literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Urkizaren azken liburuaz

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 2000-8-4

 

        Julen Urkiza karmeldar ondarrutarrak azken bi mendeotako bertso eta olerki argitaratuen bibliografia oparoa eman berri du karrikara liburu mardul baina erabilgarri asko batean

        Lehen eta behin, honako liburua definitzen duen adjetiborik zehatzena esan behar badugu huraxe, zalantzarik gabe, aberatsa litzateke, izan ere, luxozko lan baten aurrean baikaude, berri iturri emankorra, zabala oso eta neurri batean, tamalez ordea, oraino haundiegia datorkiguna. Bego berriz, bada, Urkizak egindako lana tresna baita, eta tresnak behar direnean erabiltzeko baizik ez baitira. Egia esan, euskal bibliografiaren munduan beharrezkoa egiten zen Urkizak burutu duen lana bezalakorik, nahiz eta Jon Bilbaoren Eusko Bibliographia saila luzanga badugun. Alabaina, ez da dudarik liburu moduan agertu ez diren hainbat eta hainbat euskal bertso eta olerki hor hemenka sakabanaturik geneukala ahantzirik, eta lehenbizi hauen berri eduki eta segituan ikertzeko Urkizaren liburua ezin utzizko bihurtu da argitara orduko.

        Urkizak burutu duen lana zinez harrigarria da. Pasa den urtean atera duen liburu hau orain arte tajutu duen lan orohartzaile bakarra ez baita. Duela urte gutxi euskal elizaren bibliografia eta historia eman zuen argitara, egun humanitateen inguruan gaia Euskal Herrian kokatzen duen edozein ikerketarako erabilgarri suertatzen den liburua. Gezurra dirudi nola hain denbora laburrean horren bi liburu oparoak idatzi ahal izan dituen.

        Aldizkari eta egunkarietako euskal bertso eta olerkien bibliografia liburua ontzeko Euskal Herri osoko 450etik gora argitarapenen orrialdeak hostokatu ditu Urkizak arreta haundiz. Egia esan, gehiago izan dira ikuskatu zituenak, alabaina, hauen izenburuek ziotenaren kontrara, hainbatetan ez zuen euskal bertsorik topatu, eta hortaz, liburuan ez da hauen aipamenik ematen. Bestalde, badira salbuespen azalgarriak, esaterako, El Diario Vasco egunkariko euskal bertsoak ez ditu jaso gehienak Basarrirenak baitira, eta Basarriren bertsook jada karrikara atera ziren Antonio Zavalaren Auspoa bilduman 1992an Nere bordatxotik izenburupean.

        Ez dira guztiak loreak izanen, aldiz. Bibliografia hau internet-en egonen da, jada ez badago behinik-behin, eta ziur gaude liburuak dituen hutsune txiki batzuk aipatzeak Urkizaren lana ez duela ezertan lurrinduko. Badira argitalpen batzuk bibliografian Urkizak aipatzen ez dituenak eta euskal bertsoak dituztenak. Ohi bezala, hauek Nafarroakoak dira. Jasotzen ditu Urkizak Nafarroako EAJ-k Iruñean 1984-1986 bitartean atera zuen Amaiur aldizkarian atera ziren bertsoak. Ez dizkigu jasotzen, ordea, Nafarroako EAJ-k Iruñean ere 36ko gerra aurretiko urteetan atera Amayur aldizkarian agerturiko bertso mordoa. Hori dela eta Gurbindo, Alexander Tapia, Irular, Oianondo, eta bestek atera olerki abondo ez dira bibliografian agertzen. Berdin gertazen da El Pensamiento Navarro edota Diario de Navarra egunkariek gerra aurretik zein ondotik ateratako euskarazko sailekin, eta hortaz, Agerre, Lindatxikia, Lepazar eta bestek eginiko bertsoen berri galerazten zaigu. Bestalde, badira nahaste erzo batzuk zenbait izenekin. Adibide bat aipatzearren, hortxe dugu Alexander Tapia Perurena alde batetik eta Iruña'tar Alexander bestetik, bi olerkari ezberdin bailiran, pertsona bera denean. Edozein modutan ere, jakin badakigu zenbat arazo suertatzen dira gerra aurretiko euskal idazle gehienek erabilitako goitizenak bakoitza zeini dagokion asmatzeko, askotan idazle bakar batek ezizen bat baino gehiago erabiltzeko ohitura zuelako —esate baterako Agerreren Gurbindo, Zirt zein Jurgi edota Aingeru Irigarairen Apat Etxebarne zein Irular—, eta beste askotan, goitizena hain baitzelako ilun ezen tamalez huraxe baizik ez zaigun iritsi —esaterako Lepazar, Lindatxikia edota Oianondo—.

        Aipatu kontu txiki hauek, gorago esan bezala, ez dute ezertan goibeltzen karmeldarrak eginiko lan erraldoia. Zerbait itxusia eta salagarria aipatu beharko balitz liburu honen kontura, berriz, horixe da liburua karrikaratzeko egon diren arazo ugari. Azkenean atera da kalera, gu guztion zorionerako, alabaina, bertso bibliografia hau liburudendetan egon ahal izateko sosak paratu dituzten erakundeen artean hutsune deitoragarriak ikusi egiten dira. Denok dakigunak, honako lan funtsezko eta bikain batekin zotukatzeko prest ez badaude, gauza filuseagorekin nolatan lagunduko digute ez eta diruz ere? Eta oraino holakatzen direnak badira..., zertan harritu baina?

 

Bilaketa