literaturaren zubitegia

1.073 idazle / 5.164 idazlan
7.841 esteka / 6.390 kritika / 1.828 aipamen / 5.572 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Alexander Tapia Perurena osatzen

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-8-11

 

        Iazkoan Tapia Perurena olerkari iruindarraren olerkien edizioa atera genuen jaio zeneko mendeurrena zela hala edo nola profitatuz; gaurkoan ere, Tapiaren jaioteguna dela aitzaki harturik, liburuan eman gabe utzitako zenbait ekarriko ditugu osagarri

        Anartean «Alexander Tapia Perurena (1899-1957), euskal olerkaria» izkribua daraman karrikarik ez du Iruñak, eta horretarako aukerarik egokiena iazkoan igaro zitzaionez, jakinaren gainean egonda ere, oraino luze baino luzeago joko duela aisa atzeman daiteke tamalez. Hainbat gaizto guretako segurki ere! Edozein modutan ere, eta gaurko egunean, abuztuak 11, gure Alexander haundia bizirik balitz 101 urte beteko zituzkeela aprobetxatuz, joan den urteko liburua osatzeko zenbait berri emanen dugu, izan ere, jakin baitakigu, Iruñeko euskaltzale aunitzendako sekulako aurkikuntza izan zela Alexander Tapia Perurenaren berri edukitzea, baita zein tamainako olerkari haundia izan zela bere olerkietan beretan dastatu ahal izatea.

        Arras gutxi dira iaztik hona Alexander Tapiaz jaso ditugun berri pertsonalak, gutxiegi zoritxarrez, bere alabarekin izan dugun harreman atsegina bada ere. Bestelakoa izan da, ordea, bere lanen inguruan iritsi zaigun informazioa, hasteko izen beretik, bada, Tapiaren lehenbiziko olerkiak Iruña´tar Alexander gaitzizenarekin ageri baitziren. Gure iazko liburua laisterregi atera zen, orduko baldintzek behartuta neurri batean, eta bertan 22 olerki baizik ez ziren jaso. Ordudanik artxiboetan eta eginiko miaketetan beste hogeitamar bat olerki-lan gehiago topatzeko aukera izan dugu, hots, lehenbizikoa bezalako beste liburu bat egiteko adina hain zuzen ere.

        Geure iazko edizioan eskeintzen genuen Tapiaren lehenbiziko olerkia 1925eko «Zoruna» da. Alabaina, Alexander Tapiaren lehenbiziko idazkia 1921erako agertu zen gutxienez, «Amatxo», Bilboko Euzkadi egunerokoan hain zuzen ere. Honek, gainera, Tapiaren aukera politikoaz nahikoa argi ematen digu, bada, bere poemak aterbetu zituzten argitalpenei erreparatzen badiogu ez da zalantzarik geratzen Tapiak 36ko gerra aurretik behinik-behin defendatu zuen jarrera jeltzaleaz.

        Aipatu 1925eko «Zoruna» Euskal Esnalea-n argitara eman zuen arte gure Tapia Perurenak hogei olerki baino gehiago bazituen jada karrikan han hemenka: 1921ean «Amatxo», «Orbange Miren neskutzari», «Txori gaxua!» eta «Oñazez» agertu zituen Euzkadi-n; 1922an «Amayur», «Aralarko gallurran», «Bai noa beitira», «Eskaña», «Sabini», «Usotxu bakuna» eta «Emadan iria» agertu ziren Euzkadi-n, eta «Agur Kaiku», «Antzikur ausia», «Ene, ene», «Jauzi ederra» eta «Zu zara» Kaiku-n; 1923an «Arrats apalean», «Bera mugak», «Gizonaren biotza» eta «Lili garbiak» argitaratu zituen Euzkadi-k, eta 1924ean «Itxedondako artzaia», «Usotxua» eta «Geldi arren!» Donostiako Argia-k.

        Gerra aitzineko urteetan Iruñeko jeltzaleek kudeatzen zuten Amayur astekarian atera zituen Tapiak bere olerki lanik gehien: «Anaitasuna», «Orain da ordua», Usotxu urdin», «Noiz ote», edota «Kanpion irakasleari aren sortegunean» eskeinitako «Aunitz urtez». Honetan ere, erderaz tajuturiko zenbait olerki zein hitz lauko hainbat kolaborazio agertu zituen Tapiak, hauen artean interesgarrienetakoa «Zor bat ordaintzen» izenburupean Euzkadi-ko euskarazko orrialdearen arduraduna izandako Kirikiño zenduari emaniko esker ona, non gure Tapiak, tapakirik gabe, bere burua idazletzat agertzen baitzigun: «Kirikiño begikoa! Kirikiño biotzekoa! Kirikiño aztugaitza! Zurekin zor bat daukat aspaldi. Ta aspaldi zor ori ordaindu gogo bizi-bizian nagokizu. Zein ona izan ziñan beti neretzat! Aita bezenbat maite zindudan. Eta ez da arritzekoa, euskel idazle banaiz, bearrik zu, Kirikiño maitea! Lenengo aldiz euskeraz idazten oraindik ezereza nintzala, lan apal-apal bat igorri nizuenean Euzkadi-n argitaldu zenezan bereala txaloka asi zintzaidan, ta ordudanik, nolako abegi ona egiten zenien nere idazkai guziei!».

 

Bilaketa