literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.111 idazlan
7.824 esteka / 6.304 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Txomin Jaka-Kortajarena: olerkari eta itzultzailea

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-9-22

 

        Txomin Jaka-Kortajarena apaiz berastegiarra 36ko gerra aurretiko olerkari haundien artean egoteaz aparte, itzultzaile fina izan zen Argentinako erbestean, itzuli zuen lanik inportanteena Hernándezen Matxin Burdin izan zelarik

        Txomin Jaka-Kortajarena 1906ko abenduaren 19an jaio zen Berastegin. Andoaingo eta Gasteizko apaizgaitegietan ikasi ostean 1932an apaiztu zuen Mateo Mujika gotzaiak. Bere lehenbiziko apaiz lanak Nafarreten burutu zituen, urtebetea egin aitzin Aiala aldeko Salmanton ber lanen jardunean segitzeko. Gerra aurretiko urteetan eman zuen ezagutzera Jaka-Kortajarenak bere burua euskal poeta, Euskaltzalekoek eta eratu Olerki egunetan aurkeztu poesia ugariren bitartez bereziki, egun Eusko Olerkiak liburu segidak interesatu dagoenari aski ongi eskeintzen dizkiona: «Aingerutxoa», «Amandrearen ollo-aldra», «Ametsak», «Burgos aldeko eizak», «Gure astoak», «Len euzkotarra gaia», «Maite eziña», «Mitxeleta»... Bere lehenbiziko lanak, ordea, Gymnasium eta Argia aldizkarietan ageri ziren gutxiz gehien: «Moro katuari» (1929), «Eiztariaren abestia» (1930), «Erromako aita» (1930), «Nere ametsetako etxea» (1930)... Hauetariko zenbait, bestalde, aipatu tokietan ezezik baita Yakintza aldizkarian ere 1930-1935 bitartean agertu ziren. Azkenik, olerki saldo eder honekin bilduma osatu zuen, Irri bertsoak, Donostian 1935ean karrikaratu zena.

        Herri kutsuko lanak dira berastegiar honen olerkiak, bertsolaritzaren teknikarekin osatuak hein haundi batean bederen. Onaindiaren ustez Jakakortajarenari «poema txikiak, epiku-saillekoak zaizkio atsegiñen». Aitzolek ez zeritzon makurrago, eta bere usai herrikoia nabarmendu zigun oroz gain: «Erri-erraietatik dagerkigun olerkaria degu, jende xeeak darabilzkin gaiak bere olerki gunatzat aukera, errri erara asma eta erritarrei dagozkioten bezela tajutzen dizkiguna». Gazi gozoak zein Uztaro liburu ederren egilea zen Errezilgo Tomas Agirre olerkari garaikideak ere ez zion muzin egin Jaka-Kortajarenaren olerkiak, beste euskal olerkarienekin ere, sakonki iruzkintzeari; Aitzolekin batera, herrikoitasunean ezarri zuen Jakaren indarrik gehien: «Gai irrigarriak aukeratzen ditu, irri-eztenka erabilli ere. Erriaren biotza iñork jotzekotan, onexek bai. Ateraldi zorrotzak bururatzen zaizkio. Gure erriari oso atsegingarri zaio olerki era au. Arin, zailu, zulaka dijoazka neurtitzak, bata bestearen atzetik lekatuz gogaiak. Amaierako ateraldiak irri-karkara askatu digu maiz. Errez-itxura izan arren, ez da gainberakoa olerki era au. Barruti onetan ain trebeki jokatzen dana ezta makala izango besteetan ere».

