lau abizenen lehenengo letrez osatu ezizenarekin sinatzen zuen, hau da, «Bloa» akronimoarekin, baita «Boldro» edota «Zumelaga» gaitzizenekin, sinatu gabe agertu zituen idaztiak gutxi ez zirela. Bi aldizkari hauetan agerturiko lan gehientsuenak ipuin umoretsuak ziren, kontakizun laburrak, eta nekazari munduko berriak edota aholkuak.

        Azkue bere hiztegiaren argitaratze lanak zaintzeko Parisa 1903an joan zenean, Bilboko Ikastegian ematen zituen euskarazko ikastaldiak beste norbaiten esku utzi behar izan zituen eta Bizkaiko Diputazioari zuzendu gutun batean bere ordezkoa Bustintza izatea eskatu zuen. Bustintzak orduan hartu zuen lana, alta, luzaroan mantendu zuen, lehenbizi Azkueren partez, gero Azkuerekin batera, eta azkenean, berriz ere bakarrik, 1928ra arte. Euskarazko eskolen emateak diru gutxi ekartzen ziolako edo, areago 1909ko irailaren 25ean iloba zuen Basilia Bustintza Ozerinekin ezkondu zenetik, Montellanoko San Antonio mehatz elkartasunerako hasi zen lanean kontu-eramaile. Lan hura, ordea, 1913an utzi zuen, sortu berria zen Euzkadi egunkarian lanean hasi zenean. Honetan bi atalen egilea genuen, erderaz «Temas vascos» zeritzana eta euskaraz, berriz, «Euzkel atala». Euzkadi-n 15 bat urte eman zuen, harik eta osasunak beharturik egunkaria utzi zuen arte Orixek ordezkatuta. Zumelagako baratzean zegoela, 1928ko abenduaren 26an, hormaren bestaldera begiratzeko harri baten gainean igo zen; halako batean harria kulunkatu zitzaion, labandu eta erori egin zen, besoa hautsi zitzaiolarik. Orduz geroz, Bustintzaren osasuna geroago eta trenputxartuagoa, egun gutxi igarota, 1929ko urtarrilaren 31an zendu zen hemiplegia eraso baten eraginez.

        Kirikiño bizi zela liburu bakarra eman zuen argitara, 21 ipuin biltzen zituen Abarrak alegia (Abando, 1918). Hil ondoren Bigarrengo abarrak agertu ziren (Zornotza-Amorebieta, 1930), aurretik Euzkadi-n ateratako 46 ipuinekin. Bustintzaren lan zabala jasotzeko bi saio hauek segida luzea izan dute, guztietan berrargitarapenak: Abarrak, ipuiak eta kondairak (Donostia, 1956), Euskaltzaindiak karrikaratu bost ipuin gipuzkeraz eta bizkaieraz; Abarrak (Bilbo, 1966), Santi Onaindiak apailatu bi abarren eta beste testu zenbaiten bildumarik osotuena; Bigarrengo abarrak (Bilbo, 1980), Santi Onaindiak ere apailatuta; Abarrak (Bilbao, 1986), Klasikoak sailean Itziar Lakak atondurikoa; Bigarrengo abarrak (Donostia, 1991) Klasikoak sailean ere Ainhoa Beola eta Inma Muñoa bikoteak prestaturik; eta azkenik Abarrak (Donostia, 1995), Iñaki Urdanibiak apailatu Egin Biblioteka bilduman.

        Edizio guzti hauek gora behera, alta, Bustintzaren lan ugari geratzen dira jasotzeke hor zehar barreiaturik aipatu argitalpenetan eta baita beste batzuetan ere, esaterako Euzko Deya-n, Amayur-en, edota Hermes-en. Artikulugile eta ipuingile izateaz gainera olerkari aparta genuen. 1901eko abuztuaren 26an Bilbon ospatu ziren Lore Jokoetan lehen saria irabazi zuen, epaimahaiburua Unamuno zelarik, Fides lanarekin. Halaber, bera izan zen 1909an Lourdeserako eginiko erromerian abestu beharreko kantuak idatzi eta argitara eman zituena. Antzerkia ere landu egin zuen, eta 1914ean Anton Berakatz bakarrizketa estreinatu zuen Bilbon. Itzultzaile moduan ere ederki arizan zen eta Alfredo Etxaberen Lelo euskaratu eta Jose Elizondoren Txomin Arraio eta Avelino Barriolaren Meza berria bizkaieraz jarri zituen.

 

Bilaketa