literaturaren zubitegia

1.071 idazle / 5.159 idazlan
7.840 esteka / 6.384 kritika / 1.828 aipamen / 5.571 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

 

Meagher aitaren euskal bertsoak

 

Joxemiel Bidador

 

Euskaldunon Egunkaria, 1995-6-9

 

        Benetan aunitzak izan dira euskaldunen eitea deskribatzeko ediren daitezkeen aipamenak edota deskribapen bitxi zein idurimen sukarrezkoak baina historia ofizialarat oso osorik pastu direnak. Oroit bedi bestenaz eta eredu gisa besterik ez Aimery Picaud beilari frantsak XII. mendean ondu Codex Calixtinus gidan zekarrena: «Si illos comedere videre canibus edentibus vel porcis eos computares». Alabainan ene idurikoz zerbait bada euskaldunen azalgarri zurrut egiteko gustu mina litzateke, eta Voltairek dantza zela eta Euskal Herriaz esan zuenari jarraikiz, aisa esan genezake euskaldunak Pirinio bortuetako hegietan edaten duen herria dela, bai ondikotz! Halere bada horrelako ospe bereganaturik duen herriren bat edo beste, esaterako herri zeltak, eta hekien artean irlandarrak. Beraz zer gerta liteke bilbe biak pertsona berean batzekotan? Eta lortu horri apez izatea gehitzen badiogu? Alta hori bada gaurkoan plazaratzen duguna, Domingo Patrizio Meagher lagundiko aita alegia.

        Patrizio —nolatan ez— Meagher izeneko merkatari irlandarra Donostian ezarri zuen bere egoitza XVII. menden. Horrelakorik arruntak izan ohi ziren gure historian zehar. Ezin da ahantzi Europako kontrarreformaren gune garrantzitsuenen artean España eta Irlanda zeudela, kristau katoliko sutsuak. Eireko historia galtzaileen historia dugu, euskaldunena legez. Betiere alde okerrean egon dira, Enrike VIII, Estuardo edo Jakobo erregeen alde Cromwell edo Orangeen aitzi zeharo garaituak izateko. Ez hortan soilik euskaldunen mirail ditugu irustaren semealabak. Garai batean euskara eta gaelikoa etorki berekoak zirelako ustean zeuden ikerlari bat baino haboro, eta kasuren batetan irlandar izaera erakustea nahikoa zela euskaldunak bezala aitonen seme izateko aldarrikapenak egon baziren.

        Jose Manterola Beldarrainek 1878. urtean Donostiako Juan Osesen moldiztegian argira ematen duen bere Cancionero vasco: poesías en lengua euskara reunidas en collección, ordenadas en series, y acompañadas de traducciones castellanas, juicios críticos, noticias bibliográficas de los diversos autores y observaciones filológicas y grammaticales izenburu luze xamarreko idazkiaren hirugarren liburukiaren lehenbiziko sailan, hau da, poesías festivas y satíricas deuturikoan, gure lagundiko apezaren berri ematen digu hagitz naroki ez izan ere. Bertan 1870. urtean Tolosan eta Modesto Gorosabel etxean egile izenik gabe agerturiko Vida de algunos preclaros varones guipuzcoanos de la compañia de Jesús lan adimentsutik datuak xurgatu izana onartzen du Donostiako bibliotekariak.

        Domingo Meagher Donostian sortu zen 1703. urteko epailaren 17an, eta hamalau urte zituela bere anaia zen Danielekin Jesusen Lagundian sartu zen, urriaren 14an hain zuzen ere. 1736. urtean Donostian bertan profesioa egin zuen, Filosofia katedratikoa izan zen Konpostelako Donejakuen eta Teologiazko irakasle Valladoliden eta Salamancan aritu zen. Lan ugari izkiriatu omen zituen, hala nola, Valladoliden egin zen San Luis Gonzaga eta San Estanislao Kotskakoaren kanonizaziorako olerkiak, Isla aitak ondu Frai Gerundio Campazaskoari buruzko olerki satirikoak, 1760 eta 1761. urteetan Frantzian lagundikoen aurka agertu ziren liburuei iruzkinak, baina paper ugari galdutzat jo beharko da Lagundikoen kanporaketaren ondorioz. Hauxe gauzatu zenean, 1767. urtean, Florenziarako bideari eutsi zion, bertan 1772. urtean hil zelarik.

        Euskaraz poliki zekien, eta 1902. urteko Euskalerria aldizkariaren bigarren zenbakian irakur daitekeen artikuluxka batetan agertzen den bezala Donostiako etxeko lekaide guziak Italiara joateko itxasontziaren zai zeudelarik, atsekabeak jota, malko negar bizi batetan itota, gure Txomin na h-éireannek gurutzea eskutan harturik, hain prediku ederra egin zien euskaraz, ezen isilune artega astunak hor zeuden pertsonak oro garaitu zituen.

        Ez da ezaguna xahutu idazkien artean euskal idazkirik ote zirenentz, ezta egotekotan horren gai zehatzik, eta egun dugun aztarna bakarra Manterolak jaso bertsoak ditugu. Hauxek biziki eri zegoelarik izkiriatu omen zituen, sendagileak nonbait bere gaitza arintzeko aitzakiaz eman zion osagarriri esker onez. Izan ere ardoaren gorazarre eta laudorioz sorturiko bi olerkiaz baitira. Bata zortziko txiki eder bat gizona berpizteko ardoaren poterea lausengarri:

 

                «Gizon bat ardo gabe

                Dago erdi hila

                Marmar dabiltzak tripak

                Ardoaren bila

                Baina edan ezkero

                Ardoa txit ongi

                Gizonik txatarrenak

                Balio ditu bi».

 

        Bestea hamar ahapaldiko ardoaren omenezko gorespen irmoa:

 

                «Ni naiz txit gauza gozoa

                Eta pozkida osoa

                Beltza naiz eta zuria

                Iluna eta argia

                Indarra det eta garboa

                Eta izena det ardoa».

 

                «Edari maitagarria

                Tristearen alegria

                Dezu alaitzen begia

                Kentzen melankolia

                Mutuba ipintzen kantarai

                Eta errena dantzari».

 

                «Jateko ez badago gogorik

                Eta ezin egin lorik

                Eritasun oben

                Edo beste edozeñen

                Kuratzeko balsamoa

                Da mahats onaren zumoa».

 

                «Ardoa eranik neurriz

                Behin hila pizten du berriz

                Baina bada hasitzen

                Belaunak limuritzen

                Ez da gauza onik orduan».

                Eta irakiten buruban

 

Bilaketa