        36ko gerra ankerratik ihesean Argentinara egin zuen eskapi gure poetak. Hantxe apaiz lanekin segitu zuen, Araban bezala, Monez Cazón izeneko hirian, eta modu berean, literatura ez zuen largatu. Galdutako euskal bizitzak lehen baino sakonkiago kitzikaturik, Euzko Gogoa zein Boletín Americano de Estudios Vascos argitalpenetan eman zion jarraipena bere ekoizpen poetikoari, zenbaitetan hitz neurtuko lerroekin batera hauek are hobekiro ulertzeko azalpenak eskeintzen zituela: «Aberri maite-maitea utzirik», «Ameriketarrai», «Eleberria», «Goiko jaunaren arnas sutua», «Loidiren eskutitzari erantzuna», «Markiegiren oroimenez»,... Francoren diktadura zertxobait laxoturik, berriz ere Euskal Herriko zenbait argitalpenetan hasi zen argitaratzen, esate baterako, Goiz-Argi edota Karmel argitalpenetan. Urteekin, geroz eta euskara garbiaren defendatzaile sutsuago bilakatu zen, diogun honen adibidea Euskarazaintzakoen paperean 1988an argitara eman zituen hainbat olerki: «Aspaldikorik neutsun», «Sorgin-laia», «Txurruka lez aapaldiak»...

        Edozein modutan ere, Jakakortajarena ez zen izan euskal olerkaria bakarrik, eta euskararen alorrean beste lan eder bat burutu zuen eiki, itzultzailearena hain zuzen ere. Argentinan zegoela José Hernández hango olerkariaren Martin Fierro lan eder bezain konplikatua ezagutu, irakurri, gozatu eta baita euskaratu ere egin zuen osoki. Matxin Burdin 1193 ahapaldiko gautxo-poema Buenos Airesko Ekinekoek eman zuten argitara, Ataungo Bonifazio kaputxinoaren hitzaurre batekin. Honetan ataundarrak ez zigun ziria sartu «Alik obekiena euskaraturik ere, Matxin Burdin ez da iñoiz Martin Fierro berbera izango» esaten digunean, izan ere, arras lan zaildua eta konplexua baita Hernandezek egin zuena, Panpako gautxoen hizkuntza berezian egina baita, arras testu zaildua gaztelerazko irakurlerik trebatuenarendako ere. Alta, Berastegikoaren lana ez da filusea. José Hernández bera euskaldunekin hartu eman urriak izan bide zituen bere bizitzan, eta nonbait ere, euskara apurrak bazekizkien. Txomin Jaka-Kortajarenaren aita Argentinan ibilitakoa zen behar-lanetan, eta semeak, hara joan zenerako, Argentinaren berri maratza bazuen eduki. Itzulketa, gainera, nahikoa berandu agertu zen, 1972an hain zuzen ere, ordurako Berastegiko apeza beste argentinar peto-peto bat zatekeelarik. Hernéndezen liburua itzuli izana, bestalde, ez zen erabaki hutsala izan, eta lehenbiziko argitalpenaren mendeurrenaren aitzakiz jelki zen Ekinen eskutik ere.

        Matxin Burdin bere itzulpenik hoberena bada ere, esan behar da Jaka-Kortajarenak itzulpen lan gehiago egin zituela honen aitzinetik. Iberoko Ebangelistaren Ami vasco katetxima jeltzalearen euskarazko testua 1958an atera zuen, eta zenbait urte beranduago, 1963an espreski, Enrique García Vellosoren Gernikako Arbola. Hauez gainera euskara-erdera hiztegi bat ondu zuen. Argentinatik bueltan, adinean sartuta eta sorterrian behin-betikoz kokaturik, Erlezaintza izenburuko saioa eman zuen argitara 1988an, 2000 orrialde baino gehiagoko liburutzarra, Kardaberaz Bazkunakoek atera ziotena. Txomin Jaka-Kortajarena 1993an hil zen, eta azken egun arteraino izan zitzaigun euskal idazle, ekintzak lekuko: hil urran zegoela, 90eko hamarkadaren hasieran hortaz, Bizitzan bi goiasmo liburu autobiografikoa eta Rh ezezkorra euskaldunetan ikerketa eman zituen argitara.

 

Bilaketa