literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Agustin Kardaberaz, euskal idazlea

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-10-13

 

        Agustin Kardaberaz euskal idazle eta josulagun hernaniarra Italian santurrinean hil zeneko 230 urteurrena egunotan betetzen da; urte guzti hauetan aunitz izan dira Kardaberazen santutasunean sinismen fermua izan dutenak, donetzearen unerako beharreko neurriak hartuz; guztiarekin ere, kanonizazioaren ordua ez da iritsi, oraino bederen.

        Santuak modan bide dira hartzara, gorantza legokeen burtsako balio berria bailitzan, eta Erromako eliza katoliko apostolikoaren nagusia jo ta su ari da azken boladan santu berriak izendatzen, orain artekoak gutxi bailituan. Ez gara gu inor Joan Paulo II.ak doneturiko guztiak ongi ala gaizki aukeratuta dauden esateko, horretan ez baikara iaioak, eta gurea ez den beste etxeko kontuak baitira horiek. Alta, eta honakoxea baldin bada geroantzean nagusituko den joera, hemendik gutxira santutuen zerrendetan euskal literaturaren izar distirantak diren zenbait izen aisa erants litezke, hil orenean santurrina baitzerien, eta huraxe baliagarria baldin bada beren euskal lanak inoiz baino ozenago plazara ateratzeko, geure poza ez dugu inolaz ere ezkutatuko. Santugai diren euskal idazle horietako bat, dudarik gabe, Agustin Kardaberaz hernaniarra dugu.

        Euskal literaturan arras ezaguna gertatzen den Agustin Kardaberaz Elgorriaga 1770eko urriaren 18an zendu zen Bolonia aldeko Castel San Giovanni herrixkan, orduko agirien arabera obiit cum fama sanctitatis. Italiara 1767ko errege dekretuak eraman zuen. Josulagundiaren kanporaketei hasiera eman ziena Pombaleko markisa izan zen, 1759ko irailean Portugalgo josulagun guztiak erbesteratzea agindu zuenean. Frantziako Luis XIV.ak ere, oso gogokoa ez zuen neurria izan arren, ber gauza xedatu zuen 1764ean —beste motatako arrazoiak tartean bazeudela, hain zuzen ere, erregearen maitalea zen Pompadourreko markisa zeharo haserrea baitzegoen erregearen aitorlea zen Perusseau josulagunak jaunartzea ukatzen ziolako—. Espainian lagundia ezabatzen zuen errege dekretua 1767ko otsailaren 27an sinatu zuen Karlos III.ak El Pardon. Urte berean ere Napolin eta Parman onartu zen erabaki bera Karlos III.ak bere semeari hala eskatu ostean.

        Hil ostean Bolonian bertan lurperatu zuten Kardaberaz aita, San Giovanniko beste apaizen hobian. Alabaina, Jose Kardaberaz ilobak horixe gutxi zela iritzirik, eliz berean zegoen Xabierreko San Frantziskoren omenezko aldarearen ondo-ondoan berri eraikitako hilobian sartu zituen osabaren gorpuzkinak 1794ean. Kardaberaz jaio zeneko 200 mendeurrenean, 1903an beraz, Italian pake ederrean zeutzan josulagunaren ondarrak ekartzeko tramiteak hasi ziren egiten Hernaniko udala eta Loiolako etxea, harik eta 1908an beharreko baimen guziak erdietsirik, santugaiaren hondakinak Loiolako santutegira maiatzaren bian eraman zituzten arte; Hernaniko hiriak, halaz guztiz, etorkizun batean hiriko semea santutuko zutelako segurtamen osoan, eskuineko besoa beretzat hartu zuen, egun, oraingoz bederen, balio historikoa baizik ez duen besoa izanik.

        Ordenkideak Kardaberazen santutasunean zeharo sinetsirik, bere biografia aspaldian dute idatzirik, baita argitaratuta ere. Kardaberazekin berarekin Italiako erbestean zegoen Julian Fonseca josulagunak idatzi zuen lehenbiziko aldiz, Frantzisko Xabier Idiakez probintzia buruak horrela eskatuta, Compendio de la vida del P. Agustín Cardaberaz, alabaina berandu arte ez zen karrikaratu, Madrilgo Tejado etxean 1862an inprimatu baitzen. Lan honetatik euskarazko aldaera zertxobait aldatuxea atera zen zenbait urte beranduxeago, Aita Agustin Cardaberaz jaincoaren serbitzari andiaren berri laburrac apaiz batec eusqueraz jarriac, Durangoko Florentino Elosuaren etxean 1908an egina. Ez dakigu, ordea, zein apaizak jarri zuen euskaraz. Bigarren biografia Gaspar González Pintado josulagunak tajutu zuen. Ardores de un serafín: el p. Agustín de Cardaberaz izenburu bereziarenpean dagoen bi liburukitako idazki zabala dugu, Madrilen 1924ean agertu zena; honen bigarren aldaera Vida del padre Agustín de Cardaberaz, apostol del Corazón de Jesús izan zen, 650 orrialdeko liburutzarra, Donostian 1947an atera zena.

        Agustin Kardaberaz Elgorriaga Hernanin jaio zen 1703ko abenduaren 28an. Donostiako idazkaria eta artxibazaina izan zen bere aitak Valladolidera igorri zuen Agustin hango unibertsitatean legeak ikas zitzan; aitari mus emanik, hantxe bertan Josulagundiak zuen etxean sartu zen. Orduko josulagungaiek ohi zuten bidea korriturik, Camposko Villagarcian, Iruñean eta Valladoliden ikasi zuen. Behin apeztuz gero Bilbon, Iruñean, Azkoitin, Oñatin eta Loiolan jardun zuen irakasle, gogokoen zuen lana misiogintzarena bazen ere, zeregin hartan Euskal Herri gehienean arizan zelarik, bere biografoek zioten bezala: «Erriz erri predicatze asi zanetik, jendetza talde andiac jarraitzen zioten eta elizetan cabitu eciñic, zelai edo plaza zabaletan bere itzaldiac eguin bear izaten zituan».

 

Bilaketa