literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Hiru zientzia gizon

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-8-18

 

        Ikastolen hasieretan testu liburuen urritasuna arazo larria genuen, baina arazo hau are larriagotzen zen zientzien inguruko arloak jorratzen zituzten liburuekin; hona hemen afera honi irtenbidea ematen ahalegindu ziren hiru euskal idazleren berri laburra

 

        Jauregi

        Luziano Jauregi Uribarren Aramaioko Etxaguenen jaio zen 1895eko maiatzaren 27an. Karmeldarra Larrean sartu zen 1913an Gabriel izen berria hartuz, euskal letretan ezagunagoa gertatu dena bestalde. Lehenbiziko meza Gasteizen eman zuen 1922an, eta handik atera gabe, 1936ra arte fisika eta kimikako irakasle jardun zuen. Gerratearen ondoan Larrean geratu zen, eta hantxe hil zen oraino gazte zela 1945eko otsailaren 2an. Karmeldarra izanik, Karmengo Argia aldizkarian hasi zen idazten 1931az geroz, G. Aramaio ezizenez agertzen zen «Izarren goraberak» saila. Edozein modutan ere, Gabriel Jauregiren lanik ezagunenak Pisia eta Kimia ditugu. Lehenbizikoa Bermeoko Gaubekan atera zen 1935ean, 300 orrialdeko liburutzarra, argazki eta marrazki ugariz horniturik, bi atal nagusitan zegoen banaturik, gorputzen mekanika eta kulunkaen mekanika alegia. Bigarrena hurrengo urtean atera zen toki berean, zertxobait arinagoa zen tamaina aldetik bederik ere, ez ordea mamiaren aldetik, liburu hau hiru ataletan banandurik dagoela: «lelengoan kimi-yazokune guztien zuster ta oñarriak dakarz, ta guztien kimia deritxo; bigarrenean gorputz ekar edo bakar eta alkartuen kimi-yazokunek aztertzen dauz, ta metal-kimia deritxo; irugarrenean ikazgaia sartzen dan gorputz guztiak darabiltz, ta arlo oneri ikazgai-kimia deritxo». Oraino beste liburu bat utzi zigun Jauregi irakasleak argitara ateratzeko prest, Jakindia izenburukoa hain zuzen ere, natur zientzien ingurukoa zena, alabaina, 36ko gerratea zela bide, egun galdurik dago honen eskuizkribua.

 

        Larrañaga

        Gilermo Larrañaga Azpiazu josulaguna Azkoitian jaio zen 1905eko apirilaren 10ean. Loiola, Oña eta Marneffen ikasi ostean, Caracas, Indautxu, Las Palmas eta Tuteran ibili zen zientzietako irakasle, azken hiri honetan 1978an zendu zitzaigularik. Bere lehenbiziko euskal lanak Caracasen zegoela hasi zen argitara ematen Azkoiti gaitzizenez, Montevideon Zaitegik zuzentzen zuen Euzko Gogoa aldizkari sonatuan. Alde batetik euskarara eginiko itzulpenak agertarazi zituen, «Milla ta bat gauetako ipuiak» (1956-1958) edota «Izkuntza ta abenda, Arthur Kanpionena euskeraz» (1959), eta bestaldetik jatorrizko testuak ere eman zituen argitara, hala nola, «Venezuelako matxinadak XVIII gizaldian» (1956), «Antxieta'tar Jose Brasileko mixiolaria» (1957), «Juan de Lakosa» (1958) edota «Futbola» (1959).

        Guztiarekin ere Larrañagaren lanik sendoenak zientzien inguruan tajutu zituenak izan ziren. Tuteran zegoela, 1975ean hain zuzen ere, Landare jakintza: botanika izenburuko lana eman zioten argitara Gasteizen Kardaberaz Bazkunakoek haien bildumaren zortzigarren zenbakiarekin. Ez zen orduan idatziriko lana ordea, bada bost urte lehentxeago, 1970ean beraz, mila dolarreko «Andima saria» eman baitzion Caracasko Euskeraren Lagunen Alkartasunak lan honengatik. Botanika ezezik zientzien inguruko beste gai asko ere xehatu zizkigun azkoitiar honek, Ludi jakintza, Kristal jakintza, edota Mineral jakintza, oraindik ere Euskaltzaindiaren artxiboan argitaragabe gorderik dirautenak.

 

        Egia

        Luis Egia Errezola Tolosan jaio zen 1917ko abenduaren 27an. Apez sekularra, teolojia Saturraran, Logroño eta Gasteizen egin zuen meza berria Tolosan bertan 1943an eman zuelarik. Apez ibilbideari Bizkaiko Montellanon eman zion hasiera, ondoren Zumarragara joateko, alabaina, 1947an Euskal Herritik ateraz, Sevillan, Ekuadorren, Kolonbia, Panama, El Salvador, Peru eta Argentinan ibili zen harik eta 1969an apez laguntzaile moduan Tolosara itzuli zen arte, non 1984eko abenduaren 26an zendu zen. Lan ugariren egilea, bere liburu gehienak eliz gaien edo zientzien ingurukoak ditugu. Argitara eman zuen lehenbiziko liburua Oraingo aste santua izan zen (Arantzazu, 1957), bi edizio izan zituena. Nolanahi ere, guri interesatzen zaizkigun lanak matematiken inguruan tajutu zituenak dira. Neurriztia izenburukoa Kardaberaz Bilduman atera zen 1972an Gasteizen, Caracasko Andima Ibiñagabeitia saria aurreko urtean jaso ostean. Lan honen bigarren aldaera idatzi zuen geroago, haurrentzako moldatua, Neurrizti txikia izenburukoa, eta haurrentzako ere Ume txikientzako soinketa eman zuen argitara 1972an Kardaberaz Bildumaren barruan ere. Aljebra izenburuko liburuarekin Andima Ibiñagabeitia saria erdietsi zuen bigarrenez 1974ean.

 

Bilaketa